Arabako Mahastien zigilua, Europaren esku

Hamar hilabetez esku artean izan ondoren, Espainiako gobernuak igorri berri du Bruselara proposamena jasotzen duen informea

Argazkia: ABRA
Argazkia: ABRA
2022eko maiatzaren 20a
Eg. 2025eko apirilaren 4a

Hamar hilabete behar izan ditu Espainiako gobernuko Nekazaritza Ministerioak ABRAko zuzendaritza batzordeak eginiko informea aztertu eta Bruselara bidaltzeko. Informe horren helburua da Arabako Mahastien zigilua sortzea, orain arteko Errioxako zigilutik at. Guardia-Arabako Errioxako Kuadrillako upategien elkartea da ABRA. Oraindik ez da argitu zenbatek egingo luketen bat zigilu berriarekin.

 

Izan ere, proposamen bateratua aurkeztu bada ere, upategi guztiak ez datoz bat hartutako erabakiarekin, eta zenbaitek elkartetik ateratzea ere erabaki dute. Gainera, Errioxako jatorri-deitura kualifikatuko kontseilu arautzaileak kontra egin dio erabakiari hasieratik, eta iazko abenduan Jaurlaritzaren kontrako salaketa jarri zuen, euren sor-markatik kanpo izango zen zigilua ontzat jotzeagatik, Espainiara igortzeko. Oraindik ez da jakin epaiaren emaitza, baina kontrakoa izatekotan, helegitea jarriko duela aurreratu dute Errioxatik.

Jaurlaritzari dagokionez, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Sustapeneko sailburuak atzo adierazitakoaren arabera, gobernuak babesa eta aukera emango die zigilu berrira atxiki nahiko duten upategiei, betiere ulertuta erabakia "guztiz pribatua" dela, eta norberaren erantzukizuna dela erabaki hori. "Guk dagokione jarduera administratiboa besterik ez dugu egingo", gaineratu zuen. Hain zuzen, Bruselaren eskuetan izanik, Arabako Mahastiak zigilua erregistratuta geratu da, eta, beraz, nahikoa izango da eskaera Jaurlaritzan aurkeztea eta behin-behineko baimena lortzea aurrera egin ahal izateko. Era berean, Arabako Mahastiak erregistratuta geratu da, eta beste inork ezingo du erabili.