Zibersegurtasunaz hitz egitean burura etorri ohi den lehen gauza da norberarena, ordenagailu eta bestelako gailu elektronikoen bitartez kinka larrian jar daitekeena. "Tren bat, esaterako, ez du ordenagailu batek kontrolatzen, baizik eta elektronika espezifiko batek. Elektronika horrek informazioa bidaltzen du sarera, baina aldi berean horrek kalteberatasuna sortzeko atea zabaltzen du", azaldu du Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusiak.
Hain zuzen, industriari loturiko produktu elektronikoei soluzioa emateko asmoz sortu du Ikerlanek Orbik izeneko enpresa, "elektronikako sistemak ziurtatzeko eta eraso posibleetatik babesteko". Zentro teknologikoak zibersegurtasunaren alorrean duen esperientzia abiapuntu hartuta jaio da, eta honek aurkeztu berri duen Digilaben izango du egoitza. Salva Trujillo da haren zuzendari nagusia: "lantegi alorrean gehiago landu da zibersegurtasuna, baina ez hainbeste produktuen, eta zehazki produktu elektronikoen, alorrean", azaldu du. Espainiar estatuan kokatuko den lehena dela nabarmendu dute. Horrekin batera, halako soluzioak eskaintzen dituzten nazioarteko enpresa batzuk izanik ere, "enpresek eta erankundeek konfiantzazko eta bertako bazkidea izatea eskertzen dute". Are gehiago, dagoeneko Zibersegurtasunerako Euskal Zentroaren eta ZIurren babesa jaso dute, baita erakundeena eta hainbat enpresena ere.
Zigilua eta epe luzeko bermea
Bi hanka nagusi ditu Orbikek. Bata, produktuen gainean egiten diren entseguen bitartez produktu elektronikoen zibersegurtasuna bermatzea, hori ziurtatuko duen zigilu bat lortzea erraztuz. Entsegu eta zigilu horiek merkatuak aitortuko duen bat izango da, une honetan, ISA secure standarrean oinarriturikoa, mundu mailan soilik zazpi laborategi akreditatu dituena. Aipatzekoa daune honetan zibersegurtasunari loturiko ezaugarriak betetzea ez dela derrigorrezkoa, baina Etxeberriak azaldutakoaren arabera, hori aldatzear dago, bi urte barrurako espero baita betebeharra izatea.
Bestea, oraindik garatze prozesuan dauden edo merkatuan existitzen ez diren zibersegurtasunari loturiko zerbitzuak eskaintzea. Horietako bat da ahultasunen analisi aktibo eta jarraitua egitea, ez soilik hasieran, baizik eta industria-produktuen bizitza-ziklo osoan. Bestela esanda, sortzen joan daitezkeen mehatxu berrien aurrean eguneraketa zerbitzuak ere eskaini nahi ditu Orbikek.
"Gehien hazten ari diren ziberdelituen portzentajeari erreparatuz gero, industriarenak ez dira gehienak. Aldiz, industrian eragina izan dezakeen ziberdelitu baten inpaktuari erreparatuta, zifra altuenetarikoak ematen ditu", adierazi du Trujillok.
2 milioi lau urtean
Momentuz, merkatu elektrikoko edota garraioen sektoreko bezeroekin izan dituzte hartu-emanak. Datozen lau urteetan, Orbikek 2 milioi euroko fakturazioa izatea aurreikusi du. "Merkatu potentziala handiagoa da, agian bikoitza. Baina talentua erakartzeko industrian dagoen zailtasuna dela eta, estimazio hori egokitu egin nahi izan dugu", plazaratu du Trujillok. Une honetan, lau langile ditu Orbikek, bi berezko, eta bi Ikerlanetik, eta apirilaren hasieran beste bi gehituko dituzte. Lau urteko epean, ordea, 20 langilera iristea kalkulatu dute.
Harrezkero martxan badago ere, entseguak gauzatu ahal izateko azken baimenak falta zaizkie, bizpahiru hilabete barru izatea aurreikusi dutena. Horrekin batera, entsegu horien oniritzia jasoko duten lehen produktuak ikusteko urtebete eta urte eta erdi inguru itxaron beharko da, bi arrazoi direla medio: halako probek behar duten denbora, eta dagoeneko merkatuan dauden produktu asko ez zirelako zibersegurtasun irizpideak edo ezaugarriak kontuan hartuta diseinatu. Produktu berrien diseinuan, ordea, irizpide horiek geroz eta garrantzi handiagoa hartzen dute.