“Arerioaren aurka ezin baduzu, berarekin bat egin”. Txinako Sun Tzuren aintzinako estratega militarrak Gerraren artea gidaliburuan bildutako esaerari men egitea erabaki omen du Cepsa petrolio konpainiak. Eraldaketa sakona izan du gasolindegien sektoreak azken hamarkadan, eta apustu estrategikoa egin du Cepsak, low cost segmentuaren lehian parte hartzeko.
Espainiar estatuko bigarren petrolio konpainiarik handiena da, merkatuko % 12ko kuotarekin. 2022a urte oparoa izan zen haren negozioarentzat, emaitza historikoak lortuz: 1.100 milioi euro irabazi zituen, aurreko urtean baino % 66 gehiago, eta 201an baino % 34 gehiago.
Emaitza onak, hala ere, ez du merkatuaren aldaketen aurreko kezka apaldu. Eraldaketa sakonean dagoen sektorea da gasolindegiena. Kontsumo azturak nabarmen aldatu dira azken hamarkadan, eta eraldaketa hori gero eta agerikoagoa izan da. Low cost kontzpetuak kontsumitzaileen portaerak astindu ditu prezio baxuko eskaintzen bitartez, eta gasolindengiak ez dira joera horretatik at gelditu.
Testuinguru honetan ulertu behar da Cepsaren apustua, gasolindegi bakoitzeko milioi bat euro ordainduta. Hazkunde fasean murgilduta dago Ballenoil. Egun 230 gasolindegi ditu estatu espainiarrean, eta 2026rako 300 izatea espero dute. Hego Euskal Herrian Araban eta Bizkaian baino ez dute saltokirik. Ballenoilen markari eutsiko diola agindu du Cepsak, lehen fasean behintzat.
Helburu bikoitza du mugimenduak. Merkatu kuota handitu, bere sarea % 11ean handituz, eta hazkunde bizian dabilen merkatu segmentuan lehian aritzea. Konpainiak kaleratutako komunikatuan zera esan du: “bere posizioa sendotu nahi du low cost segmentuan eta merkatuari prezio ekonomikoa duten erregai gama eskaini, inflazio altuko eta kostu baxuko ereduaren hazkunde indartsuaren testuinguruan”.
Hazkunde biziko segmentua
Arestian aipatu bezala, erregai konpainien sektorea ez dira kontsumo azturetan egondako aldaketen kanpo gelditu. Azken hamarkadan prezio baxuko eskaintzak aisialdia, elikadura, moda eta bestelako sektorea irauli bezala, azken hamarkadan errepide sareko paisaia ere eraldatu du. Hala, ohiko petrolio konpainien salmentek behera egin duten bitartean low cost gasolindegiek % 53 handitu dute haien merkatu kuota. Espainian Petrolio Operadoreen elkarteko kideek % 62ko kuota zuten 2012an; egun % 55 azpitik dago. Petroprix kostu baxuko sektoreko bigarren konpainiak, esaterako, bere salmentak bikoiztu zituen iaz.
Petrolio konpainien salmentek behera egin duten bitartean low cost gasolindegiek % 53 handitu dute haien merkatu kuota. Espainian Petrolio Operadoreen elkarteko kideek % 62ko kuota zuten 2012an; egun % 55 azpitik dago
Sektorearen eraldaketak bi aldeko negozio eredua utzi du. Kostu baxuan oinarritutakoa, alde batetik, eta bezeroen fideltasuna lortu nahi duen balio handiko eredua, bestetik. Horren adibide dira gasolindegiek eskaintzen dituzten hainbat zerbitzu: supermerkatuak, ibiligailu elektrikoak hornitzeko guneak… Talde handiek deskontu eta promozioekin egin izan diote aurre, orain arte, low cost alorraren lehiari. Egun eskaintza aldatu eta salmenta gurutzatua indartu dute, bezeroei produktu sorta osoa eskainiz.
Sektore atomizatua, orain arte?
Merkuaren erdia, gutxi gora behera, kontrolatzen dute kostu baxuko sektoreko enpresek. Ezin esan, halere, merkatu homegeneoa denik. Low cost kontzpetuaren baitan oso negozio ezberdinak daude. Espainiako Petrolio Operadoreen elkarteak emandako datuen arabera, 12.084 gasolindegi zeuden 2022an, eta 6.143 baino ez ziren operadore nagusienak (Repsol, Cepsa, BP, Galp, Gunvor eta Saras). Gainerako markek 5.033 saltoki zituzten (2.953 2012an), hipermerkatuek 322 eta kooperatibek 586. Ballenoil (220 saltoki), Plenoil (200), Petroprix (160) eta Avia (159) dira konpainia nagusiak, alorreko elkarteek emandako datuen arabera.
Agerikoa da, hortaz, negozio eredu oso atomizatua dela. Euskal Herria horren isla da. Gipuzkoako Esergui enpresak kudeatzen du AVIA marka Espainia mailan. Gurean 50 gasolindegitik gora ditu. Hurrengoek, ordea, sare askoz txikiagoa dute. Ballenoil, LowCost Euskadi, Petroprix, Easygas… dira, hamar gasolindegi baino gutxiagorekin. Hortik aurrera atomizazioa are handiagoa da.
Cepsaren jokaldiak ez du, berez, oligopolio arriskurik sortuko, baina halako eragiketa gehiago etorriz gero, egoera zeharo aldatuko litzateke
Cepsak Ballenoil erosi izanak beste erosketa gehiagori atea zabalduko ote dion jakiteko goiz da. Joko zelaia oso handia da eta eragile askok parte hartzen dute. Cepsaren jokaldiak ez du, berez, oligopolio arriskurik sortuko, baina halako eragiketa gehiago etorriz gero, egoera zeharo aldatuko litzateke. Irabazi oparoak izan dituzte erregai konpainia handiek, eta eragiketa korporatibo handiak egiteko gaitasun sendoa dute. Repsol taldeak argi azaldu du, orain arte behintzat, ez duela low cost segmentuan lehiatzeko asmorik, eta bere estrategia “energia eta zerbitzu” anitzeko produktua eskaintzea dela.
Hala ere, ez da erraza kostu baxuko eskaintza zer den definitzea. OCU kontsumitzaileen elkarteak irizpidea prezioan finkatzen du. Hala, prezioa ohiko gasolindegiena baino 10 eta 20 zentimo baxuagoa eskaintzen dutenak low cost markak hartzen ditu aintzat. Espainiako gasolindegien elkartearen datuen arabera Hego Euskal Herrian du, Kanariak Uharteak eta gero, low cost ereduak pisu gutxien (Nafarroan % 9 eta EAEn % 11,6).