Basque Culinary Centerreko ikasleak garapen profesionalaren gaineko hausnarketa egin zuten Donostiako Tabakaleran. Hain zuzen, LABn bildu ziren graduatuak, eta gastronomiaren 360ºko ikuspegia izanik, ikasitakoa non eta nola garatzen duten azaldu zuten.
Zentroak adierazi duenez, EAEn ari da lanean Basque Culinary Centerren ikasi duten ikasleen %16, hots, 500 profesional inguru. Generoaren arabera, %59 gizonak dira eta %41 emakumeak. Orotara hogeita bi nazionalitateko graduatuak ari dira EAEn lanean: Mexikokoak, Venezuelakoak, Brasilgoak, Alemaniakoak, etab.
Bestalde, gastronomia sukaldaritzarekin erlazionatzen den arren, hainbat esparruan landu daiteke: ikerketan, gerentzian, irakaskuntzan, ostalaritzan, baita komunikazioan ere. EAEko ikasle ohien gehiengoak (%40) hospitalitatearen sektorean dihardu, alegia, sukaldari edo jangelako buru, kudeatzaile edota negozio-arduradun dira. %17 ekintzailea da, hau da, negozio bat sortzearen aldeko apustua egiten dute. Bestalde, ikertzaile lanetan ari dira ikasle ohien ia %10.