Adegiko presidente izateko hautagai bakarra zen Isabel Busto, eta gaur elkarteak egindako Batzar Nagusian ofizialki aukeratua izan da. Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak izango duen lehenengo emakumezko presidentea izango da, eta Batzar Nagusiaren osteko Enpresaren Eguna jardunaldian lehen hitzak eman ditu lehendakari gisa. Eduardo Junkeraren lekukoa hartuta, orain arteko presidenteari zuzendu zaio gaurko agerraldian, beregan jarritako konfiantza eskertuz.
“Gipuzkoako enpresen eta horiek ordezkatzen dituen erakundearen izenean, Adegiren izenean, nire eskerrik beroenak eman nahi dizkizut sei urte hauetan presidente gisa izandako lidergoagatik. Zure lana, bisioa eta konpromisoa funtsezkoak izan dira gure elkarteak zure agintaldian izan duen hazkunderako eta arrakastarako”, adierazi du Bustok.
Junkerak ohorezko makila jaso du presidente berriaren eskutik. Sei urte egin ditu Gipuzkoako enpresarien elkarteko presidente gisa, eta harro azaldu da egindako ibilbideagatik. “Elkarte eredugarria da Adegi, erreputazio handia duena. Enpresa kultura berri bat ezarri dugu urteotan, eta Gipuzkoan errotuta bagaude ere, herrialde ikuspegia dugu”, azpimarratu du. Halaber, enpresa elkartearen hainbat egitasmo nabarmendu nahi izan ditu, Elkargi, Geroa edota Fabrika zentroa, besteak beste.
Gazteei aholkua
Adegik atzo aurkeztutako egoera ekonomikoari erreferentzia eginez, Europako ekonomiaren eragile nagusiek, Alemaniak, Frantziak eta Italiak, behera egin duten duten testuinguru ekonomiko honetan, Gipuzkoako ekonomiak bere horretan jarraitzen duela adierazi du Bustok, “nahiz eta enpresek duela urtebete baino distira gutxiago duten”.
Isabel Busto: "Paradoxa bat dugu: enpresek behar dituzten profil profesionalak ez datoz bat gazte askok aukeratzen dituzten ikasketekin"
“Lan kostu altuak, langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasunak, nazioarteko ekonomiaren ahultasuna, salmenten errentagarritasunaren apaltzea eta absentismoa dira enpresen kezka nagusiak”, gogoratu du, eta era berean, gazteei zuzendu zaie presidente gisa egindako bere lehen hitzaldian: “Paradoxa bat dugu: enpresek behar dituzten profil profesionalak ez datoz bat gazte askok aukeratzen dituzten ikasketekin. Zuen baimenarekin, gazteengana jo nahi nuke, zer ikasiko duten aukeratzerakoan, ahal dela, enpresek zer eskatzen duten kontuan hartzeko”.
Lurraldeko enpresei aitortza
Adegik lurraldeko zenbait enpresen ibilbidea saritu nahi izan du. Hala, garapen jasangarria enpresa sariaren hirugarren edizioa Uvesco taldearentzat izan da. Taldeko ordezkari gisa Miren Sotomayor finantza zuzendaria eta Amaia Ortiz de Elguea jasangarritasun arloko arduraduna oholtzaratu dira saria jasotzera.
Enpresa berriaren saria ViveBiotech enpresak jaso du. Hamar urte baino gutxiago duten enpresen ibilbidea aitortzen du sari honek eta aurten bederatzigarren edizioa egin da. Gurutz Linazisoro presidenteak, Natalia Elizalde negozio garapenaren zuzendariak eta Jon Alberdi zuzendari nagusiak jaso dute saria.
Azkenik, Trantsizio Kulturalaren saria Sukia Eraikuntzak enpresak jaso du. Enpresetan kultura aldaketa sustatu, eta absentismoa, konpromiso falta edota pertsonen eskasia bezalako erronkei aurre egiteko egindako bidea aitortzen du sariak. Aitziber Sukia kontseilari delegatua eta Javier Alegre antolakuntza eta giza baliabideetako zuzendaria izan dira bertan.
Kontseilu Errektore berria
Enpresaren egunaren ekitaldian aurretik, Adegiko Batzar Nagusiak presidente berria izendatzeaz gain, Kontseilu Errektore berria ere egituratu du. Zehazki, honako enpresa hauek osatuko dute gobernu organoa: Savvy Data Systems, Irisbond, Gisma Asesoramiento, Graphenea, Artadi Alimentación, Cementos Rezola, Kirolbet, Lacor, CAF Power, Super Amara, Bellota Herramientas, Tecnalia, Laulagun, CIE Legazpi, Euskabea, Construcciones mecánicas José Lazpiur, Hine Renovables, Cadinox, Leku-Ona, Gurutzpe, Durr Systems, Obe-Hettich, Vivebiotech, Hispavista, Ayesa, Hotel Arima, CEI Servicio de Prevención, Fundación Kutxa, Altuna y Uria, TTT, VASA, Elkar, Spanset, Gureak Lanean, S.D. Eibar, Iberdrola, Lagumar Seas eta Mercadona.
Norabide berean arraun eginez
Ekitaldia amaitzeko Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak hartu du hitza, eta "enpleguaren egoeran, gazteen soldatan eta talentuan" jarri du arreta, "gure gazteek lan-baldintza egokiak" behar dituztela "hauspotu, indartu eta erraztu" behar den bizi-proiektu bat garatu ahal izateko.
Lehendakariak Eusko Jaurlaritzak talentua erakartzeko bultzatzen dituen egitasmoak ere izan ditu hizpide, eta horien artean, STEAM Euskadi, Basque Team edo Ikerbasquek egindako lana nabarmendu ditu.
Adegiko ordezkarien eskutik traineru formako oroigarria jaso du Urkulluk, zeina "elkarren arteko lanaren kulturaren sinbolo” gisa deskribatu duen. Lurraldearen helburuak "traineru bat kudeatzen den moduan" kudeatu behar direla gehitu du, "norabide berean arraun eginez".