Gipuzkoako BPGaren aurreikuspenak mantendu ditu Adegik

2024ko ekonomia %1 eta %2 bitarte haziko dela adierazi dute patronaleko arduradunek, eta 3.500 eta 4.500 lanpostu sortuko dituztela. Datuak urtarrilekoen pareko izanik ere, "muturreko taldeak hazi" egin direla nabarmendu dute

Ayerza, Junkera eta Sasigain, gaur goizeko agerraldian | Argazkia: EnpresaBIDEA Ayerza, Junkera eta Sasigain, gaur goizeko agerraldian | Argazkia: EnpresaBIDEA

Enpresa Eguna ospatuko du bihar Adegik Fabrika eraikinean, eta ohi bezala, aurreko egunean agerraldia egin dute Jose Miguel Ayerza Adegiko zuzendari nagusiak, Eduardo Junkera presidenteak eta Patxi Sasigain Lehiakortasun eta Berrikuntzarako arduradunak Gipuzkoako enpresen bigarren hiruhilekoko koiunturari buruzko inkestaren emaitzak aurkeztu asmoz.

Aipatzekoa da lau puntutan egin duela gora euren sektorea atzeraldi egoeran ikusten duten enpresen kopurua, %18,6raino. Zifra hori 2022ko irailaz geroztik atzemandako altuena da. Kontrara, baina, beste lau puntu igo da euren merkatuak susperraldi egoeran daudela erantzun dutenen kopurua, %37raino —%81,5en ustez normaltasun edo susperraldi egoeran daude—. Bestela esanda, "muturreko taldeak hazi" egin dira.

Eskaera mailari erreparatuta %0,7 jaitsi da aurreko hiruhilekotik. Hala ere, %75,5ek esan duenez, eskaera zorroa mantendu edo handitzea lortu dute lehen hiruhilekotik, eta fakturazioak ere gora egin du, %1,6an. Hazkunde hori sektore guztietan gertatzen da, baina zerbitzuak dira gehien hazi direnak: %2,2 egin dute gora. Industria %1,5 hazi da, eta eraikuntza %0,7.

Eskaera mailari erreparatuta %0,7 jaitsi da aurreko hiruhilekotik. Hala ere, %75,5ek esan duenez, eskaera zorroa mantendu edo handitzea lortu dute lehen hiruhilekotik

Langileen kasuan atzeraldiaren eta eskaera mailaren beherakadaren zenbait izpi ikus daitezke. Oro har zifra baikorrak dira: %88k aurreikusi dute langile kopuruari eutsi edo hura handitzea. Hala ere, %1 egin dute behera langile gehiago izateko asmoa duten enpresek, eta %2 hazi da halaber urtarrilean baino langile gutxiago izatea aurreikusten dutenek. Ekoizpen-ahalmena, bestalde, %82,5ean mantendu da, eta beherakada izan duten enpresa gehienak txikiak izan dira. Kasu honetan ere, ahalmen hori mantendu edo handitu da zerbitzu enpresen %94,5en, erakintza-enpresen %82n eta industria-enpresen %71,5en.

"Enpresek eutsi egiten diote urtarrileko emaitzekin alderatuz, baina distira gutxiagorekin", plazaratu du Ayerzak. Datuok ikusita ere, 2024ko BPGaren aurreikuspenei eutsi die: %1 eta %2 bitarteko hazkundea espero du lurraldean Gipuzkoako enpresen-elkarteak, eta 3.500 eta 4.500 lanpostu bitarte sortzea.

Absentismoarekiko kezkaren igoera

Beste behin, lan-kostu handiak eta soldata igoerak izan dira Gipuzkoako enpresen kezka nagusi: bi enpresatik batek aipatu dituzte. %44rentzat, langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasunak kezka dira, bigarren kezka nagusia izanik, eta hirugarrena nazioarteko ekonomiaren ahultasuna —%33,5ek aipatu dute—. Enpresen %30ek aipatu dute salmenten errentagarritasunaren jaitsiera eta absentismoa.

Nabarmentzekoa da absentismoarekiko kezka 15 puntu baino gehiago hazi dela urtebetean, gora gehien egin duen kezka izanda, seguruenik absentismoko datuek izan duten gorakadagatik. "Absentismoa ez da berri ona, ez osasunaren ikuspegitik, ezta enpresen lehiakortasun ikuspegitik, ezta ekonomikotik oro har ere", plazaratu du Ayerzak. Gai horri "modu serioan eta zentzudunean, datuekin eta modu zorrotzean" heldu beharko litzaiokeela adierazi du, "eta bakoitzak bere arduratik dagozkion neurriak hartzen joan. Adegitik datozen hilabeteetan helduko diogu gaiari sakontasun handiagoz, ulertzen baitugu enpresek horrekiko duten kezkak gora egin ahala soluzio bat eman behar diogula", gaineratu du.

Gazteei mezua

Arestian aipatu bezala, 3.500 eta 4.500 enplegu bitarte sortzea aurreikusi dute Adegiko enpresek urte honetan, eta horrekin "itxaropen-mezu bat" helarazi nahi izan diete gazteei, eta eurei zuzenean zuzendu dira bai Ayerza, bai Junkera: "Zer ikasiko duzuen aukeratzerakoan, ahal den neurrian, enpresek zer eskatzen duten kontuan har dezazue. Gainera, azpimarratu nahi nuke GIpuzkoako lan-baldintzak, soldatak barne, Estatuko onenen artean daudela". Enpresek eskatzen dituzten profil horien artean dira teknikari zientifikoak, produkzio-teknikariak eta erdi-mailako arduradunak, eta profil horiek askotan ez datoz bat gazteek hautatutako ibilbide profesionalekin edo titulazioekin. Era berean, soldataz gain, enpresek %30eko gizarte segurantzako kotizazioa ordaintzen dutela gogorarazi nahi izan du, eta kotizazio horiek "Europako handienetakoak direla eta azken bi hamarkadetako erritmo handienean hazi direla".

Hala ere, ez dute ahaztu gazteek dituzten zailtasunak etxebizitza topatzeko, eskasia eta prezioen maila altua direla eta, baita kreditua eskuratzeko zailtasuna horietako bat erosteko.Horretan ere, administrazio, enpresa, kreditu-erakunde eta hezkuntza-ekosistema guztien arteko elkarlanaren beharra azpimarratu dute "gazteek beren bizi-proiektuak garatu ahal izateko".

Junkeraren agurra

Biharko Batzar Nagusia azkena izango da Eduardo Junkera Adegiko presidentearentzat. Sei urteren ostean, kargua utziko du, eta, azken orduko aldaketarik izan ezean, Isabel Busto Pozuelo donostiarrak hartuko du haren lekukoa. "Oso azkar igaro dira sei urte hauek. Pozgarria izan da enpresa erakunde honen buru izatea, non gauzak ondo egiten diren eta aitortuta dagoena baliozko ekarpena egiteko duen gaitasunagatik", nabarmendu du Junkerak. Horrekin batera, "garai polita" bizitzea egokitu zaiola azpimarratu du "enpresen kultura berriaren sorrerarekin loturikoa, Fabrika bezalako proiektu baten gauzatu dena: enpresen eta erakundeen kultura eraldatzeko goi errendimenduko zentroa. Beraz, pozez eta harrotasunez betetzen nau sei urteko ibilbide honek".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK