Urdaibaiko sare elektrikoa digitalizatzeko lankidetza adostu du Jaurlaritzak Iberdrolarekin

Hainbat linea elektriko eta aireko transformadore lurperatu nahi dituzte, 250 euskarri elektriko eta 25 kilometroko aireko lineak kentzeko

Javier Arriola eta Arantxa Tapia | Argazkia: Iberdrola Javier Arriola eta Arantxa Tapia | Argazkia: Iberdrola

Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak Urdaibaiko sare elektrikoa digitalizatzeko lankidetza adostu dute. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak eta Iberdrola taldeko banatzailea den I-DEko Iparraldeko Eskualdeko zuzendari Javier Arriolak sinatu dute akordioa.

Urdaibaiko eta inguruko sare elektrikoaren elektrifikazioa, modernizazioa eta horren ingurumen inpaktuaren murrizketa bultzatzeko, Next Generation EU bidez Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan gauzatu da egitasmoa. 350.000 euro bideratuko ditu Jaularitzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak

Hitzarmenean aurreikusten diren jarduerekin, ingurumenarekiko sentikorrak diren inguruneetan sare elektrikoek “ahalik eta eragin txikiena izatea” bermatu nahi dela adierazi dute.

Hartara, “sare elektrikoaren ahalmena eta fidagarritasuna eta inguru horretako sorkuntzaren ebakuazio-ahalmena” handitu nahi dute, 132 kV-ko sarera konexioa indartuz eta potentziako soluzio elektroniko berritzaile bat instalatuz.

Era berean, hainbat linea elektriko eta aireko transformadore lurperatu nahi dituzte, 250 euskarri elektriko eta 25 kilometroko aireko lineak kentzeko. Gainera, tentsio altuko beste 120 euskarri elektriko ere egokitzea du helburu lankidetzak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK