Amazonek ez du egoitzarik zabalduko Oiartzunen

Logistika enpresak Oiartzungo udalari jakinarazi dio erabakia, Espainiako antolaketa eredua "birplanteatu" dutela azalduta

    SJL enpresaren egoitza zaharra, Amazonen instalazioak izan behar zituena | Argazkia: Oiartzungo Udala
    SJL enpresaren egoitza zaharra, Amazonen instalazioak izan behar zituena | Argazkia: Oiartzungo Udala
    2022eko maiatzaren 12a
    Eg. 2025eko apirilaren 4a

    Oihartzun handiko albistea izan zen Gipuzkoan: Amazonek instalazioak jarri behar zituen Oiartzungo Lanbarren eremuan, lehen Grupo de Transportes San José López (SJL) enpresaren egoitza zen horretan. Aldiz, proiektuak ez du aurrera egingo, Amazonek erabaki baitu tramitazioak bertan behera utzi, eta instalaziorik ez jartzea. Hala jaso du logistikaren erraldoiak atzoko dataz Oiartzungo udalean erregistratutako dokumentuak. Antza denez, Espainiako estatuko "antolaketa eredua birplanteatu" du, eta plan horietan "ez dute hemengo zentroaren beharrik", udalak azaldu duenez atzo argitaratutako oharrean.

     

    Udaletxeak hasiera-hasieratik esan zuen ez zetorrela proiektuarekin bat, baina ez zuela botererik kontra egiteko. Izan ere, zonalde horretan "soilik jarduera logistiko edo/eta industriala" gauzatu daiteke, herriko HAPO izeneko udalerriko hirigintza proiektuaren arabera, Amazonek egiten duena, eta egun, partzelaren eta pabilioiaren jabea inbertsio fondo bat da. Jabe hori, hain zuzen ere, kutsadura kentzeko lanetan aritu da hainbat hilabetez, eta  "hainbat garraio-enpresak" partzelarekiko euren interesa helarazi diela kontatu dute.

    Era berean, udaletxeak azpimarratu du "herriaren garapen industrialaren eta komertzio txikien sustapenean" lan egiten segituko duela.