BDS Koop Bidasoaldean ekonomia soziala sustatzeko elkartea da. Kooperatiba bat ez bada ere, elkarteko bazkideak lan elkarte eta kooperatibak dira. Ekonomia soziala garatzeko forma juridiko egokienak dira lan elkarte eta kooperatibak, jarduera ekonomikoa era kolektibo eta demokratikoan egiteko pentsatuak dauden forma juridikoak baitira.
Elkartearen helburuak ekonomia soziala sustatzea, trantsizio ekologikorako jardutea, gizartea osatzen duten eragile guztien parte hartzea bultzatzea, genero berdintasuna sustatzea eta euskararen erabilera indartzea dira. Bidaso Beherean egiten du lan nagusiki, beti eskualde mailan. “Oraindik ez dugu Bidaso Garaiara iristeko aukerarik izan, baina ez dugu baztertzen”, onartu du Dornaku Lanzek, BDS Koopeko proiektu arduradunak. Azken bost urteetarako jarduera Irun, Hondarribia eta Hendaian ardaztu dute.
Kooperatiba eredua
Ekonomia sozialak, bere hastapenetan, XIX. mende bukaeran, zazpi printzipio kooperatibo ezarri zituen, eta hala jasotzen dira gaur egun EAEko Kooperatiben Legean; bazkideen borondatezkoa eta irekia izatea, demokrazia bidezko kontrola, bazkideen parte hartze ekonomikoa, autonomia eta independentzia, hezkuntza, prestakuntza eta informazioa, kooperatiben arteko lankidetza eta komunitatearekiko ardura.
Alde batetik, barrura begira, horrek guztiak enpresa demokratiko eta horizontalak sortzea dakar. Enpresako langileak dira jabeak, eta enpresa hauetan ez du kapitalak agintzen. “Pertsona bat, bozka bat” printzipioa aplikatzen da, eta erabakiak enpresako batzarretan hartzen dira. Lanzen arabera, horrek onura asko ditu; hala nola langileen inplikazioa eta motibazioa, lan baldintza hobeak izateko aukera handiak, irabazien banaketa justuago bat, formakuntza jarraitua jasotzeko eskubidea, etab.
Dornaku Lanz: “Oraindik ez dugu Bidaso Garaiara iristeko aukerarik izan, baina ez dugu baztertzen”
Bestalde, kanpora begira, kooperatibek lurraldearekiko atxikimena eduki behar dute, hau da, dela Cofip bidez (haien irabazien parte bat erakunde sozial bati zuzenduta), dela proiektu desberdinak sustatuz, edo haien lan jarduera jasangarri eta bidezkoa eratuz. Interkooperazioa izan behar du harremantzeko modua: elkarlana eta kolaborazioa. Hori da, hain zuzen ere, BDS Koopen oinarria. “Bidasoaldeko ekonomia sozialeko enpresen saretzea, interkooperazioa, haien helburu sozialak hobe eta era eraginkorragoan aplikatu ahal izateko”, gaineratu du Lanzek.
Gainera, zazpi printzipio horiez gain, BDS Koopen Ekonomia Sozial eta Eraldatzailea lantzen duten heinean, eraldaketa soziala sustatu nahi dute: gizarte justu, ekologiko, berdinzale eta anitza bilatuko dituen ekonomia bat.
Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen parte hartzaileak
Hamar kooperatiba eta elkarte dira BDS Koop Elkarteko bazkideak, arlo eta jarduera desberdinetakoak, baina guztiak eskualdeko Ekonomia Soziala eta Eraldatzailean guztiz inplikatuak; Parean Elkartea (feminismoaren inguruko lanketa anitzak), Ara! Gorputz Kooperatiba (ginekologia autogestionatua eta proiektu ekofeministak), HiritikAt! Kooperatiba (hirigintza parte hartzailea), Larrea Kooperatiba, Badoa Kooperatiba (bizikleta bidezko banaketa eta bizikleta alokairua), Labore Txingudi Elkartea (kontsumo arduratsuko elkartea), Pausumedia-Antxeta Elkartea (eskualdeko euskarazko herri irratia), Maïa Permaculture Kooperatiba (permakultura ikuspegitik landutako proiektu eta zerbitzu desberdinak), LZB Kooperatiba (arkitektura) eta Sorburu Elkartea (baratzegintza).
Lan eredua
BDS Koop Elkarteak bi lerro ditu: barrura begirakoa eta kanporakoa. Barrura begirako lerroetan bazkide diren erakundeen arteko sinergiak eta elkar lanerako aukerak lantzen dira; hala nola administrazio, proiektu kudeaketa eta komunikazio zerbitzu bateratuak, elkar laguntzarako tresna ekonomikoak sortu, adostu eta aplikatu, eta zerbitzari eta lokal partekatuak, etab. Kanpora begirakoan, aldiz, ekonomia soziala sustatzeko hainbat proiektu gauzatzen dira bi ildo nagusitan: Eraldaketa Fabrika (formakuntza eta ekintzailetza) eta Zabalduz (difusioa eta hedapena).
Elkartean lan talde, koordinazio eta batzar bidezko sistema bat dute eraikita, eta espazio guztietan adostasun bidezko dinamika lehenesten da. “Proiektuei dagokienez, elkarteko langileek burutzen dugun arren, bazkide guztien kolaborazioan gauzatzen dira”, dio Lanzek.
Hainbat proiektu abian
Arestian esan bezala, elkartearen bi proiektu nagusiak Zabalduz eta Eraldaketa Fabrika dira. Zabalduzen baitan lau lerro dituzte: Laia aldizkaria (ekonomia sozialari buruzko aldizkaria, proiektu eta enpresa interesgarrien inguruko artikuluak), prestakuntzak (garapen agentzia, gestoria, kooperatiba eta bestelako erakundeentzako ekonomia sozialaren inguruko formakuntzak), “Kooperatuz” saria (zazpi printzipio kooperatiboak betetzeagatik eskainitako saria) eta Bidasoaldeko Ekonomia Sozialeko Foroak (eskualdeko eragile guztiekin urtero ekonomia sozialaren gaineko gai desberdinak lantzen dira).
Halaber, Eraldaketa Fabrikak ere hiru jarduera barnebiltzen ditu: azterketa (eskualdeko beharren ikerketa), formakuntza (eskualdeko Lan Hezkuntzako zentroetan ekonomia sozialaren gaineko eduki desberdinak lantzen dira) eta ekintzailetza (eskualdean kooperatibak eratzen laguntzeko doako programa).
Zabalduzen baitan lau lerro dituzte: Laia aldizkaria, prestakuntzak, "Kooperatuz" saria eta Bidasoaldeko Ekonomia Sozialeko Foroak
Dena den, bi proiektu nagusiez gain, bestelako lanak era egiten dituzte; esate baterako, Behatokia (Bidaso Beherean Trantsizio Ekosozialerako proiektu edo lan lerro posibleen behatokia), BiziHiriak (trantsizio ekosozialerako foro herrikoia), Ekonomia Sozialeko Polo Kooperatiboen sarea (interkooperazioa), Olatukoop sarean parte hartzea, etab.
Elkartea hazteko eta mantentzeko inbertsioa
“BDS Koop-en edozein jarduera ekonomiko era gradualean hastea aholkatzen dugu. Hala egin dugu guk ere”, azpimarratu du arduradunak. Elkarte moduan eratu zirenez, hasierako beharrezko inbertsioa oso txikia izan zen, eta lan egiteko espazioa eta bitartekoak sarean ezarritako bulego partekatuaren bidez eskuratu zituzten
Lehenik eta behin, administrazio zerbitzu partekatuarekin ekin zion proiektuak; ekonomia sozialaren administrazioa hurbiletik ezagutzen zuen langile baten laguntzarekin. Horrekin batera, Zabalduz eta Eraldaketa Fabrika proiektuak diseinatu eta aurkeztu ziren Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saileko Ekonomia Sozialeko departamentuko dirulaguntza lerroetan, eta hasieratik lortu zen beharrezko finantzazioa.
“BDS Koop-en edozein jarduera ekonomiko era gradualean hastea aholkatzen dugu. Hala egin dugu guk ere”
Hurrengo urteetan, komunikazio eta proiektu arduradunak izango ziren beste bi langile kontratatzeko aukera sortu zen, proiektuak indartzea ahalbidetu zuelarik. Beraz, BDS Koop bazkideen aportazio, zerbitzu mankomunatu eta dirulaguntzari esker eraiki eta sostengatu da.
Lanzen esanetan, BDS Koopen jarduera sustatu eta babesteko ezinbestekoa izan da Eusko Jaurlaritzaren finantzazioa. Izan ere, EAEn badira horrelako proiektuak sustatzeko funtsak eta hainbat dirulaguntza. “Beste erkidegoetan ez bezala, ekonomia soziala gure herriko altxor garrantzitsu eta ederra da”, plazaratu du.
Bazkideentzako zerbitzuak
BDS Koopen jarduera nagusia proiektuak gauzatzea izanik, ez dute bezerorik. Eragile eta erakunde anitzekin lan egiten dute; hau da, ikastetxeak, garapen agentziak, udalak, elkarte anitzak (auzo elkarteak, guraso elkarteak, kultur aniztasuna lantzen duten elkarteak, etab), ekonomia sozialeko beste enpresak edota ekonomia sozialeko sareak, ekonomia sozialeko erakundeak (Elkar-lan), unibertsitateak (Gezki edo Mondragon Unibertsitatea), kooperatiba bat eratzeko asmoa duten herritarrak, gestoriak… “Lurraldea osatzen duten eragile guztiak kontuan hartzen ditugu, erakunde publiko-komunitarioak, eta, beraz, lurraldea eraldatzeko agente guztiekin batera lan egin behar dugu”, aldarrikatu du Lanzek.
Hala ere, BDS Koopek zerbitzu desberdinak eskaintzen ditu, proiektu kudeaketa, administrazio eta komunikazio mailan, baina zerbitzu horiek bazkideentzako dira soilik. Beharra sortu denean ekonomia sozialeko beste erakundeei ere laguntzen diete, baina interkooperazioaren zentzuan, doan eta modu puntualean.
Kontratazio jakin batzuk ere egin dituzte hainbat proiektu gauzatzeko, bai beste kooperatibekin, bai udaletxeekin; adibidez, Irungo Udaleko IrunMarket proiektuan.
Harremanak funtsezkoak
Ezagutzera emateko orduan, BDS Koopek hainbat kanal erabiltzen ditu; alde batetik, sare sozialak, elkartearen webgunea, hedabideak, mailing eta Telegram bidezko mezuak, eta, beste aldetik, foroak eta hitzaldiak. Kanal horien bidez elkarteko proiektuen edukiak zabaltzen dituzte nagusiki.
Era berean, haientzako harremanak funtsezkoak dira. Saretzailea den sarea izan nahi dute, eta, horretarako, ezinbestekoa da beste erakundeen parte hartzea; Olatukoop sareko kide dira, REAS Euskadi eta Estatu mailako beste polo kooperatiboekin (ekonomia soziala sustatzea bilatzen duten kooperatiben taldeak) kooperatiboez osatutako “Red y Polos Cooperativos”-en parte dira, Bidasoa Bizirik edota IrunEkintzanekin parte hartzen saiatzen dira, etab.
Elkartearen balio erantsia
BDS Koopek handi egiten ditu bestela txiki izango ziren enpresa horiek. Bazkide diren erakunde guztientzako babesgune eta indargune handia da elkartea. “Sinergia eta elkar indarrerako gunea gara, bakarrik ezin da, baina taldean bai”, dio Lanzek. BDS Koop-i esker, kanpora begirako lan askoz gehiago eta hobea egin dezakete kooperatibek, eta haien eskualdean inpaktu handiago lortu. Enpresen atomizazioa ahulgune bat da, eta gurean kooperatiba txiki asko daude. Beraz, interkooperazioa, modu horizontal eta parte hartzailean aplikatuta, funtsezkoa izan daiteke enpresa askoren biziraupen, egonkortze, handitze eta bilakaera sozialerako.
Guztira, azken bost urteetan, 11 enpresa sortu dira BDS Koopen bueltan; 30 lanpostu sortu eta bost proiektu garatu dituzte
“Bidasoaldeako ekonomia sozialean elkar lanerako sare gisa eduki dugun eragina ukaezina da”, argitu du. Urtean, batez beste, ekonomia sozialeko bi enpresa sortzen lagundu dute, baita sei lanpostu berri eta proiektu bat sostengatu eta egonkortu ere. Guztira, azken bost urteetan, 11 enpresa sortu dira BDS Koopen bueltan; 30 lanpostu sortu eta bost proiektu garatu dituzte harrezkeroztik, urteko %30ko batez besteko hazkundearekin. Bazkide diren enpresen kopurua eta hauen kalitatea ere nabarian hobetu da. BDSKoopeko enpresa bazkide guztien fakturazioa batuta, milioi bat euro baino gehiagokoa da. Elkartea bost bazkiderekin hasi zen, eta egun hamar kooperatiba eta elkarte dira, hau da, kide kopurua bikoiztu egin da.
Etorkizun kolektibo hobe baten alde
Etorkizunera begira, gaur egungo lan lerroekin jarraitzeko asmoa dute; hau da, elkarteko erakunde bazkideen arteko sinergia aukerak lantzen eta kanpora begirako proiektu edo lan lerroak elikatzen jarraitu.
Erakunde gaztea da, eta oraindik konfiantza eta harreman lotura eraikitzen dabil. Ekonomia soziala gizartearen onura bilatzen duen ekonomia dela pentsatzen dute. Beraz, ekonomia arduratsu eta bidezko hori gizarteko alor guztietan integratzen jarraitzeko lanean jarraituko dute, etorkizun kolektibo hobe baten alde.