• ENPRESAK GAUR
  • Enpresen estrategian jasangarritasuna txertatzea funtsezkotzat jo du Bizkaiko Aldundiak

Enpresen estrategian jasangarritasuna txertatzea funtsezkotzat jo du Bizkaiko Aldundiak

BECen antolatu da Bizkaia Enpresa 2025 topaketa, eta On Bizkaia Sariak banatu dira

Topaketan izan da Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia | Argazkia: BFA
Topaketan izan da Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia | Argazkia: BFA
2025eko apirilaren 8a
Eg. 2025eko apirilaren 8a

Gaur inauguratu da BECen Bizkaia Enpresa 2025 topaketa, Beaz foru-erakundeak antolatuta. Topaketaren ardatzak jasangarritasuna eta trantsizio berdea dira, eta hamalaugarren edizioa den honetan industria sektoreetako enpresa txiki eta ertainetako zein start-upetako ordezkariak bildu dira BECen, hots, 450 pertsona, gutxi gorabehera.

 

Bertan izan da Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusia, zeinak adierazi duen Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) bihar iragarriko dituela neurri berriak enpresen “lehiakortasuna indartzeko”; “enpresarik gabe ez dago enplegurik, ez dago aberastasunik eta ez dago ongizaterik”, gehitu du.

Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak pasa diren azken urteak (2020-2024 aldia) errepasatzeko tartea hartu du. Haren esanetan, denbora horretan BFAk 2.500 enpresa proiekturi lagundu zien, ia 100 milioi eurorekin; zifra horrek, aldi berean, 300 milioi euro mobilizatu zituen. Horrez gain, azaldu du 1.800 enpresek jaso zutela Beazek emandako laguntzaren bat. Enpresentzako gako estrategikoak nabarmendu ditu diputatuak: merkatuen dibertsifikazioa, berrikuntzaren aldeko apustua, jasangarritasuna bereizketa faktore gisa, inbertsioak, pertsonengan zentratutako enpresa-kulturak lehenestea eta lankidetza publiko-pribatua.

 

Bestalde, On Bizkaia Sariak banatu dira egitasmoan, sei kategoriatan: enpresa berritzaileen sorkuntza saria eskuratu du CAF Signallyingek, berrikuntza eta hazkundearena Gepro Systemsek, nazioartekotzearena TH Companyk, trantsizio digitalarena Industrias Garitak, trantsizio berdearena Asfaltados Olarrak eta start-up ibilbide onenarena Nemergent Solutionsek.

Azkenik, txostena aurkeztu dute Foru Aldundiak eta Aclima Basque Environment Clusterrak, “Trantsizio berdea, Bizkaiko enpresentzako lehiakortasun-eredu berriak” izenekoa. Bertan ondorioztatzen da lurraldeko enpresak “urratsak ematen ari direla” trantsizio berderantz, baina “oraindik ere erronka garrantzitsuei aurre egin behar dietela”. ETEek laguntza berezia behar dutela mahaigaineratu dute, batik bat, baliabideen zein ezagutza teknikoaren faltagatik eta araudira egokitzeko zailtasunagatik. Gaineratu dute ezinbestekoa dela jasangarritasuna enpresa estrategian txertatzea eta eskura dauden tresnak erabiltzea.