Salmenta automatiko industrialeko soluzioak garatzen ditu 2009an Alberto Gonzalez de Zarateren eskutik sortutako Gesmatik proiektuak. Arlo profesionalean izandako esperientzia baliatuz, jada elikagai sektorean oso egonkortuta zeuden salmenta makinak industria sektorera bideratzeko ideia izan zuen Gonzalez de Zaratek. Hala, Vending Modular ingeniaritza zerbitzuaren bidez hasi zen industriarako salmenta makinak egiten. “Edozein enpresak, legez, langileei lan egiteko tresnak edo ekipamendua ematerakoan, erregistro bat eraman behar du. Hori gauzatzea, ordea, oso zaila da”, azaldu du. Makina hauek lana erraztu dezakete eta langileak, inongo kosturik gabe, behar duen materiala eskuratzeko aukera du, bertatik ateratzen den guztia automatikoki erregistratuz.
“Abantaila asko ditu vendingak. Produktua gerturatu eta modu automatizatuan eskuratu daiteke. Elikagai sektorean aspalditik oso ondo egin dena, guk sektore industrialean egin nahi genuen”, azaldu du Gonzalez de Zaratek. Hala, kafea beharrean, eskularruak, barautsak, bihurkinak edota enpresa bakoitzak lanerako behar dituen materialak dituen makina eta armairuak ekoizten ditu Gasteizko enpresak.
Kafea beharrean, eskularruak, barautsak, bihurkinak edota enpresa bakoitzak lanerako behar duen materialak dituen makina eta armairuak ekoizten ditu Gasteizko enpresak
800 makina baino gehiago instalatu dituzte jada Espainiar estatuan, Frantzian, Italian eta Portugalen, besteak beste. “Coca Cola, Inditex, Arcelor eta ospitale ugaritan instalatu ditugu geure makinak. Erreferenteak gara osasun zein industria sektoreko vendingean”. Aipatzeko moduko da, Gasteizko Txagorritxu ospitalean bertako sanitarioen eskalapoiak gordetzeko egindako makina, adibidez.
Makina erabat automatizatuak
“Makinaek ez dute diruarekin funtzionatzen”, nabarmendu du arduradunak. “Erabiltzailea kode, txartel, hatz marka, edo beste irakurgailu baten bidez identifikatzen da, eta lanerako behar duen produktua aukeratzen du”. Makinak berak duen softwareak kontrolatzen du langileari aukeratu duen materiala hartzea egokitzen zaion edo ez. Hau da, makina zerbitzari batekin konektatuta dago, monitorizatuta, hain zuzen, eta bertatik ateratzen den guztiaren kontrola du. Horrela, badaki enpresako langile bakoitzak zer material hartu duen. "4.0 vending industriala deitzen diogu”.
Bezeroak enpresan erabiltzen dituen produktuak bidaltzen dizkio Gesmatiki. Ondoren, bidalitako produktuak kontuan hartuz, proposamen bat egiten die Gesmatikek, zer nolako makina beharko luketen azalduz. Halaber, makina instalatzerako garaian, formakuntza ere eskaintzen dute, baita mantentze kontratu bat egin ere. “Enpresak berak kudeatzen du makinaren softwarea, eta makina monitorizatu dezakete, erabiltzaileen kontrola eginez”, azpimarratu du zuzendariak.
Alberto Gonzalez de Zarate: “Eskaera prozesua automatizatzen dugu eta produktu bakoitzeko bi euro aurrezteaz gain, %30 inguru murrizten da kontsumoa. Izan ere, produktuen erabilera arrazionalago bat egiten da”
Hori gutxi balitz, produktu hornitzailea makinari konektatuta dago. “Ez da eskaririk egin behar, hornitzaileak badaki zenbat eskularru geratzen diren makinan. Azken finean, eskaera prozesua automatizatzen dugu eta produktu bakoitzeko bi euro aurrezteaz gain, %30 inguru murrizten da kontsumoa. Izan ere, produktuen erabilera arrazionalagoa egiten da”.
Osasun sektorea begiz jota
Proiektua abiatu eta gutxira, arlo estrategiko zein finantzarioari bultzada bat emateko asmoarekin, Edurne Madina sartu zen Gesmatiken. Haren hitzetan, teknologia honek enpresei dirua eta denbora aurrezten dietela jakin arren, salmenta makina industrialaren sektorean dena egiteke dago oraindik. “Enpresa handiek badute sistemaren bat, baina merkatuan ez dago gurea bezalako soluzio espezifikorik. Eskaintza baino askoz eskari gehiago dago eta, beraz, aukera askoko sektorea da".
Edurne Madina: “Enpresa handiek badute sistemaren bat, baina merkatuan ez dago gurea bezalako soluzio espezifikorik. Eskaintza baino askoz eskari gehiago dago”
Bartzelonako kongresu mediku batean izan berri dira euren makina aurkezten. Osasun sektorea dute begiz jota, nahiz eta sektore industrialerako soluzioak ematen ere jarraitu nahi duten. Nazioartekotze prozesu batean dira egun. “700 makina baldin baditugu Espainian, beste 700 instalatu nahiko genituzke Frantzian, Italian edo Alemanian. Gero eta eskaera gehiago jasotzen ditugu mundu osotik”, esan du Madinak.