Arabako enpresen errealitatea ezagutu ahalko dute herritarrek 'Made in Araba'-ren bitartez

Urriaren 26an egingo da Made in Araba eguna

Made in Araba egitasmoaren aurkezpena, gaur goizean | Argazkia: AFA Made in Araba egitasmoaren aurkezpena, gaur goizean | Argazkia: AFA

Arabako enpresa industrialak herritarrei ezagutarazi eta haien potentziala erakusteko asmoz, Made in Araba Day egitasmoa abiarazi du Arabako Foru Aldundiak. "Arabako pertsona guztiok dugun industria-sare handiaz jabetzea nahi dugu", esan du Saray Zarate Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasun diputatuak aurkezpen ekitaldian, industriak lurraldeko BPGaren %33 baino gehiago hartzen baitu, "aberastasunari eta enpleguari ekarpena" eginez. Halaber, Zaratek nabarmendu duenez, lurraldean euren sektoreetan "munduko lider eta erreferente" diren "konpainia handiak eta ETEak" dituzte.

Arabako enpresak jendarteratzeko eguna izango da urriaren 26a, larunbata. Horretarako, karpa bana jarriko dute Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan eta Probintzia plazan. Karpa nagusia lehenengoan izango da, 11:30etatik 14:30etara. Bertan eskainiko dira robotikako tailerrak eta txikientzako antzezpenak, 5 minutuko aurkezpenak enpresen ordezkarien aldetik eta hitzordu azkarrak enpresetako lanak modu zabalagoan ezagutzeko. Halaber, Made in Araba txokoan lurraldean ekoizten diren hainbat produktu ikusi ahalko dira, ezagun zein ezezagunak.

Jarduera horiez gain, edonorentzat zabalik egongo den enpresa-azoka modukoa izango da arestian aipatutako bi plazetan. Azoka horretan hamabi enpresen erakustokiak izango dira, eta euren produktuak ezagutarazteko aukera izango dute.

Parte hartuko duten enpresen artean honako hauek dira: Mercedes Benz, Michelin, Aernnova, Amurrio Ferrocarril, LEA-Lascaray, Naipes Fournier A & B Bioteknologiako laborategiak, Araia altzairuak, AJL, AVS, Cegasa eta i+MED.

Jarduera nagusiaz harago, beste zenbait egitasmo egingo dira aurreko egunetan, tartean ate irekien jardunaldiak enpresak bisitatu ahal izateko Jundizen eta parke teknologikoan, lanbide heziketako ikasleei zuzenduta. Programa guztia webgunean dago eskuragarri.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK