Belmek enpresak ekoizpena handitzeko inbertsioa egin du

Helburua, produkzioaren plangintza, produktibitatea eta ekoizpen gaitasuna hobetzea da

Argazkia: Belmek Argazkia: Belmek

Belmek bi inbertsio berri egin ditu, ekoizpen gaitasuna handitzeko eta produktibitatea hobetzeko. Alde batetik, kontrapuntua eta luneta jarraitzailea dituen tornu berri bat erosi du, piezak ekoizteko eta espezializatzeko gaitasun handiagoa eskainiko diona. Horrez gain, software berri batean ere egin du inbertsioa, instalazioaren eta tornu bakoitzaren benetako egoera zein den jakiteko aukera emango diona.

Asier Martín Pagalday Belmekeko bazkide eta ekoizpen arduradunak adierazi du inbertsio horiek aukera emango diela bai ekoizpen gaitasuna handitzeko produkzioaren plangintza eta produktibitatea hobetzeko. Haren esanetan, “sektore zorrotz batean” lan egiten dute, eta ondorioz, garrantzitsua zaie merkatuan eskaintzen diren berrikuntzen berri izatea: etengabeko berrikuntza, alegia.

Enpresa gipuzkoarrak doitasunezko dekoletajean eta serieko piezen mekanizazioan jarduten du, eta sektorean bi hamarkada baino gehiagoko esperientzia du. Mekanizazioa hainbat materialetan aplikatzen du: altzairuan, aluminioan, letoian, brontzean, kobrean... Egun, lantaldea zazpi pertsonek osatzen dute, baina etorkizunean enpresak plantilla handitzeko asmoa du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK