AEK: Beharrezkoa izan nahi ez duen enpresa

1970eko hamarkadan sortu zen Korrikaren antolatzailea, garai horretan euskarak zuen egoera soziolinguistiko larriak behartuta

Argazkia: AEK Argazkia: AEK

Funtzionamenduan dagoen enpresaren printzipioa Orokorki Onartutako Kontabilitate Printzipioetako bat da. Hala, balorazioak egiterakoan enpresak bere jardueran jarraitu behar duela pentsatu behar da, hau da, likidaziorik ez dela egingo. Enpresa gehienek dute helburu hori ardatz, epe luzean irauteko eratuak direlako, AEKrena, ordea, salbuespena da. Desagertzeko asmoa duen enpresa da AEK, bere sorrera bultzatu zuen premia, euskararen egoera larria, konponduta dagoelako.

Euskal Herri osoan jardunean dagoen enpresa bakarretarikoa da Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea (AEK). Horrek bere izaera juridikoa baldintzatzen du. Ipar Euskal Herrian elkartea den bitartean, Hego Euskal Herrian kooperatiba egitura du, Euskaraz Kooperatiba Sozietatea. Mugimendua, baina, elkarlanean eta kooperazioan oinarritzen da, Euskal Herria osorako proiektu didaktikoa eskaintzeko. Gaur egun euskararen aldeko mugimendua AEK barik pentsaezina bada ere, Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak ibilbide luzea egin du ia mende erdi honetan, une gazi-gozoak biziz. Hein handi batean, Euskal Herriaren azken 50 urte urteotako historiari lotuta osatu du AEK-k bere bidea.

Klandestinitatean sortua

Frankismoaren garaian sortu zen erakundea. Jazarpen oso gogorra egin zion diktadurak euskarari, egoera soziolinguistiko larrian utziz. Arazoari aurre egiteko euskal hiztunak euskaraz alfabetatzearen beharraz ohartu ziren Joan Mari Torrealdai eta Rikardo Arregi gazte euskaltzaleak 1965 inguruan, Euskal Herriko hainbat herritan hitzaldiak eta kontzientziazio saioak antolatuz. AEKren proiektuaren hazi gisa ulertu liteke Arregi eta Torrealdairen ekimen hori. Hurrengo urtean, Arregik berak eskatuta, Euskaltzaindiak alfabetatze saila sortu zuen.

Arazoari aurre egiteko euskal hiztunak euskaraz alfabetatzearen beharraz ohartu ziren Joan Mari Torrealdai eta Rikardo Arregi gazte euskaltzaleak 1965 inguruan

Lehen alfabetatze taldeen zeregin nagusia euskaraz idazten eta irakurtzen irakastea bazen ere, euskara komunikazio tresna bilakatzeko ezinbestekoa, bestelako beharrei erantzuten hasi ziren sortu berriak ziren alfabetatze taldeak: euskaraz ez zekien jendeari euskara irakastea. Alfabetatzeaz gain, euskalduntzea ere jorratzen hasi zen abian zen koordinakunde berria. Oparoa izan zen 70. hamarkada koordinakundearentzat, Bizkaia eta Gipuzkoan hainbat gau-eskola sortuz. 1976an AEK izena erabiltzen hasi zen, eta Euskal Herri osoan hedatzeari ekin zion. 1979ko azaroak bere ildoa zehaztuko zuen lehen Mintegia egin zuen, eta hurrengo urtean Ipar Euskal Herrian ezarri zein ofizialki.

Hartueman gazi-gozoa Jaurlaritzarekin

Frankismoaren osteko trantsizio politikoak egitura politiko berriak ekarri zituen Hego Euskal Herrira, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritza berreskuratuz. Hezkuntza eskumenak lortu berri ikastegi, zentro eta irakasleen homologaziorako baldintzak ezarri zizkion. Jaurlaritzak helduen alfabetatzerako erakunde propioa sortzea erabaki zuen. Honek AEKrekiko harremana okertu zuen, dirulaguntzetan isla nabarmena izanik. Diru publikoa murriztuta AEK-k herri ekimenari ekin zion diru iturri berriak eskuratzeko, auzolanaren bitartez. Horrela sortu zen lehen Korrika, Urtsa Erraztik AEK-k hamargarren Korrika ospatzeko argitaratu zuen “17 urte 10 pausotan” liburuan azaldu zuen bezala. Bere hitzetan “Bai Euskarari bezalako kanpaina batek izan zuen arrakasta ikusirik, AEKren aldeko kanpaina biribiltzea” pentsatu zuten. Garai horretan Euskaltzaindiaren babespean zegoen AEK oraindik, baina egoera ekonomikoa oso ahula zen. Testuinguru horretan abiatu zen lehen Korrika Oñatitik, 1980ko azaroaren 29an, eta Bilbon bukatu zen abenduaren 7an.

Diru publikoa murriztuta AEK-k herri ekimenari ekin zion diru iturri berriak eskuratzeko, auzolanaren bitartez

AEK eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanak hobera egin zuen 90. hamarkadaren bukaeran, bi aldeen arteko akordioa sinatuz. Ipar Euskal Herrian ere AEKren jardunak garrantzia hartu zuen, Euskararen Erakunde Publikoaren sorreran lagunduz besteak beste. 1990.eko hamarkadaren bukaerak, baina, erakundearen kontrako oldarraldirik handiena ekarri zuen. Baltasar Garzon epaileak aginduta, Espainiako Justiziak AEK jazarri zuen eta bere kontuetan esku hartuz. Epaiketa ezerezean gelditu bazen ere, kalte handia egin zion erakundeari.

53336746890 dfd87bea20 6k
AEK-k antolatutako 2024ko Korrikaren aurkezpen ekitaldia | Argazkia: Korrika

100 eskola baino gehiago gaur egun

Euskararen aldeko lanean aitzindaria izan zen AEK, eta gaur egun erreferente nabaria da. 600 ikasle baino gehiago ari dira egun Euskal Herrian zehar dituzten 100 zentroetan, barnetegiak barne. Euskarak lege babes ahula duen eskualdeetan ezinbesteko eragilea da euskara ikasi nahi duten pertsonentzat. AEKren eskaintza, baina, ez da klaseetara mugatzen. Horrela, zerbitzu didaktikoen eskaintza oparoa dute (prestakuntza, ikasmaterialak, ikasteko jardueren diseinua…), itzulpen eta zuzenketa-zerbitzuak eskaintzen dituzte, eta Ahize hizkunlaritza aholkularitzaren bitartez enpresa, administrazio zein erakundeetan euskararen erabilera sustatzeko jarduerak eta zerbitzuak eskaintzen ditu.

600 ikasle baino gehiago ari dira egun Euskal Herrian zehar dituzten 100 zentroetan, barnetegiak barne. Euskarak lege babes ahula duen eskualdeetan ezinbesteko eragilea da AEK euskara ikasi nahi duten pertsonentzat

Bada AEK-k duen beste lan ildo garrantzitsua, bi urterik behin Euskal Herria zeharkatzen duen Korrika. Bi urterik behingo maiztasuna badu ere, Korrikak nabarmen eragiten du AEKren fakturazioan, hurrengo urteko jardunerako hauspoa emanez. Erakundearen egiturari eusteaz gain, Korrikak gizarte osoan eragiteko helburua du. Korrika kulturala eta Kultur Sorkuntza beka horren adibide dira. Ekimen honen bitartez, auzolanaren bidez jasotako babesa eta hauspoa itzuli nahi dio AEK-k. Bekaren lehen edizioa duela bi urte izan zen eta BADON opera garaikidea izan zen irabazlea. Bekaren bigarren edizioa aurkeztu zuten aurreko urtean, 23.000 eurokoa, eta 24. Korrika Kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2025eko azarotik 2026ko apirilera, hain zuzen.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK