Bizak orain dela 77 urte baino gehiago Bilbon jaiotako enpresa bat da. 1946an, Gabriel Guerra San Martinek jostailu denda txiki bat ireki zuen Bizkaiko hiriburuan. Bertan, etxeko produktuetatik jostailurik harrigarrienetaraino aurki zitezkeen, eta produktu paregabeak bilatzeko grina horretan, munduan zehar bidaiatu zuen. Harrezkero, belaunaldiz belaunaldi, jostailuen munduan ibili da Bizak, etxeko txikienei eta haien familiei entretenimendua sortuz, garatuz eta banatuz. “Gure DNA bidaiatzea, eta haurrak deskubritzea eta harritzen saiatzea da”, esan du Aitor Eguiak, Bizakeko Kategoria Arduradunak.
Gaur egun, Bizakek produktu sorta zabala banatzen du; haurtzaintzatik hasi eta produktu elektroniko aurreratuetaraino. Gainera, Disney, Pixar, Cartoon Network edo Nickelodeon bezalako nazioarteko izen handiko markekin kolaboratzen du, baita Patrulla Canina, Pokemon, Minions, Toy Story, Ben y Holly, Supernenas eta antzeko lizentzia ospetsuekin ere.
Ausardia eta eskuzabaltasuna
Bizak izenaren jatorriari buruzko elezahar asko daude, baina haren sortzaileen ausardiari egindako omenaldi argia da. Horregatik, bizarro hitza hartu zuten abiapuntu, ausarta, eskuzabala esan nahi duena, enpresa sortu zen lurrarekin eta tokiarekin elkartuz: Bilbo, Bizkaia.
1946tik pixkanaka-pixkanaka enpresa gero eta handiagoa bihurtzen hasi zen, produktu gamaren dibertsifikazioari esker, ekintza figurak eta taula jokoak gehituz.
Bizak izenaren jatorriari buruzko elezahar asko daude, baina haren sortzaileen ausardiari egindako omenaldi argia da
Enpresa jauzi kualitatibo bat ematen hasi zen jostailu lerroen lizentziak eskuratuz joan zenean, eta ospe handia hartu zuen modako marrazki bizidunen seriea sustatzeko irudi gisa. Horrekin batera, Espainiako Estatuko merkatuan esklusibotasuna lortu zuen, adibidez, helikoptero telegidatuekin.
Gaur egun, Guerra familiak zuzentzen du enpresa, eta egungo administratzailea Santiago Guerra Blasco da, konpainiaren buru den hirugarren belaunaldiko kidea.
Denbora-pasarako entretenimendua
Bizaken pasioa bizitza dibertigarriagoa egitea da. Dibertimendu horren bidez, etxeko txikienek inguruko munduarekin harreman hobea izatea eta familiek elkarrekin denbora-pasa egiteko aukera izatea, betiere entretenituz. Horrek motibatzen du enpresak egunero helburu horiek betetzen dituzten entretenimenduzko produktuak pentsatzen, sortzen eta garatzen jarraitzera.
Gainera, Bizaken uste dute oso garrantzitsua dela adin bakoitzean haurrak harritzea eta motibatzea. Horregatik, jolasaren teknologian eta kontzeptu berrietan inbertitzen dute. Haurrei irudimena, trebetasunak eta sormena garatzea ahalbidetzen dieten produktuak bilatzen dituzte; dibertimendu-orduak, betiere hezkuntza-osagai batekin.
Sektorearen egoera
Jostailuen sektorea etengabe aldatzen ari da, haurrak baitira teknologia eta kontsumo digitalerako ohitura berrietara egokitzen lehenak. “Azkenean, gure lana da entzutea, joerak hautematea eta haurra enpresaren erdigunea izatea”, adierazi du Eguiak.
Izan ere, jostailuen industria ez dago bere momentu onenean. Imaginarium eta Poly Juguetes enpresak aurten itxi berri dira, eta, horrekin batera, fakturazioak behera egin zuen 2023an; horrek agerian utzi du gauzak ez doazela ondo. Baina sektorea hondoratu beharrean, inoiz baino gehiago ari da borrokan. Eboluzionatzen jarraitzen du urte osoan zehar hazkundea eta egonkortasun handiagoa emango dion bide baten bila. Haur biztanleria murrizten bada eta gero eta gazteago jostailuekin jolasteari uzten badiote, merkatua murriztu egiten da, eta diru-sarrera iturri berriak bilatu behar dituzte. “Kalitateak, jasangarritasunak eta zerbitzuak markatuko dute gure etorkizuna”, gehitu du Eguiak.
“Azkenean, gure lana da entzutea, joerak hautematea eta haurra enpresaren erdigunea izatea”
Hala ere, jostailu klasiko batzuen eskaria berpiztu egin da eta beste jostailu berritzaile batzuk hazten ari dira merkatuan. Hori dela eta, klasikoei ondo eutsi behar zaiela dio Eguiak, horiek baitira txikizkako komertzioetan konfiantza gehien sortzen dutenak. Jostailu berritzaileen erritmo onari eutsita, urte ona egin daitekeela uste du sektoreak.
Nurembergeko jostailuen joerei buruzko azoka
Urtero, Nurembergen, Alemanian, urtarrilaren amaieran jostailuaren munduko azokarik handiena egiten da, eta laster gurera iritsiko diren joerak identifikatzeko leku ezin hobea izan ohi da. Bizak 50eko hamarkadatik da azokan, bisitari gisa hasieran, eta milurteko berritik nazioarteko salmentei begira erakusketak egiten.
Nolanahi ere, Bizakek beti mantendu du bere showroom nagusia Bilbon, eta martxotik aurrera urteko nobedadeak aurkezten dizkie bezero guztiei. “50eko hamarkadatik ez dugu bat galdu... elurra, euria, trumoiak edo tximistak, Bizak beti egongo da han”, esan du Eguiak.
Gabonetako Kanpaina abian
Jostailuen sektoreak konfiantza du Gabonetan eta Erregeetan salmentetan urte laua salbatzeko. Industria, 2023an, Espainiako Estatuan %10 gutxiago fakturatzetik dator, eta antzeko egoerarekin iritsi da 2024ko jaietara.
“Industriak ahalegin nabarmena egiten jarraitzen du kostu-igoerak kontsumitzailearengan duen eragina murrizteko; izan ere, une honetan garrantzitsua da hazkundea bermatzea, nahiz eta txikia izan”, adierazi du Eguiak. Halaber, zenbait kategorien, hala nola eraikuntza, ibilgailuak eta mahai-jokoak, portaera positiboa dela eta, sektoreak 2023ko zifrak berdintzea espero du.
“Ziur aski, turroiekin batera, urtarokotasun handieneko sektoreetako bat izango da, baina, zalantzarik gabe, sektore sinestezina da, etengabe harritzen baitzara haurren erreakzioak ikusita”
Momentu honetan, Bizak Gabonetako Kanpainan murgilduta dago. Eguiak dioenez, Errege Magoek gero eta beranduago egiten dute aukeraketa, eta horrek aparteko urduritasuna gehitzen dio salmenten ia %70 urteko azken asteetan ematen den sektore bati. “Ziur aski, turroiekin batera, urtarokotasun handieneko sektoreetako bat izango da, baina, zalantzarik gabe, sektore sinestezina da, etengabe harritzen baitzara haurren erreakzioak ikusita”, dio Eguiak. Azkenik, Bizakentzat urte "handia" izango dela aurreikusten dute, eta datozen urteetan gurasoak eta haurrak harritzen jarraitzea espero dute.