Grupo Unceta 150 urteko ibilbidea duen euskal enpresa taldea da. Ferretería Unceta S.A. izenarekin sortu zen Eibarren 1874an eta industriarako osagaiak ekoizten dituzte. Sortu zenetik mende eta erdi pasata, enpresa taldeak 170 langile ditu egun hiru enpresetan banatuta (Unceta, Sariki eta Sarical), egoitza nagusia Elgoibarren dute eta 35 milioi euro fakturatu zituzten iaz.
Grupo Unceta bezalaxe, Grindel Gears ere Eibarren sortutako enpresa da, baina Elgoibarren du egoitza nagusia egun. Engranaje eta doitasunezko ardatzak fabrikatzen dituzte. 1969an C.E.T.A. S.A izenarekin sortu zen, eta 1971an lekualdatu ziren Elgoibarrera. 1985an sozietate kooperatiboa bilakatu zen. 90. hamarkadan atzerriko kapitala sartu zen konpainian, baina 1993az geroztik, sozietate laborala bilakatu eta hemengo jabeak ditu. 70 bat lagunek osatzen dute lantaldea, eta horietatik 40 inguru bazkideak dira.
Ondarreta altzairuak fabrikatzen dituen familia enpresa da. Ia 50 urte ditu, eta jatorria Donostian badu ere, gaur egun egoitza nagusia Oiartzunen du. 45 langilek osatzen dute konpainia, eta 50 herrialdeetan saltzen dituzte euren produktuak. Hasiera batean sukalderako mahaiak eta eserlekuak soilik fabrikatzen zituzten, baina azken belaunaldia enpresan sartu zenetik, (2008tik aurrera) produktu gama zabaldu zuten, etxerako altzairuak fabrikatuz.
Ezarri, aldiz, 1969an hiru anaiek sortutako enpresa da. Beirazko mosaikoak fabrikatzen dituzte, igerileku, bainugela, sauna edota urarekin kontaktuan dauden bestelako espazioen estaldurarako. 1994an enpresako sei langilek enpresa erostea erabaki zuten. Gaur egun Lazkaon badaude ere, 2000ra arte lehen fabrika Ikaztegietan izan zuten. Iaz 17 milioi euro fakturatu zituzten. 74 pertsona dira enpresan eta salmenten %75 esportatu egiten dute. Iaz, esaterako 97 herrialdetara esportatu zituzten euren produktuak.
Belaunaldi erreleborako gakoak
Lau enpresa hauetako ordezkariak izan ziren atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Rethink Industry topaketan. Industriaren gaineko hainbat gai jorratu ziren bertan, tartean belaunaldi erreleboarena. Borja Garate Grupo Uncetako ordezkaria eta Sariki enpresako zuzendariak bi gako aipatu zituen enpresa taldearen 150 urteko ibilbideari buruz galdetuta: “negozioarekiko pasioa, belaunaldiz belaunaldi trasmititu dena, eta merkatuaren beharrak, hau da, lehiakor mantentzea”.
Beste ideia bat ere nabarmendu zuen: akzionisten kopurua. “Bazkide gutxi izan gara beti. Zuhaitza zabaltzen joan ohi da, baina gu laugarren belaunaldira arte bost bazkide izan gara, eta uste dut horrek jarraipenean lagundu digula”. Industriako osagaien katalogo zabala du Grupo Uncetak egun, baina Garatek azpimarratu du oraindik saltzen dituztela 1874ko lehen katalogoan merkaturatu zituzteneko artikulu batzuk.
Borja Garate: “Bazkide gutxi izan gara beti. Zuhaitza zabaltzen joan ohi da, baina gu laugarren belaunaldira arte bost bazkide izan gara, eta uste dut horrek jarraipenean lagundu digula”
Nora Arratibel Ondarretako enpresako zuzendariak ere pasioa jo du belaunaldiz belaunaldi enpresak aurrera egiteko gakotzat. “Lan bizitza eta familia bizitza bereiztea zaila zen testuinguru batean hazi nintzen, horrek dakarren gauza on eta txarrekin”. Bere aitona ebanista zen Donostiako Ondarreta hondartzan eta hortik dator enpresaren izenaren jatorria. Atzerrian izan ostean, 2008an sartu zen familia enpresan Arratibel, krisi bete-betean. “Gure merkatua eraikuntza sektorearekin erabat lotuta zegoen eta eraberritu beharra genuen bizirauteko”. Berrikuntza eta diseinua oinarri hartuz, merkatua zabaltzen joan da Ondarreta, eta sukalderako eserlekuak egitetik “altzairuen hornitzaile global” izatera igaro da.
2008ko krisia ere kolpe gogorra izan zen Ezarrirentzat. “Kalte handia egin zigun, baina aurrera egitea lortu genuen”, azaldu du Jose Angel Muro enpresaren administrazio kontseiluko presidenteak. 1994an enpresaren kapitalean sartu zen sei bazkideetako bat da bera. Azken urteetan hainbat bazkidek enpresa utzi egin dute erretiroa dela eta, eta enpresaren jarraipena kudeatzea erronka handia izan dela kontatu du. “Gure sektorean enpresa garrantzitsuenak Castellón daude, baina guk ez genuen jabetza hemendik ateratzea nahi. Beti bilatu dugu hemengo bazkideren bat”, adierazi du.
Jose Angel Muro: “Gure sektorean enpresa garrantzitsuenak Castellón daude, baina guk ez genuen jabetza hemendik ateratzea nahi. Beti bilatu dugu hemengo bazkideren bat”
Lortu dute akziodunen egitura berri bat osatu eta jabetza aldaketa egitea (2017an egin zuten). Bost bazkideek enpresaren zati bat mantentzen dute. Jabetza aldaketa eginda, ordea, belaunaldi erreleboa burutzea zegokien, eta horretan ari dira orain. Murok berak aurten utzi du bere zuzendaritza kargua eta administrazio kontseiluko presidentea da orain. “Behar denean laguntza ematen diet eta azoketara joaten naiz, baina zuzendaritza jada beste batzuen esku dago”.
90. hamarkadan, Mexikotik etorritako kapitalak bereganatu zuen Grindel Gears edo Engranajes Grindel. Gerora, ordea, tokiko langileek berreskuratu zuten konpainiaren jabetza. Iñaki Solabarrieta enpresako zuzendariak zera dio: "Asle eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik, langile askok atzerrian zeuden akzioak eskuratu zituzten, eta 2017tik sozietate kontratu batekin egin dugu lan". Bazkideen arteko akordioa bat da sozietate kontratua, zeinak zehazten duen zein baldintza bete behar diren bazkide berrien eragiketak aurrera eramateko. "Urteak aurrera egin ahala kontratu hori egokitzen eta hobetzen joan gara. Gaur egun bazkideen sarrera eta irteera oso modu naturalean gauza dezakegu. Urtero egutegi bat jarraitzen dugu balorazioak egiteko zein profil ikusten ditugun egokiak akziodun bezala sartzeko", gehitu du.
Egindakoa errespetatu eta egiten utzi
Lau enpresa hauetan belaunaldi erreleboa gauzatu da, baina ez da euskal enpresa guztien kasua izan. Nola lortu hurrengo generazioek negozioarekin jarraitu nahi izatea? Solabarrietak adierazi du enpresa “interesgarria” egin behar dela bazkide berriarentzat. Garatek ildo beretik jo du. Bere esanetan, belaunaldi aldaketarako prozesua aurretiaz ondo kudeatzen jakin behar da. “Hurrengo belaunaldiei begira egin behar dugu lan, negozio hobe bat utzi nahi baitiegu”. Murok ere prozesua modu egokian egin ahal izateko “denborarekin planifikatzea” beharrezkoa dela argitu du, halako aldaketak “oso delikatuak” baitira.
Arratibelen ustetan, eskuzabaltasuna eta ordura arte enpresak egin duena errespetatzea ere beharrezkoa dira. “Enpresara sartu eta berehala dena hankaz gora ezin da jarri”. Bestalde, enpresatik badoazenak “egiten utzi” behar dutela dio. “Gure kasuan enpresa balizkoa da, gure proiektu bilakatu delako. Nik nire gurasoen proiektua heredatu nuen eta orain nirea da. Bestela horrek ez luke jarraipenik izango”.
Nora Arratibel: “Gure kasuan enpresa balizkoa da, gure proiektu bilakatu delako. Nik nire gurasoen proiektua heredatu nuen eta orain nirea da. Bestela horrek ez luke jarraipenik izango”
Muro horretan ari da oraintxe bertan, “egiten uzten”. Zuzendaritza berriari laguntzeko prest dagoela dio: “Azoketara joaten naiz besterik ez, eta bezeroak aurkezten dizkiet zuzendari eta langile berriei”.
Grindel Gearsek bazkideak sartu eta ateratzeko "onarpen talde" bat du. “Enpresan hiru urte baino gehiago daramaten langileak ebaluatzen ditugu, bazkide izateko egokia diren edo ez aztertzeko. Bazkide bihurtzeko erabakia aho batez hartu beharra dago”. Solabarrietak kontatu duenez, azken bi urtetako lantaldea oso emaitza onak ematen ari da, eta datorren hilabetean kapital hazkunde bat egingo dute bazkide berriak enpresan sartu ahal izateko.
Berrikuntza eta tokiko hornitzaileak
Grupo Uncetak, Grindel Gearsek, Ondarretak eta Ezarrik hainbeste urteko ibilbidea egin badute, berrikuntzaren aldeko apustuagatik izan dela gogorarazi dute lau ordezkariek. “Ez bagenuen berrikuntza aplikatuko oraintxe bertan ez nintzateke hemen egongo”, esan du Arratibelek. “Gure produktuen %60 baino gehiago ez ziren existitzen orain 15 urte”, gehitu du Murok.
Iñaki Solabarrieta: “Enpresan hiru urte baino gehiago daramaten langileak ebaluatzen ditugu, bazkide izateko egokia diren edo ez aztertzeko. Bazkide bihurtzeko erabakia aho batez hartu beharra dago”
Enpresek jarraikortasuna izateak balio kateak ez haustea ere badakar; hornitzaile berekin lan egitea urte luzez. Ondarretaren kasuan, adibidez, 2010an kanpoko hornitzaileekin lan egiteari utzi eta hemengoekin lanean hasi ziren. "Gaur egun gure fabrikazio guztia lokala da. Hori gure sektorean oso bereizgarria da”, dio Arratibelek. Grindel Gearsen kasuan, hornitzaile guztiak 30 kilometro inguruan daude, Solabarrietaren ahotan.
Balio katea ez hausteko gertuko hornitzaileekin lan egitea, berrikuntzaren aldeko etengabeko apustua, pasioa, aldaketetara aurreratzea, sozietate kontratua... horiek guztiak funtsezko dira enpresetan belaunaldi erreleboa gauzatzeko.