BilbaoArtek 25 urte

Pasa den azaroan 25 urte bete zituen ekoizpen artistikorako zentroak. Egun bi espazio dituzte Bilbon, eta urtero 300 beka eskakizun jasotzen dituzte, soilik 13 hautagai aukeratzen dituztelarik

BilbaoArteren Urazurrutia kaleko eraikina | Argazkia: Utzita BilbaoArteren Urazurrutia kaleko eraikina | Argazkia: Utzita

Urte bat, hilabete bat eta egun bat. 1997ko urriaren 17tik, 1998ko azaroaren 18ra arte igarotako denbora. Lehen data, Guggenheim Museoaren inaugurazioa; bigarrena, BilbaoArte Fundazioaren ibilbidearen abiapuntua.

“Ez daukat kontu horren oroitzapen zehatzik. Gogoan dut Guggenheima inauguratu aurretik abiatu ahal izan genuela guk, baina ez genuen aukera hori baliatu, benetako protagonismoa museoak izatea nahi genuelako. Eta denborak arrazoia eman digu, azken finean, pixkanaka hazten joan den fundazio txiki bat baino ez gara gu”.

Hastapeneko eta egungo BilbaoArteko zuzendari Javier Riañoren (Bilbo, 1959) hitzak dira. Artista ofizioz, atzerrian 12 urteko egonaldi baten ondotik, 2022an itzuli zen Bilbo Zaharreko Urazurrutia kalean dagoen arte garaikideko ekoizpen-zentroko arduradun zereginetara. BilbaoArteren 25. urteurrenaren karietara, aurreko martxoaren 5ean, Bilbo Zaharrean barik, Uribitarte40 izeneko areto ireki berrian hartu zuen EnpresaBIDEA Riañok. Abandoibarran, Bilboko turismoaren zero gunean.

Uribitarte40 erakusketa-aretoa

BilbaoArte Fundazioa entitate munizipal bat da eta udaletxeko alderdi guztien ordezkariek osatutako patronatu gisa funtzionatzen du. Eusko Jaurlaritzak 2023ko apirilean, EAEko museo eta bildumen erregistroan, BilbaoArte Bilduma gisa aitortu zuen. Bi hilabete geroago, Uribitarte40 erakusketa-aretoa inauguratu zen. Urazurrutiako egoitzan, berriz, artisten tailerren eta administrazioaren zerbitzuek martxan jarraituko dute.

BilbaoArte Fundazioa entitate munizipal bat da eta udaletxeko alderdi guztien ordezkariek osatutako patronatu gisa funtzionatzen du

“Gure lana publikoaren sektore konkretu bati zuzendu izan zaio beti, artisten munduari. Eta horrenbestez hiriaren ezezagun handia izan gara. Orain, aldiz, oihartzuna iristen ari da, errekonozimendua. 25 urte hauetan gurekin izan diren artisten 600 piezako bilduma osatu baitugu, 2 milioi eurotan baloratutako bilduma. Baina ez da diru kontua soilik. Gurekin egondako gazte asko areto eta museo garrantzitsuenetan agertzen hasiak dira”.

RIAÑO ETA BESTE BATZUK
Ezkerretik eskuinera, Javier Riaño, Helena López (Uribitarte40 Aretoko arduraduna), Gonzalo Olabarria (Kultura zinegotzia) eta Jorge Isla (artista)

Beka-programak

Hasieratik bertatik kultura eta talentu artistikoa sustatzeko asmoarekin BBK-k, BilbaoArterekin elkarlanean, arte-proiektuak gauzatzeko bekak abian jarri zituen: egoitza-beka zeritzaienak. Denboraren poderioz, iraupenaren eta diru kopuruaren arabera nabarmen aldatu egin dira.

Egun, 300 eskakizun baino gehiago aurkezten dira urtero eta horietatik 13 baino ez aukeratu. Hautatutako 13 ‘egoiliar’ horiek lan egiteko espazio indibiduala izango dute eta tailer guztietan parte hartzeko eskubidea. Tailer bakoitzeko maisu bat egongo da, zeinak etengabe aholkatuko dien lanean aurrera egin dezaten. Aurten gainera, dirulaguntza inoizko handiena da: 6.000 euro.

“25 urte hauetan 600 beka baino gehiago eman ditugu. Orain unibertsitateko azken urtean edo masterrak egiten dauden ikasleak ere jasotzen hasiak gara. Makineria, azpiegitura eta tailer bikainak ditugu, Europako ekoizpen-zentrorik onena gara. Eta ez, ez da bilbainada bat. Jakinaren gainean ari naiz”.

Javier Riaño: “25 urte hauetan 600 beka baino gehiago eman ditugu. Orain unibertsitateko azken urtean edo masterrak egiten dauden ikasleak ere jasotzen hasiak gara. Makineria, azpiegitura eta tailer bikainak ditugu, Europako ekoizpen-zentrorik onena gara"

Bestalde, bost modalitate beka ezberdin daude. Bost hilabetekoa laburrena, hamar hilabetekoa, hogeikoa, Silver izeneko beste bat eta EHUko Arte Ederretako fakultateko beka. “Silver delako hori 50 urtetik gorakoentzat da. Nik garbi daukat sortzaile bizi osoan zehar izan zaitezkeela. Artearen munduan zorte ona izan baduzu, bada, bikain, baina zorterik izan ez baduzu ezin duzu sortzaile izaten jarraitu?”

June Crespo, Guggenheim Museoan

Martxoaren 1ean hasita, ekainaren 9ra bitarte, June Crespo (Iruñea, 1982) artistaren Baskularra izeneko erakusketa ikusgai egongo da Guggenheimean. Bi aldiz BilbaoArteko bekadun izandakoa (2006an eta 2015ean) eta prestigiorik handieneko Veneziako bienalean ere parte hartutakoa da Crespo.

“Guretzat oso harro egoteko moduko albistea da. June oso gazterik izan zen gurekin. Duela gutxi antolatu dugun erakusketa kolektibo batean haren bi pieza erakutsi genituen eta, bat-batean, Guggenheim batean egotea izugarria da. Baina ez da bera bakarrik. Bihar ARCOra joango naiz eta gurekin egondako hamar bat artisten piezak hango hainbat galeriatan egongo dira. Gurekin egondako batzuk aspaldi ikusi gabeak dauzkat eta guztiei kuku egitea gura nuke”.

Bi aldiz BilbaoArteko bekadun izandakoa (2006an eta 2015ean) eta prestigiorik handieneko Veneziako bienalean ere parte hartutakoa da Crespo

ARCO, Madrilen antolatzen den arte garaikidearen nazioarteko azoka da. Hainbat herrialdetako galerista, bildumagile, artista eta komisarioentzako ezinbesteko topagunea. Esan gabe doa, ARCOn egotea aukera ederra dela edozein artistarentzat bere lana ezagutarazteko eta, nola ez, hura saltzeko. Horren harira, Ernest Urtasun Espainiako Gobernuko kultura ministroak, elkarrizketa honen egunean bertan, arte garaikideko piezen gaineko BEZa murriztearen aldeko aldarria egin zuen (%21etik %10era pasatzea, hain zuzen), haren esanetan, galeristen gremioaren aspaldiko aldarrikapenarekin bat eginez.

URIBITARTE
Uribitarte kaleko eraikina | Argazkia: Utzita

Pizgarri fiskalak

Fundazioa estatusa izateak esan nahi du %47ko kreditu fiskalak eskaini ditzakeela BilbaoArtek. Horrela, inbertitzaileek bekak finantzatzeko dirua eman dezakete, geroago kreditu fiskal moduan itzul diezaioten. Alegia, zerga gutxiago ordaintzeko. 

“Esaterako, Bilboko Otaola familia ospetsuak ordaintzen du osorik beka bat. Gure pizgarri fiskalei esker, ekarpenaren erdia berreskuratzen du, eta horrez gain, beste onura batzuk ere badaude. Hala nola, gure webgunean haien promozio edo sustapena egitea banneren bidez. Horrela egin izan dugu hasieratik ere: Carlton (hotela) beka, Derby (arropa denda) beka, El Corte Inglés beka, eta abar”.

Bilbo Zaharretik Abandoibarrera

Uribitarte40 erakusketa-aretoaren alboan Guggenheim Museoa dago. Handik gertu Arte Ederretako Museoa. Ez oso urrun ere Rekalde aretoa. Sarreratik ezkerrera joanez, Uribitarte kaleko igogailua hartuta, Carreras-Mugica galeria eta Abandoko abangoardiako areto guztiak daude. Nolabaiteko artearen distritoan dago kokatuta Uribitarte40. Beste mundu bat, Urazurrutia kaleko eraikinaren kokapenarekin alderatuta.

Javier Riaño: "Gaur egungo Londresko edo Parisko punta-puntako arte-areto gehienak jada ez dira sarbide zaila duten eraikin zahar erdi-abandonatuak; ez, orain, argiztapen ona duten, hau bezalako, edifizio modernoak dira lehenesten direnak”

“Saiatu ginen Urazurrutiako erakusketa-aretoari hobekuntzak egiten. Baina baditu muga batzuk, eta hemen, Uribitarten, udalak libre zeukan eraikin ideal hau aprobetxatzea erabaki genuen. Oraindik falta da pasealekutik sarrera nagusira doan zebra-bidea egitea. Hori da nire azken bataila. Bestalde, ikusgarritasuna argiztapenarekin areagotzea da helburua. Gaur egungo Londresko edo Parisko punta-puntako arte-areto gehienak jada ez dira sarbide zaila duten eraikin zahar erdi-abandonatuak; ez, orain, argiztapen ona duten, hau bezalako, edifizio modernoak dira lehenesten direnak”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK