Bilbomática enpresa erosi du Galiziako Altia Taldeak

Bilboko informatika ingeniaritzako enpresak 550 langile baino gehiago ditu Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Madrilgo bulegoetan

Walter Mattheus eta Victor Malpartida, Bilbomáticako CEO eta presidentea eta Constantino Fernández, Altia Taldeko presidentea Walter Mattheus eta Victor Malpartida, Bilbomáticako CEO eta presidentea eta Constantino Fernández, Altia Taldeko presidentea

A Coruñako Altia konpainia teknologikoak atzo iragarri zuenez Bilboko Bilbomática enpresa erosi du 24 milioi euroren truke. Ondo bidean erosketa irailaren 1ean gauzatuko da.

1988an sortu zen Bilbomática enpresa eta sektore publikoaren eraldaketa digitalean espezializatu da. Hainbat alorretan egiten du lan Bilboko konpainiak, besteak beste administrazio publikoan, ingurumenean, osasunean, turismoan, berrikuntzan, industrian, gizarte-ongizatean eta energiaren sektoreetan. Gaur egun 550 langile baino gehiagok egiten dute lan konpainiak Bilbo, Iruñea, Gasteiz eta Madrilen dituen bulegoetan. 

Bilbomáticak 36,44 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2021ean eta 2,65 milioiko Ebitda ( interes, zerga, balio galera eta amortizazioen aurreko irabaziak ) eta hazkunde sendoa espero du 2022rako.

Altia Taldea A Coruñan sortu zen duela 28 urte eta gaur egun 2.400 langile baino gehiagoko lan egitura dauka eta 2021ean 125,9 millioi euroko negozio-bolumena izan zuen. Informazio eta komunikazioen teknologietako enpresa galiziarrak hainabt arlotan egiten du lan: zerbitzuak, finantzak, industria, osasuna, energia edo administrazio publikoetan, besteak beste. Azken urteotan Altiak hazkunde estrategiari ekin dio. Duela bi aste Madrilgo Wairbut enpresa erosi zuen 5,4  milioitan eta atzo bertan Bilbomáticaren erosketaren berri eman zuen, bere inoizko erosketarik handiena.

Tino Fernández, Altia Taldeko presidenteak adierazi du "Bilbomaticak duen esperientzia handiak, batez ere sektore publikoan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan duen posizionamenduak eta Europar Batasunaren esparruan dituen bezero eta proiektu-zorro zabalak Espainiako administrazio publikoen zein Europako agentzien hornitzaile nagusietako bat izateko aukera emango diola Altia Taldeari ". Presidentearen esanetan "zalantzarik gabe, gure egungo zerbitzu-eskaintzaren osagarri perfektua da, eta, aldi berean, garapen profesionalerako eta pertsonalerako aukera berriak irekitzen ditu Altia Taldea osatzen duten pertsona guztientzat".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK