Autonomo faltsuen bidez funtzionatzeari utziko diola jakinarazi du Glovok

Bartzelonako epaitegi batean deklaratuko du gaur Oscar Pierre konpainiako sortzaileak. Rider legea 2021ean onartu bazen ere, banaketa enpresak autonomo faltsuekin jarraitu du lanean orain arte

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Autonomo faltsuen bidez funtzionatzeari utziko diola jakinarazi du Glovok. Aurrerantzean konpainiako banatzaileak soldatapeko langileak izango dira eta ez autonomoak. Atzo iragarri zuen erabakia konpainiak, Oscar Pierre Glovoko sortzaile eta zuzendaria ikertzen ari direnean, hain justu ere.

Bartzelonako 31. zenbakiko Instrukzio Epaitegian deklaratuko du gaur Pierrek, izan ere, Fiskaltzak salaketa jarri zion autonomo faltsuak erabiltzeagatik. Langileen eskubideen kontrako delitua egotzi dio Espainiako Ministerio Publikoak, baita kontratazioan iruzurrak egitea ere.

Espainiako Estatuan 2021. urtean onartu zen banatzaileak kontratupean izatera behartzen duen legea, baina Glovok orain arte jarraitu du autonomo faltsuekin funtzionatzen. Delituongatik sei urte arteko kartzela zigorra eta hamabi hilabeteko isuna jaso lezake Bartzelonako banaketa enpresak.

Just Eat enpresak ere salaketa jarri zion joan den ostiralean Glovori, lehia desleiala egotzita. Just Eat-ek soldatapean ditu bere langileak eta 295 milioi euro eskatzen dizkio Glovori kalte ordainetan.

Glovok orain arte ez du rider legea bete eta isun ekonomiko ugari jaso ditu. Horrek ez du ordea bere funtzionatzeko eredua aldatu harik eta Espainiako Gobernuak auzitegietara jo duen arte. Espainiako lan ikuskaritzak 2014tik konpainian lan egin duten 40.000 autonomo faltsu baino gehiagori alta emateko agindu zion Glovori. Gaur egun, 15.000 banatzaile inguru ditu eta 900 hirietan dago.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK