
Zaila da entitate batek gizarteari egindako ekarpena zehatz-mehatz neurtzea. Faktore asko hartu behar dira kontuan, osagai asko baitaude koktelean. Badira zenbait alderdi zenbakiz neurtzea errazak direnak, aritmetikoak, matematika kalkulu puruak; beste zenbait elementuren inpaktua balioestea, ordea, ez da hain samurra. Hedabide baten audientzia kopuruak edota enpresa baten fakturazioak entitate baten gaineko informazio asko eman diezaguke. Asko, baina ez dena.
Aiaraldea kooperatibak bere inguruan egiten duen ekarpena handia da. Baina, zenbatekoa da zehazki? Balio hori neur genezake aiaraldea.eus hedabideak dituen bisitari kopuruak edota Aiaraldearen Faktorian egiten diren jarduerak zenbatuz. Baina zein da kooperatibaren jarduera osoaren benetako balio soziala eta eragin kulturala? Bada, entitateak hori neurtu nahi izan du. Leire San-Jose Ruiz de Aguirre Euskal Herriko Unibertsitateko Katedraduna, Jose Luis Retolaza Avalos Deusto Unibertsitateko ekonomia irakaslea eta Doktorea (UPV/EHU) eta Aitor Mate Martinez Eusko Jaurlaritzako Fundazio eta herri onurako elkarteen Babeslaritzako auditorearen laguntzaz, kooperatibaren balantze soziala xehatzen duen azterlana ondu dute.
“Kooperatibak sortutako balio ukiezinak eta prezio bidezko kontraprestaziorik ez duten eragiketak ezagutu, kalkulatu eta monetizatu ditugu”, azaldu dio Matek EnpresaBIDEAri. Alderdi ekonomikoak duen garrantzia alboratu gabe, “hainbat ekintza eta ekarpen garrantzitsu plazaratzeko sistema” jorratu dutela gehitu du San-Josek.
Gizarte ekimeneko kooperatiba
“Tokiko komunikabide bat izatetik komunitate proiektu integral bat” izatera pasa zen Aiaraldea 2017an. Hasieran hedabide bat besterik ez zen; orain, berriz, gizarte ekimeneko kooperatiba da. Gartzen Garaio komunitate arduradun eta bazkideak hedabide honi orain bi urte esan moduan, “bizitzako esparru guztietan euskarazko alternatiba eraldatzaileak sortzeko xedea duen giza komunitatea” da Aiaraldea.
Eskualdean euskararen biziberritzea du helburu, eta besteak beste, komunikazioan (aiaraldea.eus, Aiaraldea Hamabostekaria, Komunika komunikazio agentzia), hezkuntzan (Kokoriko Hezkuntza Faktoria), kulturan (Kultur Faktoria), elikaduran (Elikatzeko Faktoria-Ekonomatua) edota ekonomia sozial eraldatzailean askotariko proiektuak garatzen dituzte.
Kooperatibaren gogoeta estrategikoan txertatzeko tresna da ondutako txostena, eta entitatearen kontabilitate soziala landu dute ikertzaileekin elkarlanean; hots, Aiaraldearen Balio Sozial Integratzailea (BSI) monetizatu dute.
Euskara, boluntarioen militantzia, pluraltasuna...
Prozesuari ekiteko lehen pausoa izan da erakundearen interes taldeak identifikatzea. Ikertzaileek kooperatibako lankideekin elkarlanean egin dute azterketa, erakundearen lan ildoak hobeto ezagutu eta interes taldeen mapa osatzeko. Izan ere, txostenak argi utzi du funtsezkoa dela identifikatzea zein lan ildotan eta zein interes talderi sortzen zaion balio hori. “Non jarri behar genituzke baliabide gehiago inpaktua bikoizteko? Modu orekatuan sortzen diegu balioa interes talde guztiei?”, galdetu du Matek.
Identifikatutako interes taldeekin hogei elkarrizketa egin, eta "balio-aldagaien" zerrenda bat osatu dute. Interes taldeek boluntarioen militantzia lana baloratu dute batik bat. “Aiaraldea eskualdean euskara erdigunean kokatzen eta euskaldunon ahalduntzean emandako pausoak azpimarratu dituzte elkarrizketatu guztiek”, azaldu du Matek. Halaber, tokiko eragileei, hau da, "kultura nahiz kirol eragileei eta beste eragile sozialei, sindikatuei, mugimendu feministari... balio sozial handia sortzen die komunikabideak: ekitaldiak sustatzen, ikusarazten eta eragile horien balioa nabarmenduta".
Aitor Mate: “Aiaraldean euskara erdigunean kokatzen eta euskaldunon ahalduntzean emandako pausoak azpimarratu dituzte elkarrizketatu guztiek”
Interes taldeen arabera, kooperatibaren balio asko oraindik monetizatu gabe dago. “Kooperatibak Aiaraldea mapan jarri du, Aiaraldea markaren ikusgarritasunean lan handia egin du, geografikoki ez hain hurbil dauden herrien arteko kohesioan bere alea jarri du, eta eskualdeko sentimendua sortu du”, dio Matek. Bestalde, "ahalduntzeko, familia baten parte sentitzeko, eta jende berria ezagutzeko tresna gisa" egiten duen ekarpena jarri dute mahai gainean interes taldeek.
Era berean, interes taldeen hitzetan, "demokrazia soziala, pluraltasuna eta izaera integratzailea" bezalako baloreetan erreferentziazko erakundea da Aiaraldea.

Nola neurtu zenbatu ezin dena?
“Baina nola neurtu balio-aldagai horiek dirutan (eurotan) sortzen duten balioa?”, galdetzen du txostenak. Bada, ikerketan zehar balio-aldagai bakoitzeko neurgailu edo output bat bilatu da, hau da, balio aldagaiak adierazleetara orientatutako terminoetan birmoldatu dira.
Output horiek neurtzeko hiru aukera daude: merkatu aktiboetan antzeko transakzioen prezioak eta datuak behatzea, preskriptore sektorial esanguratsuek gomendatutako prezioak erabiltzea edota arrazoizko balio, produkzio edo eskuratze kostuak batuz eta arrazoizko irabazi-marjin bat gehituz kalkulatzea.
Proxya zerbitzu berberarengatik, merkatuan, edo antzeko beste elkarte edo erakundeetan zenbat ordaintzen den kalkulatzean da
Esaterako, tokiko eragileak eta ekitaldiak sustatzeagatik eta ikusarazteagatik sortutako balioa neurtzeko ondorengo proxya erabili da ikerketan: kalkulatu da zenbat orrialde ekoizten dituen Aiaraldeak promozio-gune gisa, eta zein izango litzatekeen orrialde kopuru horren araberako publizitatea argitaratzearen merkatu balioa.
Proxya zerbitzu berberarengatik, merkatuan, edo antzeko beste elkarte edo erakundeetan zenbat ordaintzen den kalkulatzean da. Adibidez, umeentzat dohainik antolatutako ludoteka zerbitzu bat nola baloratzen da? Zein balio dute, dirutan, ordu horiek? Horrelako kasuetan, proxyetara jotzen da. Zerbitzua doan eskaini denez, zenbat umek jaso duten zerbitzua eta zenbat orduz zenbatu behar da eta, ondoren, monetizatu.
Ia hiru milioi euroko balio soziala
Balio Sozial Integratzailea (BSI) neurtzea izan da hurrengo pausoa. “BSIk erakunde batek bere interes talde guztiei transferitzen dien balioa moneta unitatetan kalkulatzea du helburu”, argitu du Matek. Horretarako, lehenik eta behin, jarduera ekonomikoaren bidez sortutako inpaktu soziala kalkulatuko dute (balio sozioekonomikoa edo merkatu balioa), merkatuko prezioko transferentzien bidez sortutako balioa, eta, bigarrenik, Aiaraldea kooperatibak bere interes taldeei merkatuko prezio erreal baten kontrapartidarik gabe sortzen eta transferitzen dien balio sozial zehatza neurtu dute, erabiltzailearentzat edota bazkideentzat sortutako balioa, alegia, “merkatukoa ez den balioa” nolabait.
“Horrelako balio sozialaren neurketa prozesua jartzen denean, berrikusi egiten dira hainbat alderdi; zein den enpresaren helburua, nori sortarazten dion balioa... Interesdunak hurbildu egiten ditugu eta beraiekin hitz eginez beste ikuspuntu batetik begiratzen da enpresa, bereziki stakeholderren ikuspegitik”, nabarmendu du San-Josek.
Merkatuko balio soziala eta merkatukoa ez den balio soziala batuta, 2,8 milioi eurokoa izan da Aiaraldearen guztizko ekarpena
Merkatuko balio soziala eta merkatukoa ez den balio soziala batuta, 2,8 milioi eurokoa izan da Aiaraldearen BSI. Aitzitik, balio hori hiru “ekosistematan" oinarrituta dago. Lehenengoa, enpresaren balio sozioekonomikoa, hots, jarduera ekonomikoaren bidez sortutako inpaktu soziala, zeina 1,7 milioi eurokoa izan den. “Balio sozial horren baitan kokatzen dira gizarte segurantzari ordaindutakoa, langileen errentari dagokion atxikipena eta hornitzaileei ordaindutako gastuaren bidez dagokion zeharkako zergen balioen batura”, dio txostenak.
Bigarren ekosisteman, “itzultze sozioekonomikoa” aztertzen da, administrazio publikoen nahiz hornitzaile eta beste eragileetan oinarritutako inpaktua (733.792 euro inguru). Azkenik, hirugarren ekosistema interes taldeek identifikatutako aldagaiengatik sortutako balio sozial espezifikoari dagokio (1.056.415 milioi euro).

Eraldaketa sozialerako tresna
“Kontabilitate tradizionala kooperatibetan eta ekonomia sozial eraldatzaileko erakundeetan ondo egokitzen ez den eredua da. Aiaraldea kooperatiba ez da enpresa edo komunikabide soil bat, hainbat eragile, elkarte eta administrazioekin elkarreragiten du euskara izan dadin eraldaketa sozialerako tresna”, dio txostenak ondorioen atalean.
“Jardun ekonomikotik eratorritako balioari bakarrik edo kontabilitatean erregistratutako eragiketei bakarrik so egiten badiegu interes taldeei modu zehatzean sortutako 1.056.415 euroko balio soziala ikusezin geratuko litzateke”, nabarmendu du Matek. Azterlanaren arabera, euro publiko bakoitzeko, 6,9 euro sortzen dira Aiaraldearen jardun ekonomikotik, eta beste 4,2 euro gehiago itzuli dizkio kooperatibak gizarteari balio sozial espezifiko gisa (merkatutik kanpoko interes taldeei transferitutako balio moduan).
Mate: “Jardun ekonomikotik eratorritako balioari bakarrik edo kontabilitatean erregistratutako eragiketei bakarrik so egiten badiegu interes talde desberdinei modu zehatzean sortutako 1.056.415 euroko balio soziala ikusezin geratuko litzateke”
“Interes taldeei sortutako balio sozialaren azterketa egiten badugu, ikusten da administrazio publikoei (%26), euskara erdigunean kokatzeari eta euskaldunon ahalduntzeari (%22) eta langileei (%15) transferitzen dela sortutako balio sozialaren gehiengoa”, gehitu du ikertzaileak.
Halaber, kontuan hartu behar Aiaraldeak jasotzen dituen dirulaguntza publikoak 246.761 eurokoak direla guztira. 2023ko diru-sarreren likidazioa 1.049.452 eurokoa dela kontuan hartuta, (%76ko autofinantzaketa), kooperatibak dirulaguntza publikoko euro bakoitzeko 4,2 euroko diru-sarrerak sortzeko gaitasuna izan du.
Ikertzaileen ustetan, gizarte eraginaren neurketa erakundeen estrategian eta eguneroko kudeaketan integratu beharko luke, eta etorkizunera begira, kooperatibaren interes taldeei ahalik eta inpaktu handiena sortzen dieten proiektuetan "indarrak jarri" beharko lituzte kooperatibak, bai eta balio sozial gutxi sortzen duten jarduerak berbideratzeko apustua egin.