EnpresaBIDEAk jaso du aurtengo Rikardo Arregi Komunikazio Saria

Kazetaritza saria Miel A. Elustondo kazetari eta idazlearentzat izan da, Berrian argitaratutako 'Tonban ehortzirik' elkarrizketa sortagatik

EnpresaBIDEAko kideak, bart, Bingen Zupiria Hizkuntza Politikako sailburuarekin| Argazkia: EnpresaBIDEA EnpresaBIDEAko kideak, bart, Bingen Zupiria Hizkuntza Politikako sailburuarekin| Argazkia: EnpresaBIDEA

2022ko Rikardo Arregi Kazetaritza eta Komunikazio sarien irabazleak eman ziren bart Andoaingo Bastero Kulturgunean. Komunikazio sailean, EnpresaBIDEAk jaso zuen saria; Kazetaritza alorrean, Miel A. Elustondo kazetari eta idazle azpeitiarrarentzat izan zen aitortza, Tonban ehortzirik elkarrizketa sortagatik, Berrian egunkarian argitaraturikoak.

Sariak ez ezik, bi mugarri ere eman ziren sari banaketa ekitaldian: lehenengoa, Patxi Baztarrikak jaso zuen, RAKS sarietako sortzaile eta idazkari izandakoak, eta esker oneko hitzak izan zituen garai batean sarien sorreran parte hartu zuen udal taldearentzat. Eta bigarrena, Elixabete Garmendia kazetariak, bere ibilbideagatik. Garmendiak zendu berri den Pilar Iparragirre kazetariari eskaini zion saria.

RAKS Sarituak
Sarituak eta izendapena jaso zuten hautagai guztiak | Argazkia: RAKS

Gaua, baina, aldarrikapen batekin hasi zen: Alaitz Mendoza aurkezleak Polonian preso dagoen Pablo Gonzalez kazetariaren aldekoa irakurri zuen. Irabazleak ekitaldiko bukaera partean iragarri zituzten. EnpresaBIDEAko taldearen izenean Maite Reizabal Arregi erredakzio-burua igo zen oholtzara. Saria "sekulako sorpresa" izan zela nabarmendu ondoren, hedabideak "diruaren hotsa euskarazkoa izan dadin" lan egiten jarraituko duela adierazi zuen. Bestalde, Miel A. Elustondo kazetaritza arloko sarituak azaldu zuen, harriduraz: "Finalista geratu naizen hirugarren aldia da, eta ez nuen espero oraingoan saria jasotzea". Hark Rikardo Arregi ekarri zuen gogora. Emozioz beteriko hitzak eskaini zizkion hari, eta Gabriel Arestiren Rikardo Arregiren heriotzagatik auhenez poema irakurri zuen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK