Balenciagako langileak “kokoteraino” daudela salatu dute atzo egin zuten agerraldian. Izan ere, adierazi dutenez hilabeteak egon dira isilik, enpresak aurrera egiteko erakundeekin egiten ari ziren bileretan “konfiantza” zutelako, eta gaineratu dute langile askok ez dutela ordainsaririk jaso, gutxienez, azken bost hilabeteetan. Ontziolak 200 langile baino gehiago izanik, familia horien etorkizuna “zaborrontzira botatzen” ari direla ere azaldu dute. Haien ustetan, ordea, enpresa errentagarria da oraindik ere, lan zama dagoelako, eta soilik finantzazioa behar dutela azpimarratu dute.
Egoera honen errua egotzi diete Cofidesi, Eusko Jaurlaritzari, eta Balenciagako zuzendaritzari. Cofides enpresa erdi-publikoa hartzekodunen konkurtsoaren eta ontziolaren itxiera posiblearen erantzule nagusitzat dute langileek, “hartzekodunen aurrekonkurtsoan lortutako bideragarritasun plana bihurritzen aritu baitira”. Eusko Jaurlaritzari, enpresari erabateko babesa adierazi dion arren, ezer egin ez izana egotzi diote, eta haien esku-hartzea erregutu dute lanposturik gal ez dadin. Azkenik, zuzendaritzari dagokionez, azken hilabeteetan ontziekin egin den kudeaketa “txarra” leporatu diote, baita soldatak ez ordaintzea ere.
Arrazoi horiek guztiak direla medio, azaroaren 29an, arratsaldeko 18:00etan, manifestazio bat egingo dute Zumaian enpresako kideek. Ontziolatik bertatik hasiko dira, eta herritar guztiei zabaldu diete deia bertan parte hartzera animatzeko. Horrez gain, Gasteizen ere beste manifestazio bat egingo dutela gehitu dute, “Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eskatzeko”. “Balenciaga ontziolak badu etorkizuna, gure politikariek etorkizuna izatea nahi badute”, gaineratu dute.