10 langile baino gehiagoko enpresen ia erdiak sare sozialak erabiltzen ditu lanerako

Lana telematikoki egitearen ohitura zertxobait hazi da 2023aren aldean, eta big dataren erabilera geroz eta handiagoa da

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Jakina da egun enpresen gehiengoak Internetarako konexioa duela. Geroz eta globalizatuago dagoen mundu honetan, Internet ezinbesteko erreminta bihurtu da konpainientzat eta hori berresten du Eustatek eginiko azken txostenak. 2024ko "informazioaren gizartearen inkestaren" arabera, oro har, hamar langile edo gehiagoko euskal enpresen %30ak erabiltzen du Internet.

Interneterako konexioa duten enpresen artean, gehiengoak erabiltzen ditu gizarte komunikabideak enpresaren jarduna aurrera ateratzeko, %77. Gizarte komunikabideen barruan daude, besteak beste, sare sozialak (%48,6), enpresen webguneak (%18,4), edo propio sortzen duten multimedia-edukia (%29,9).

Txostenak ere beste ondorio batzuk uzten ditu, esaterako big dataren erabilera. 10 langile edo gehiagoko enpresetan %26ra iristen da teknologia horren erabilera, baina, adibidez, zerbitzuen sektoreko establezimenduek ehuneko handiagoan erabiltzen dituzte (%28,8); aldiz, industria-enpresetan tasa %16,2koa da eta eraikuntzan %26,9koa.

Telelana geroz eta ohikoagoa

Geroz eta pertsona gehiagok lan bulegotik kanpo egiten dutela ondorioztatzen du azterlanak. Enpresetako langileen %11ak konpainiatik kanpo egiten du lan gutxienez lanaldiaren erdian, erregulartasunez, 2024an sare telematikoak erabiliz. Zifra hori 2023ko tasa (%10,6) baino lau hamarren handiagoa da.

Langile horiek sexuaren arabera aztertuz gero, IKT sistemetako espezialisten kasuan izan ezik, gizonen ehunekoa (guztizkoaren %65,9) emakumeena baino handiagoa baita (%34,1).

Segurtasunari dagokionez, enpresen %92ak segurtasun informatikoaren baitan neurriren bat hartu du; horien artean nabarmentzekoak dira, software eguneratua izatea (%89,4), pasahitz seguruen erabilera (%86,3), sarerako sarbidearen kontrola (%44,6), datuen zifratzea (%37) eta VPN sare pribatu birtuala erabiltzea (%30,9).

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK