Azken txanpa

Euskaraldian norbanakoen izen-ematea abiarazteko ekitaldia egin da bart Bilbon, eta entitateek urriaren 31era arte dute epea zabalik. Aurtengo edizioak ariguneak hedatzea, erronkak komunikatzea eta tresnak eskaintzea izango ditu helburu, besteak beste

Norbanakoen izen-ematea atzo zabaldu zen. Horri hasiera ofiziala emateko ekitaldia egin zuten Bilboko Kafe Antzokian | Argazkia: Euskaraldia Norbanakoen izen-ematea atzo zabaldu zen. Horri hasiera ofiziala emateko ekitaldia egin zuten Bilboko Kafe Antzokian | Argazkia: Euskaraldia

Euskaraldirako prestaketa azken hilabete eta erdiko txanpan sartu da. Bi hilabete baino gutxiago geratzen dira txapak jarri, eta aho eta belarriek ari entzun, entzun ari ariketari modu kontzientean ekiteko, azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an bukatuko baita hirugarren Euskaraldia. "Aurreko bi edizioetako lorpenen inguruan aritu gara hilabete hauetan, jendeak eta entitateek zer lortu zuten azpimarratzen", azaldu du Goiatz Urkijo Castañares hirugarren Euskaraldiko koordinatzaileak. 2020koan, 178.184 ahobizi eta belarriprest-ek eman zuten izena, 2018ko edizioan baino ia 47.000 lagun gutxiagok. Entitateei dagokienez 8.309 egoitzak eman zuten izena —kontuan izan behar baita zenbait entitatek egoitza bat baino gehiago dutela—, eta guztira 24.363 arigune sortu zituzten bertan.

"Eta orain aurrera begira jarriko gara, eta ahobizi, belarriprest eta entitateei eskatuko diegu erronkak identifikatzeko eta horiek bistaratzeko. Alegia, plazaratzea zein helburu dituzten edo zer lortu nahi dute aurtengo Euskaraldiarekin", gehitu du Urkijok. Hain zuzen, norbanakoen izen-ematea zabaltzearekin batera iritsi da aldaketa, eta atzo Bilboko Kafe Antzokian horretarako eginiko ekitaldia izan du zedarri. "Frustrazioz beteriko" aurreko edizioaren aurrean, aurtengoa "bizipozaren eta ilusioaren" Euskaraldia izango dela nabarmendu zuen ekitaldian Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak.

"Badakigu behintzat aurreko edizioan baino baldintza hobeagoetan egingo dugula Euskaraldia, edo behintzat horrela espero dugu. Eta entitateek benetan aukera izango dutela ariketa egiteko. Aurreko edizioan tabernak itxita zeuden; entitate asko ezin elkartu... Orain egoera bestelakoa da", adierazi du Euskaraldiko koordinatzaileak. Entitateak ez direlako soilik enpresak: "hitz hori erabiltzean enpresa handi bat etortzen zaio burura askori. Erakunde publikoak, guraso elkarteak, kultur elkarteak, tokiko merkataritza, ostalaritza... Horiekin ahazten gara, baina horiek ere entitate dira. Eta enpresak ere bai. Handiak, txikiak... denak", esan du Urkijok.

Ariguneak hedatu

Aurtengo Euskaraldiak ariketa kolektibo eta indibidual izateko asmoari eutsi nahi dio, baina zenbait pauso emanda. Hizkuntza ohituren aldaketa kalera emateko aukera gehiago eskainiko ditu ariketa berriak, norbanakoen praktika areagotzeko, baina aldi berean enpresetan eta bestelako entitateetan ere euskararen erabilera areagotzeko modua izan daiteke.

Hain zuzen, "arigune gehiago sortzeko apustua" azpimarratu zuen ekitaldian Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanetako kontseilariak. "Bai txapekin, bai ariguneen identifikatzaileekin, babesgune horiek sortzen dira. Geroz eta entitate gehiago, orduan eta babesgune handiagoa. Horixe nahi dugu: arigune erraldoi bat sortzea Euskal Herrian. Ariguneek aukera aparta ematen digute, indibidualki ez ezik, taldean ere aukera ematen digutelako Euskaraldian parte hartzeko", azaldu du Urkijok.

Goiatz Urkijo Castañares: "Bai txapekin, bai ariguneen identifikatzaileekin, babesgune horiek sortzen dira. Geroz eta entitate gehiago, orduan eta babesgune handiagoa"

Beste gakoetako bat izango da, arestian aipatutakoa. Alegia, hirugarren edizio honetako helburua ez da soil-soilik hizkuntza ohiturari dagokionez aldaketak egitea, baizik eta norberak eta entitateek aldez aurretik aldatu nahi duten horri buruz hausnartu eta hori plazaratu edo komunikatzea, baita lorpenak ere.

Laguntzeko baliabideak

Bidean laguntzeko asmoz, antolakuntza taldetik zenbait baliabide izango ditu eskuragarri herritarrentzat eta entitateentzat, ariketa ahalik eta modu "erosoenean" egin dezaten. "Aholkuak eskainiko ditugu, prestakuntza saioak ere. Hamabost egunak heldu ahala tresna berriak eskainiko ditugu, gure erronketako bat delako aholku horiek beste modu baten ematea", dio Euskaraldikoak. Besteak beste, probazko egitasmo bat egingo dute zenbait herritan. "Euskaldunon ahalduntze eskola deituko den proiektu pilotua jarriko da martxa orain, urri hasieran. Bederatzi saio izango ditu, abendura arte. Getxon egingo dute, Errenterian, Tolosaldean eta Donostian. Eta, emaitzen arabera, datozen edizioetan gainontzeko herritarrei zabaltzeko tresna izatea espero dugu", nabarmendu du Urkijok.

Bidean laguntzeko asmoz, antolakuntza taldetik zenbait baliabide izango ditu eskuragarri herritarrentzat eta entitateentzat, ariketa ahalik eta modu "erosoenean" egin dezaten

Tresnak berriak eskaintzeaz gain, izen-emate prozesua errazteko asmoz, lehen aldiz aurreko urteetan parte hartu zuten ahobizi, belarriprest eta entitateek parte-hartzea berretsi ahalko dute. Arestian aipatu bezala, norbanakoen izen-ematea zabalik da atzotik eta Euskaraldia hasi arte, eta entitateenak ere irekita jarraituko du urriaren 31 bitarte. Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak atzo adierazi bezala, "Itxaropentsu gaude, Euskaraldia indartsu datorrela eta aurten ere Euskal Herri osoan ariketa egingo duten milaka pertsona eta arigune prestatzen ari direla sumatzen baitugu. Beraz, gizarte osoari, gizarteko sektore eta erakunde guztiei dei egiten diegu aurtengo ariketan parte hartzeko".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK