
Randstad etxeak absentismoaren gaineko txostena argitaratu du, 2024ko azken hiruhilekoko (urritik abendura bitartean) datuak kontuan izanik. Sektore guztietako datuak batera hartuta, EAEn %8,7ko absentismo orokorra izan zen hiruhileko hartan; hau da, hitzartutako lanorduen %8,7 “galdu” zen. Nafarroan zifra zertxobait baxuagoa izan zen, %7,2koa. Hala, 2023ko laugarren hiruhilekoaren aldean absentismoa %0,2 handitu zen EAEn eta %0,3 Nafarroan. Hego Euskal Herri osoan gainditzen da Espainiako absentismo mailaren batez bestekoa, azken hori %6,7koa baita.
Aldi baterako ezintasunen ondorioz izandako absentismo maila baxuagoa izan zen Hego Euskal Herrian absentismo orokorra baino. EAEn adostutako orduen %6,7 “huts egin” ziren medikuek emandako bajen ondorioz, eta Nafarroan zenbatekoa %5,5ekoa izan zen. Urtebetean %0,1 hazi zen zifra hori EAEn, baina Nafarroan berdin mantendu zen.
Hiru sektore nagusiak sailkatuz gero, EAEn zerbitzuen sektorean izan zen absentismo orokor gehien, zehazki, %9,0; industriaren sektorean %8,3an kokatu zen zifra eta eraikuntzarenean %8,3an. Nafarroan, aldiz, absentismoa nabariagoa zen industriaren sektorean: %8,1ekoa. Zerbitzuen sektorean %6,8koa eta eraikuntzarenean %5,8koa izan zen.