Alaine Albisurentzat izan da Enpresa Ekimen Berriaren saria

Calderería Aitzgorri eta CVS Instalazio Elektrikoak ere saritu dituzte

Goiekik antolaturiko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketaren 2024ko irabazleak | Argazkia: Goieki Goiekik antolaturiko Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketaren 2024ko irabazleak | Argazkia: Goieki

Enpresa Ekimen Berrien lehiaketaren XVII. edizioa egin dute gaur goizean Ordiziako (Gipuzkoako) Negozio Berrien Fabrika eraikinean. Goieki Goierriko garapen agentziak antolatuta, Goierri bailarako hainbat eragilek babestutako sariak dira, urtero eginikoak.

Enpresa Ekimen Berri Onenaren saria Alaine Albisu 20 urteko lazkaotarrak jaso du. Izan ere, Bilbon Moda Diseinuko ikasketak egiten ari den bitartean, Alaine Albisu Studio sortu du, merino eta latxa artilearekin eskuz jositako arropa eta osagarriak egiteko, Instatram bitartez saltzen dituenak. Zehazki, bilduma esklusiboak sortzen ditu material ekologiko eta teknika berritzaileak baliatuz, eta diseinu digitala eta tradizionala uztartuta. Halaber, material jasangarri berrien ikerketan dirau, kombuka ehunak edo bioplastikoak kasu.

Txikitatik izan du Albisuk moda pasio, eta Maider Alzaga eta Ordiziako IMZ diseinatzaileak miresten ditu. Sektoreak sortzen dituen hondakin eta kutsadura arazoak kezkatuta, jasangarritasunari loturiko proiektua bultzatu nahi izan du. Epaimahaiak haren esfortzu eta pasioa nabarmendu ditu, halako egitasmo bat 20 urterekin martxan jartzea ezohikoa dela azpimarratuta. Gainera, eskualdean ohikoa ez den sektore baten aldeko apustua egin izana aitortu diote, tradizioa, teknologia, ingurumena eta digitalizazioa aintzat hartuta. Bestalde, haren ikuspegia tokiko erreferenteekin ere lerrokatuta dagoela nabarmendu dute Boinas Elosegui, Ternua, Loreak Mendian eta SKFK tarteko.

Enpresa barruan buruturiko proiektu berritzaile onenaren saria Calderería Aitzgorrirentzat izan da. 1990ean sortua, aitaren jubilazio osteko jarraikortasuna izan zuen lehen erronka, Garikoitz eta Eider Iztueta seme-alabek lekukoa hartzea erabaki zuten arte. Geroztik, eraldaketa nabaria gauzatu du galdategiak, tartean datuen gobernantza txertatuta prozesuaren digitalizaziorako edo soldadurako robot espezializatu eta elkarlanerakoa erosteko inbertsioa eginda. Epaimahaiak nabarmendu du horrek guztiak prozesuen optimizaziorako eta dibertsifikaziorako eskaini dion aukera, bai zerbitzuei, bai merkatuei dagokienez. Bestea beste, energia sektorera eta Suitzara salto egitea ahalbidetu die.

Ekintzailetzaren bitartez garatutako gizarte inklusioko proiektu onenaren saria CVS Instalazio Elektrikoak proiektuarentzat izan da, Valentín Cristi Saracuk abiatutakoa. Duela 20 urte iritsi zen Euskal Herrira, eta metalgintzaren sektorean aritu. Pandemia ostean, baina, berak lan egiten zuen enpresak itxi egin zuen eta berrasmatzea egokitu zitzaion. Aurrezkiekin eta langabeziaren laguntzaz ikasketak egin zituen elektrizitateari loturikoak, profesionaltasun ziurtagiri bat lortzeko. Hala, CVS Instalazio Elektrikoak abiatu zuen. Epaimahaiak nabarmendu du proiektuak bere laneratzea eta integrazioan lagundu duela, eta gremioen sektorean zegoen profesional-gabeziari erantzuna eman diola, baita ibilbide profesional eta pertsonalean izandako zailtasunei aurre egin ere.

Hub 4.0en beharrei buruzko bideragarritasun planari ere aitortza

Enpresa proiektuez harago, Goierri Eskolako Administrazio eta Finantzatako Goi Mailako Zikloko ikasleek garatutako egitasmo onenaren saria ere banatu dute gaur. Goierri Eskola, Lortek eta Goiekik elkarlanean bultzaturikoa, Hub 4.0ri loturiko proiektua garatu duen taldeak irabazi du aurtengo edizioa, Mikel Ortuño, Irati Serradilla eta Aitzol Odriozolak osatua. Euren erronka zen 4.0 teknologiaz osatutako gune bat diseinatzea, enpresa txiki eta ertainen garapen teknologikoa sustatu asmoz. Izan ere, hubak dagoeneko baditu zenbait makina. Aitzitik, fabrikazio gehigarrirako besterik ez dira. Helburua da ETEek aukera izan dezaten beste 4.0 teknologia batzuk ikusi eta probatzeko, inbertsioa egin aurretik, eta ikasleek aztertu behar izan dute zein teknologia txertatu daitezkeen bertan. Epaimahaiak nabarmendu du ikasleek egin duten lana batez ere euren esparrutik kanpo geratzen zena ulertzeko eta bideragarritasun plana gauzatzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK