• ENPRESAK GAUR
  • Biolan: esparru bioteknologikoan hazi, eta euskaran ere bai

Biolan: esparru bioteknologikoan hazi, eta euskaran ere bai

Enpresaren esportazio tasa %87koa da eta 65 herrialdetan egiten du lan. Euskaran ere beste urrats bat eman dute: Indeusen parte dira

Hizka Mizka, Biolaneko Euskara Batzordea | Argazkia: utzitakoa
Hizka Mizka, Biolaneko Euskara Batzordea | Argazkia: utzitakoa
2025eko apirilaren 10a
Eg. 2025eko apirilaren 10a

Biolan oinarri bioteknologikoko enpresa bat da, elikagaien eta osasun sektorerako tresna analitiko aurreratuak eta berritzaileak garatu, fabrikatu eta merkaturatzen dituena. 2006. urtean Biolan Microbiosensoren Sozietate Mugatu bezala sortu zen, elikadura industrian zegoen behar bati erantzuna emateko. Biolanek garatzen dituen tresnak eraginkorrak eta azkarrak dira, elikagaien kalitatea eta segurtasuna bermatzeko sektorerako interesgarriak diren parametroak detektatuta. Geroago, merkatua osasun sektorera bideratu zen, osasun diagnostikorako eta sendagaien monitorizazioarko soluzioak eskainiz.

 

Biolanek elektrokimikan elikagaien industriaren beharrak konponduko zituzten aplikazioan garatzeko aukera teknologiako bat identifikatu zuen, eta, horregatik, elikagaien esparru horretan kontrol analitikorako biosentsoreak eskaini zituen lehen konpainia izan zen. Biolanen soluzio analitikoak eta diagnostikoarako biosentsore entzimatiko anperemetrokoetan oinarritzen dira, gero, test inmunokromatografiko edo biologia molekularreko tekniketarantz dibertsifikatuz joan da, eta hainbat teknologia aplikatzearen emaitza izan da. 2020tik produktuetan digitalizazioa ere integratu da. 

I+G+b, euskara ahaztu gabe

Azken urteotan, baina, harago joateko pausoak eman dituzte. Konpainiaren inbertsioa gero eta handiagoa izan da, langile kopurua areagotu eta instalazioaren hazkuntza iraunkorra ahalbidetuta. 2024an instalazioak nabarmendu handitu ziren, tamaina ia hirukoiztu arte. Salmenta-bolumenean urtero hazkunde nabarmena izaten dute, eta horrek ahalbidetzen die euren jarduera finantzatzea. Halaber, urte hauetan garatutako I+G+b-ko jarduera finantzaketa publiko lehiakorreko 89 proiektu bitartez garatu dute. Proiektu horien %60 Eusko Jaurlaritzaren hainbat programek babestu dituzte, %18 Espainiar Estatuko programek, %12 Europako funtsek, eta %10 Bizkaiko Foru Aldundiak. “Horrek ez du esan nahi garatzen ditugun I+G+b proiektu guztiak dirulaguntzen bitartez finantzatzen ditugunik. Gaur egun, Biolanek bere funts propioen zati handi bat jarduera horietan inbertitzen du”, adierazi du Ainhoa Urdangarinek, I+G+b departamentuko teknikariak.

 

Ainhoa Urdangarin: “Berrikuntza da gure funtsa; I+G+b gure DNAn daukagu, eta berrikuntza hori elikagaien sektoreari eta osasun sektoreari aplikatutako soluzioak merkaturatzea da gure helburua”

Helbururik garrantzitsuena elikagai eta osasun sektorean dauden beharrizanei abanguardiazko soluzio fidagarriak eskaintzea da, ezagutzen dugun eta beregenatuta daukagun teknologien bitartez. “Berrikuntza da gure funtsa; I+G+b gure DNAn daukagu, eta berrikuntza hori elikagaien sektoreari eta osasun sektoreari aplikatutako soluzioak merkaturatzea da gure helburua”, esan du Urdangarinek. Egun Biolanek %87ko esportazio tasa du, eta 65 herrialde baino gehiagotan dago, baina nazioartekotze maila horri eutsi nahi dio, eta elikagiaen eta osasungintzaren azpisektore berrietara hedatu.

Argazkia 2
2024ean instalazioak nabarmen handitu zituen Biolanek | Argazkia: utzitakoa

Testuinguru hori izanik, euskararen presentzia areagotzeko lanean dihardu Biolanek, lagunartekotasun batetik lan esparrura salto egitea lortu asmoz. Horregatik, duela hilabete pare bat Indeuskide izateko aukera eman zitzaienean, zalantzarik gabe baiezkoa eman zuten. “Euskararen alorrean izan ditzakegun ahuleziei aurre egin nahi diegu, Indeuskideek dituzten tresnak baliatuta, hhala nola, presentzia digitala, Euskara Planak, Harrobi Ziurtagiria, etab.”, adierazi du Jone Magunacelayak, Komunikazio departamentuko teknikariak.

Indeuskide direla, erraztasunak izan ahal dituzte antzeko enpresekin harremanetan jartzeko, horrek euskal enpresen arteko sareak indartzen baititu. Magunacelayaren arabera, indartze horrek, haien nortasuna eta balioa erakutsi ditu. Izan ere, euskal enpresen arteko sare hori lan harremanak euskaraz jorratu daitezen bilatzen du, eta horrek haien lehiakortasuna handitzen du.

Euskara Batzordea, urrats garrantzitsua

Hala askotariko ekintzak antolatzen hasi dira. Hizka Mizka Euskara Batzordea sortu berri dute, eta bertatik abiatuta, aurten, Euskaraldian parte hartuko dute. Gainera, aspalditik, barne zein kanpo komunikazioa euskaraz zabaltzen dute.

Euskara Batzordea sortu zutenetik, geroz eta presentzia handiagoa hartzen ari da. “Badirudi euskara kontzientzia moduko bat sortu dela, eta euskara dakitenek lan esparruan ere gehiago erabiltzen dutela”, onartu du Magunacelayak.

Jone Magunacelaya: “Badirudi euskara kontzientzia moduko bat sortu dela, eta euskara dakitenek lan esparruan ere gehiago erabiltzen dutela”

Orain euren erronka nagusia da euskarak lan eremuan ikusgarritasun handiagoa izatea. Oraingoz, urrats txikiak ematen hasi dira; pauso txikiak, baina sendo eta eraginkorrak izatea nahi dute.

Horregatik, beste enpresak bultzatu nahi dituzte pausoa ematera. Lehenik eta behin, Euskara Batzordea sortuta, horrek egingo diren ekintzak modu ordenatuan egitea ahalbidetuko baitu, eta, gainera, euskarari garrantzia emateko ere balio izango du. “Aipatu ditugun Euskaraldia moduko ekintzetan parte hartzeak jendea motibatu dezakeela ikusi dugu, eta, horrela, urrats txiki horiek, errealitatera geroz eta gehiago hurbiltzen gaituzte”, gehitu du Magunacelayak.

Araudiak, sektorearen kezka

Elikadura bezalako sektore batean, geroz eta zorrotzagoak diren lege araudiak daude, nahitaez bete beharrekoak, produktuaren kalitatea eta kontsumitzailearen kaltegabetasuna eta segurtasuna bermatzeko.

Urdangarinen arabera, elikagaien kalitateak eta segurtasunak gero eta gehiago kezkatzen dute kontsumitzailea, eta kritikoak dira elikagaien ekoizpenean, itxaropen eta eskaera jakin batzuk bete behar direlako. Elikagaietan kutsatzaileak edo hondakinak egotea, baita produktu batzuen gehiegizko edukia izatea ere, elikagaien segurtasuneko arazo nagusietako bat da. Hortaz, elikagai-industriek kontsumitzaileen osasunarekin duten konpromisoa, kalitate ereduaren printzipioak eta legedia betetzeko ekoizpen prozesuaren monitorizazioa ahalbidetuko duten teknologia berritzailea behar dute.