2024ko irailean Gipuzkoako enpresei egindako inkestaren emaitzen berri eman du gaur Adegik, José Miguel Ayerza zuzendari nagusiak, Isabel Busto presidenteak eta Patxi Sasigain Lehiakortasunerako arduradunak. Hainbat datu eman dituzte argitara, eta datu horietatik ateratako ondorioak azaldu dituzte.
Merkatuaren egoerari dagokionez, enpresen %78,5ak uste du bere merkatuak susperraldi zein normaltasun egoeran daudela. Datu hori 2021etik izandako daturik baxuena da, eta nabarmentzekoa da ehunekoa are baxuagoa dela industria enpresen (%70) eta metalezkoen kasuan (%66).
Ildo beretik jarraituz, industria sektorean izan da %2,2ko jaitsiera fakturazioan, batez bestekoa %1,2 txikitu den bitartean. Zerbitzuen industria, aldiz, %2 hazi da. Salmentak ere jaitsi egin dira industria sektoreko enpresetatik 10etik 4rentzat. Oro har, 3 enpresetatik 1entzat jaitsi dira salmentak, ordea.
Eskaera mailari erreparatuta, batez beste %0,5 egin du behera, aurreko hiruhilekoaren aldean. Normala edo altua direla dioten enpresak %64,5 izan dira, berriro ere, 2021eko urtarriletik izandako mailarik baxuena izanik. Pandemiaz geroztik lortutako daturik baxuena izan du, aldi berean, eskaera zorroa mantendu edo handitu egin dela adierazi duten enpresen kopurua, %67.
Enplegu mailan erreparatuta, enpresen %86,5ak plantilla mantentzea edo handitzea espero du. Plantilla gutxitzea espero dute, batik bat, metalurgia sektoreko enpresek, %20,5ak. 2024an Gipuzkoan 3.500-4.000 soldatapeko enplegu sor daitezkeela ere azpimarratu da txostenean.
José Miguel Ayerza Adegiko zuzendari nagusiaren hitzetan, enpresen konfiantza, salmentak, eskaerak eta enplegua lotura zuzena du “nazioarteko merkatuen, eta, batez ere, Europar Batasunaren bilakaerarekin, eta, bereziki, Alemaniarekin, zuzenean eragiten baitie Gipuzkoako industria enpresei, ia gehienak, esportatzaileak direlako”.
Nabarmen egin du gora absentismoak sortutako kezkak
Gipuzkoako enpresentzako kezka nagusia dira lan kostu handiak eta soldaten igoerak, zehazki, enpresen %45,5entzat. Bigarren kezka nagusia, enpresen %44,5 adierazi duenez, langile kualifikatuak kontratazeko dagoen arazoa izango litzateke.
Azkenalidan pil-pilean dabilen absentismoari buruzko gaia ere isladatu da txostenean, kezken bosgarren postutik hirugarrenera igaro baita. Enpresen %36 kezkatuta dago absentismoarekin, orain arteko maila altuena izanik. Kezka hori bereziki nabarmena da eraikuntza sektorean (%44), eta jarraian, industriarenean (%40,5).
Gainerako kezkak, nazioarteko ekonomiaren ahultasuna eta salmenten errentagarritasunaren jaitsiera enpresen %34,5ek eta %25,5ek adierazi dute, hurrenez hurren.