Maria Jose De Ulibarri 34 urteko iruindarra da, formazioz itzultzaile eta interpretea. Marc Abadie, aldiz, 36 urteko ingeniari eta enpresa kudeatzailea da, Bordelen (Frantzia) jaioa eta 2010tik Iruñean finkatuta. Ingeteam-en negozio garatzaile bezala lan egiten zutelarik elkar ezagutu ziren. Bellezon enpresa sortzea erabaki zuten, bularreko minbizia sufritu duten emakumeei areolen prototipoak eta "azal bitxiak" eskaintzeko asmoarekin.
De Ulibarriren arabera, ideia hau “serendipiaz” bururatu zitzaien. Lanerako proiektu bat garatzeko aholkulari bat izendatu zieten, zeina Centro Europeo de Empresas e Innovación de Navarran (CEIN) osasun arloaz arduratzen zen. Pertsona honi, “bere lehengusinekin batera prebentziozko mastektomia aplikatu zioten bularreko minbizia ekiditeko, aldez aurretiko jarrera genetikoa zeukaten eta”. Nahiz eta bularra berreraikia eduki, bular-puntak falta zitzaizkion, eta De Ulibarrik eta Abadiek prototipo bat sortu zezaketela pentsatu zuen. Horrela hasi ziren bi ekintzaileak Bellezon proiektuarekin.
Lehen pausoa “merkatu ikerlana” izan zen, “aukera eskuragarriak, abantailak eta erronkak” ikusteko, eta ahalik eta produktu hoberena garatu ahal izateko. Produktua “eskuragaia” izan behar zela adostu zuten; izan ere, honelako prototipoak lortzeko aukerak merkatuan gutxi ziren eta jende gehienaren irismenetik kanpo zeuden.
Areolen prototipoak
Ondorio hauek bilduta, Eman zure bular-muturra deituriko ekimena jarri zuten martxan. Honen bidez “emakume boluntarioek haien titipunten prototipoak egin ditzakete dohainik, substantzia baten bidez titiburuen aztarna edo moldea eratuz eta kaxa batean sartuz”, dio De Ulibarrik. “Bi minututan oso erraz egin daiteke; instrukzioak bideo baten bidez ematen dira”. Halaber, material hau “hiri ezberdinetan” banatzen dute, “normalean elkarteen bidez, baina batzuetan ospitaletan ere”.
Maria Jose De Ulibarri: “Emakume boluntarioek haien titipunten prototipoak egin ditzakete dohainik, substantzia baten bidez titiburuen aztarna edo moldea eratuz eta kaxa batean sartuz”
Helburuetako bat “bular minbiziari buruz kontzientziatzea da, gaixotasun arrotza da eta tratamendu gogorra du”. Azken finean, “mastektomia bat pasatu behar duen emakume batek elbarria ikusten du bere burua, bere emetasunaren sinboloetako bat kendu diotelako”. Horregatik “min fisikoaz gain, kalte emozional handia jasaten da”. Hori dela eta, “emakumeak bularra berreraikitzeko operazioa egin nahi ez badu, titipunten aztarnak erabiltzea alternatiba bat izan daiteke bere burua berriz osoa ikusteko”, De Ulibarriren esanetan.
Bestalde, Abadiek argi utzi nahi izan du beraiek egiten dutena ez direla protesiak, protesia “organo edo gorputz-adar bat ordezkatzeko da eta”. Aldiz, haiek proposatzen dutenari epitesia deitzen zaio, "helburu estetiko batekin azalaren gainean jartzen den zerbait delako”. Gainera, haien moldeei, produktu ordez, “prototipo” deitzen diete. Abadiek azaldu duen bezala, “produktu bat zuk merkatuan erosi dezakezun zerbait da”, eta egiten dituzten prototipoak “etorkizunean merkaturatu daitezkeen produktu hauen aitzindariak dira”.
Moldearen digitalizazioa
Abadieren hitzetan, behin titipuntaren aztarna iristen zaiela, hura “digitalizazio prozesu batetik” pasatzen dute, eta horren bidez “epitesia egiteko beharrezko tresna lortzen da”.
Etapa honetan bi material erabiltzen dituzte. Lehenbizikoa “pigmentuak dituen silikona da, azalaren kolorea antzeratzeko”. Bestea “erabilera medikurako silikona da, azalera lekeda gabe itsastea baimentzen duena”. Horri esker, “maila mikroskopikoraino iristen den epitesi hiperrealista” lortzen da. Beste marka batzuek sortutako modeloek “itsasgarria erabiltzen dute, eta hori higienerako kaltegarria izan ahal da”. Emakume bat “modelo hauek bi hilabetez aztertzen egon da eta batez ere haien erosotasuna azpimarratu du”, gehitu du De Ulibarrik.
Finantzazioa eta hedapena
De Ulibarrik azaldu duen bezala, “finantzazioa ezinbestekoa da komertzializazioa hasteko”. Era berean, hedapenari dagokionez, Abadieren hitzetan, “alde batetik proiektua aurkeztu eta bestetik oso katalogo anitza proposatu” nahi dute.
Kapitala lortzeko crowdfunding kanpaina bat egitea pentsatu dute. Hura “apirilaren 25raino dago irekita” eta bertan ”produktuaren aurretiko salmenta sartzen da”, diru-emailea “eskuekin hutsik ez akabatzeko eta trukean zerbait jasotzeko”. Produktu hau “39 eurorengatik lortu daiteke, beste marka batzuetan prezioa 600 eurotara iritsi daitekeen bitartean”. Horrez gain, proiektua lehenbailehen hasi nahi dutenez (jadanik hainbat eskaera jaso dituzte), dirua eskuratzeko era alternatiboak pentsatzen ari dira. Finantzazioa lortzen badute, komertzializazioa irailean hasiko da; bestela, gerorako utzi beharko dute.
Lankidetzak
De Ulibarri eta Abadie hainbat erakundeekin jarri dira kontaktuan. Haien artean Saray Asociación Navarra de Cáncer de Mama; honekin, adibidez, “tailer bat eratzea” pentsatu dute, “produktua behar duten emakumeengana hurbiltzeko”. Topaketa honetan Nafarroako Ospitaleko Kirurgia Plastikoko zuzendariak, Andrea San Martínek, parte hartzea espero dute, bera “proiektuan oso murgilduta dago eta”.
Horrez gain, Abadieren esanetan, merkatu frantsesa eta alemana ikertu dituzte, eta hainbat ekintzak merkatu hauetara hedatuko dituzte. Gainera, gauza bera egingo dute Latinoamerikan: Kolonbian, Uruguain, Venezuelan, Argentinan eta Ekuadorren. Ingeniariaren arabera, “mastektomia eta bularraren berreraiketa pairatu behar duten emakumeen portzentaia bikoitza da zonalde honetan, beste leku batzuekin alderatuta (osotara, 400.000 emakumek dute urtero bulerreko minbizia)”. Horren arrazoien artean “bizitza erritmoa eta ohiturak” egon daitezke. “Gaur egun, mundu mailan, zortzi emakumetik batek bularreko minbizia sufritzen du”, gehitu du ekintzaileak.
Marc Abadie: “Mastektomia eta bularraren berreraiketa pairatu behar duten emakumeen portzentaia bikoitza da Hego Amerikan, beste leku batzuekin alderatuta (osotara, 400.000 emakume urtero)”
Bellezon enpresaren egoitza Iruñeko Iturrama kalean dago kokatuta. “Eguneroko ekintza nagusiak prototipoen eraketa, paketatzea eta bidaltzeko prestatzea dira”, gehitu du Abadiek.
"Azal bitxiak"
Titipunten prototipoez gain, Bellezon-ek beste zerbait ere eskaintzen du: "azal bitxiak", tatuaje berrerabilgarri eta ez-iraunkorrak. Edozein forma eman diezaiekete, eta hori dela eta, hainbat erakundeei (hala nola, futbol eta beste kiroletako klubei) eskaintzeko aukera dute.
Hauek azala dekoratzeko ideiarekin jaio ziren, batez ere azalean gaitzen bat (ebakiondoak, erredurak, psoriasia...) daukaten pertsonentzat. “Daukazun azala daukazu, ezin duzu aldatu, baina hobe edo okerrago izan dezakezu”, argudiatu du De Ulibarrik. "Azal bitxien" bidez, “arlo fisikotik azala babesten eta zaintzen da, eta arlo psikologikotik, zeina garrantzitsuagoa den, pertsona ziurtasunik eza horretatik liberatzen da, bizitzen duenaz gozatu dezan”.
Maria Jose De Ulibarri: “arlo fisikotik azala babesten eta zaintzen da, eta arlo psikologikotik, zeina garrantzitsuagoa den, pertsona ziurtasunik eza horretatik liberatzen da, bizitzen duenaz gozatu dezan”
Bezeroek "azal bitxietarako" diseinua marrazki forman eskaini dezakete. Gainera, funtsezko katalogo bat sortu dute "produktu hauek merkatura hurbiltzeko, azal bitxiak guk asmatutako kontzeptua delako eta beraz beste pertsonentzako ezezaguna izan daitekeelako”, zehaztu du De Ulibarrik. Helburua “jendeak bere edertasuna sortzea eta adieraztea da”. Horretan pentsatuz, enpresaren logoa diamante bat da, “jendea distiratzea” nahi dute.
Bai titimuturren prototipoei eta bai "azal bitxiei" Bellezones izena jarri diete. Bien helburua “pertsona bere azalean eroso sentitzea da”, esan du De Ulibarrik.
Etorkizunerako planak
Momentuz bi ekintzaileak dira Bellezon proiektuko kide bakarrak. Hala ere, pertsona bat edo bi gehiago kontratatzea gustatuko litzaieke, “sare sozialetaz, publizitateaz, marketinaz eta antzeko esparruetaz arduratzeko”.
Bestalde, Bellezones deiturikoak Latinoamerikan saltzea, Abadieren ustez “oso aukera ona” izan daiteke. Azken finean, irailetik aurrera merkaturatzen hasten badira, ipar hemisferioan udazkena eta negua diren bitartean, hego hemisferioan udaberrian eta udan daude, eta “garai horretan dauden ospakizunak momentu aproposa dira produktu hauek aurkezteko”.