Ayesak EAEko "zibersegurtasun zentrorik handiena" ireki du Donostian

Konpainiak bezeroen segurtasuna monitorizatu eta kudeatuko du gune berrian, segurtasun-mehatxuak detektatuz, aztertuz eta horiei erantzunez

Ayesako ordezkariak agintariekin batera inaugurazio ekitaldian | Argazkia: Ayesa Ayesako ordezkariak agintariekin batera inaugurazio ekitaldian | Argazkia: Ayesa

Ayesak gaur goizean inauguratu du Donostian segurtasuneko operazio zentro nagusia, eta konpainiaren esanetan, "EAEko handiena" izango da. Zentro berri hau Ayesak Euskadiko Parke Teknologikoan duen egoitzan dago, eta uneoro zerbitzua emango du nazioartean, munduko bezeroei estaldura emateko.

200 bezerorentzat baino gehiagorentzat lan egiten duten 200 profesional baino gehiago ditu Ayesako zibersegurtasun alorrak, eta 20 milioi euroko negozio-bolumena du. Gune berri hau irekitzeak enpresak Mendaron zuen zibersegurtasuneko aurreko zentro nagusia ixtea dakar. Orain zentro hori zabaldu egingo da eta gaitasun berriak emango ditu.

Gune berri hau irekitzeak enpresak Mendaron zuen zibersegurtasuneko aurreko zentro nagusia ixtea dakar

Konpainiak ohar bidez azaldu duenez, zibersegurtasun zentro berri hau "monitoretza eta erantzun-zentro bat izateaz gain, lankidetza, berrikuntza eta etengabeko ikaskuntza sustatuko dituen leku bat ere izango da". 

Ayesako zuzendari nagusia, Jose Luis Manzanares eta Ayesako beste ordezkari batzuk, agintariekin batera, Ayesak Euskadiko Parke Teknologikoan dituen bulegoetara egindako bisitan | Argazkia: Ayesa
Ayesako zuzendari nagusia, Jose Luis Manzanares eta beste ordezkari batzuk agintariekin batera, gaurko bisitan | Argazkia: Ayesa

Alvaro Fraile Ayesako zibersegurtasun zuzendariak azaldu duenez, "zentro berri honek espazio fisiko bat baino gehiago irudikatzen du. Segurtasun zibernetikoko eta defentsa sakoneko estrategia da. Mehatxu zibernetikoak etengabe bilakatzen ari diren mundu honetan, ezinbestekoa da pauso bat aurretik egotea gure aktiboak, datuak eta bezeroen konfiantza babesteko".

Ayesaren arabera, espazio berriaren indarguneetako bat sektore eta instalazio desberdinetako azpiegitura kritikoetan dauden IT eta OT inguruneak babesteko duen gaitasuna da, eta 360 graduko zerbitzua eskainiko du. Hala, bertatik bezeroen segurtasuna monitorizatu eta kudeatuko da, segurtasun-mehatxuak detektatuz, aztertuz eta horiei erantzunez.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK