Donostiako Bizkaia Pasealekuan du sorkuntza txokoa Binahik. Hiru gela handik, horietako bat eszenario eta gortinarekin, bikoizketarako beste gela bat, bulegoak eta kalera ematen duen terraza atsegin batek osatzen dute ikus-entzunaren sormena garatzeko espazioa. Izan ere, Binahin ikus-entzunezko proiektuak ekoitzi, interpretazio nahiz bikoizketa ikastaroak eskaini, castingak egin eta aktoreen errepresentazioa lanak egiten dituzte.
Loinaz eta Kiko Jauregi anai-arrebek sortu zuten proiektua 2006an. Biak aktoreak eta bikoizketa lanetan aritutakoak, Euskal Herrian halako zerbitzuak emateko beharra ikusi zuten. “Garai hartan bikoizketa eskolarik ez zegoela ikusi genuen”, dio Kikok. “Aktore bezala egiten nuen lan Goenkalen, eta figurazioa lortzeko ere arazoak zeudela ikusten nuen. Arrebarekin hitz egin eta enpresa txiki bat sortzea pentsatu genuen”, gehitu du.
Kiko Jauregi: “Aktore bezala egiten nuen lan Goenkalen, eta figurazioa lortzeko arazoak zeudela ikusten nuen. Arrebarekin hitz egin eta enpresa txiki bat sortzea pentsatu genuen”
Hala hasi ziren, orain kasik hogei urte, ikastaro gutxi batzuk eskainiz Egiako lokal txiki batean. “Figurazioarekin ere hasi ginen, publizitate txikiak egiten eta pixkanaka beharren poderioz, proiektua handitzen joan da”, kontatu du fundatzaileak.
Castinga, formakuntza, ekoizpena eta errepresentazioa
Bada, urteak joan ahala, merkatuko premiei egokituz egin du bidea Binahik, eta egun ikus-entzunezko arloa hainbat zerbitzu eskaintzeaz arduratzen dira. Akademia bezala, interpretazio eta bikoizketa ikastaro diferenteak ematen dituzte haur, gazte zein helduentzat, baita kantua edota ingelesez umeentzako interpretazio klaseak ere. “Bikoizketa musikala, esaterako, arrakasta izaten ari da, jendeak eskatu digu eta hortik joaten gara”.
Interpretazio ikastaroek bideratu dute Binahi errepresentazioa lanak ere gauzatzera. Izan ere, zentroan ikasitako aktoreak filmetarako hautatu dituztenean sumatzen dute errepresentazioa izateko premia. “Lehenengo helduekin hasi ginen, baina ume eta nerabeen errepresentazioa oso eskasa zela ikusi genuen, eta horretan ari gara orain”, azaldu du Jauregik.
Helduentzako ikastaroak badituzte ere, gaur-gaurkoz ume nahiz nerabeekin egiten dute lan gehienbat. Hala, castingak ere egiten dituzte: “Interpretazio klaseekin lotuta dago castinga”, kontatu du aktoreak. “Ikasleak castingetarako prestatzen ditugu, ekoiztetxeetatik askotan deitzen baitigute serie edo film bat egin behar dutenean”.
Castingak egin, grabatu eta ekoiztetxeei bidaltzen dizkie Binahik. “Aurrena profila ikusten dugu, zer behar duten aztertu. Gure ikasleak ondo ezagutzen ditugunez, badakigu zein sartzen den profil jakin batean eta zein ez. Hemendik atera diren ume eta gazte asko jada lanean ari dira”, nabarmendu du. Edonola ere, zuzendariek ere badute zentrora joan eta bertan zuzenean castingak egiteko aukera.
Gorako ibilbideak ez du etenik
Ikus-entzunezko ekoizpenei dagokienez, antzerkiak, film laburrak eta dokumentalak egiten dituzte batik bat. Oskar Tejedor zuzendaria arduratzen da halako ikus-entzunezko gehienak egiteaz.
Egunerokoan hamar bat langilek egiten dute lan, nahiz eta tailer jakin batzuk eginez gero, beste irakasle edo aktore batzuk kontratatzen dituzten. Jauregiren hitzetan, “espazio handiak behar izaten ditugu lan egiteko”. Arrazoi horregatik pasa ziren Egiako lokaletik Grosera, eta Grosekoa ere txiki geratu ostean Bizkaia Pasealekuko eraikinera lekualdatu ziren.
Kiko Jauregi: “Errepresentazio mundua indartzen goaz pixkanaka, eta orain ume eta nerabeena finkatu nahi dugu"
Proiektua abiatzean “pretentsio gutxi” zituela aitortu du Jauregik, baina eguneroko jarduerak eta premiek handiarazi dute. Akademiak eta ekoizpenek bermatzen diete bideragarritasun ekonomikoa, eta etorkizunera begira “bide berdinetik” jarraitu nahi dute. “Errepresentazio mundua indartzen goaz pixkanaka, eta orain ume eta nerabeena finkatu nahi dugu. Akademian ikastaro guztiak nahiko beteta ditugu, eta ekoizpenei ere eman nahi diegu bultzada”, argitu du.
Euskal Herriaz gain, Madriletik ere sarritan jasotzen dituzte deiak. Halaber, azken urteotan ikus-entzunezko edukietan Euskal Herrian izandako hazkundea kontuan hartuta, lana ez zaiela faltako agerikoa da. "Orain arteko ibilbidea beti izan da gorakoa. Ikusiko dugu zer punturaino”, bukatu du.