Trantsizio energetikoa, enpresentzako aukerak eta erronkak. Horiexek izan zituzten hizpide atzo Bilboko Itsasmuseumen, Etekin solasaldi zikloaren hirugarren eta azken saioan. Esti Cosano EITBko albistegietako ekonomia saileko arduradunak moderatua, Mikel Amundarain Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia eta Elías Unzueta Petronorreko Ingeniaritzako zuzendari nagusia aritu ziren solasean.
Egin beharreko ekarpenei heldu zieten lehenik hizlariek. Amundarainek dagoeneko eginiko bideari erreparatu zion, trantsizio energetikoan Euskal Autonomia Erkidegoak 40 urteko ibilbidea duela mahaigaineratuta. "Garai haietan energia lehiakortasunarekin eta industriaren beharrekin zegoen lotuta". Orduko fokua eta egungoa, baina, desberdinak dira. "Egun ekonomiaren deskarbonizazioan dago erronka. Ezin da ulertu energia estrategiarik helburu hori kontuan izan gabe”. Horrek eskatzen du, besteak beste, autonomia energetikoa bultzatzea, baina baita neutraltasuna ere, bigarren hori epe ertainean. "Abiapuntua aintzat hartu behar dugu. Gu herri industriala gara, eta hori ezin dugu ahaztu", nabarmendu zuen.
Elías Unzuetak, bere aldetik, energiaren erabileran elektrifikatzeko zailak diren esparruetan Petronorrek eginiko ekarpenari heldu zion. Hiru alor jorratzen dituzte batez ere: batetik, euren prozesuetan "isurketak murrizteko egiten ditugun aldaketak eta inbertsioak"; bestetik, euren produktuak "erregai berriztagarriak izan daitezen lanean ari gara, adibidez, bio-produktuak sortzen"; eta, azkenik, "hidrogenoaren aldeko apustu potentea egin nahi dugu datozen hogei urteetan produktu berriak sortzeko: hidrogenoa energia bezala erabiltzeko, zuzenean, erregai berriztagarri modura, edo hidrogeno berriztagarria erabiltzea beste produktu batzuk sintetizatzeko". Izan ere, elektrizitate jasangarria izateko beharra ezinbestekotzat jo zuen. "Mix energetikoak elektrifikatziora egingo du, eta instalazio berriak behar ditugu", gehitu zuen Amundarainek. "Trantsizioa gertatuko da, baina Alemanian siderurgia lehenago deskarbonizatzen bada, aukerak galduko ditugu. Ez dugu ahaztu behar globalizazioa", adierazi zuen Petronorrekoak.
2050rako zero emisio helburua: lorgarria?
Eusko Jaurlaritzak ezarri zuen 2050rako zero emisioko helburua lortu beharko zuela EAEk. "Legebiltzarrak hala babestu zuen, eta hortaz herri helburua da", defendatu zuen Amundarainek. Baina zein puntura arte lor daiteke helburu hori? EEEkoa baikorra da. "Denon konpromisoa eskatzen du, baina lortu ahal dugu". Hala ere, ehun industrialean zer suposa dezakeen aztertzeko beharra azpimarratu du. "Gako dira, baita ere, norberaren urratsak".
Unzueta ere baikorra da, bidea erraza izango ez dela aurreikusten badu ere. "Trantsizioa gertatuko da, baina erronka da lehiakortasuna eta ongizate mailari eustea. Gaur erabiltzen ditugun produktuak, gure bizitza estiloa...hori aztertu behar da. Didaktika egin behar da".
Elías Unzueta: "Trantsizioa gertatuko da, baina erronka da lehiakortasuna eta ongizate mailari eustea. Gaur erabiltzen ditugun produktuak, gure bizitza estiloa...hori aztertu behar da"
Bestalde, erregulazioaren eta laguntzen arteko oreka topatzea ezinbestekotzat jo zuen Petronorrekoak, batez ere AEBn eta Europaren arteko aldeak ikusita. Hala ere, Amundarainek argi du: "energia aukera bat da".
Balio kate garrantzitsua
Deskarbonizazioaren ikuspegitik, ingurumenari egiten zaion kaltea gutxitzeaz gain, energia trantsizioak enpresentzat eskaintzen dituen aukerak ere izan zituzten hizpide Petronorrekoak eta EEEkoak. "Egia da azken 18 urtetan ez dela parke eolikorik jarri, baina badugu balio kate oso inportantea, baita sareetan ere", argudiatu zuen bigarrenak. "Teknologia sortzen jarraitu behar dugu, horrek industriari dibertsifikaziorako aukera ematen dio", gehitu zuen.
Hala ere, badu EAEk erronka bat: parke mobilak 14 urte izanik aldaketa handiak egin beharko dira aurki. "Aldaketa masiboa egiteko borondatea behar da, baina baita laguntzak ere. Lan egin behar da horretan", esan zuen EEEkoak.
Unzuetak, bestalde, erregai sintetiko berdeen beharra azpimarratu zuen, besteak beste, hegazkinetarako, egungo kerosenoak ordezkatzeko. CO2aren zirkulartasunera jotzeko beharraz ere aritu zen, eta produktu bezala, atmosferatik kentzeko beharraz produktuak egiteko.
Erabilerak aldatzeko beharra
Aipaturiko beste esparru bat izan zen autokontsumoarena eta komunitate energetikoena. "Jendea hezi egin behar da komunitate energetikoak bultzatzeko". Jaurlaritzak 169 milioi euroko dirulaguntzak jarriko ditu horretarako. Baina ez da dibulgazioa behar duen esparru bakarra. "Gauza bera mugikortasunaren alorrean: patroiak eta erabilerak aldatu behar dira, eta gizarteak hori barneratu behar du", plazaratu du Amundarainek.
Mikel Amundarain: "Patroiak eta erabilerak aldatu behar dira, eta gizarteak hori barneratu behar du"
"Pedagogia probokatiboa" aldarrikatu du, bere aldetik, Unzuetak, eta adibide bat jarri du horretarako. "Oiz mendia ez da itsusiagoa errotak egoteagatik. Pistak jarri zituzten gainera, eta horrek erraztu egiten du jendeak txangoak egitea", esan zuen Petronorrekoak. Energia eolikoaren esparruan, adibidez, trabei aurrera egiteko lanketa herriarekin eta gizarte inguruarekin egitea ezinbestekotzat jo zuen EEEkoak.
Erantzukizun partekatua eta elkarlana
Bese esparru garrantzitsua enpresena eurena da. "%98 enpresa txikiak dira eta adituak behar dituzte", gogorarazi du Amundarainek. "Aditu finantzarioen beharra dute: zelan kontratatu energia, zelan finantzatu..."
Edozein kasutan, energia trantsizioan beste bi kontzeptu jo zituzten gakotzat Unzuetak eta Amundarainek: lehenak, elkarlana; bigarrenak, solidaritatea.