Cebekek bazkideen urteko bilera egin du asteazken honetan, eta enpresen artean egindako azken inkestaren berri eman du. Carolina Perez Toledo elkarteko presidenteak egin du agerraldia, eta hainbat gai izan ditu hizpide.
Besteak beste, Cebekeko presidenteak "ETAren mehatxuagatik joan ziren pertsonak, familiak eta enpresak aitortzeko eta erakartzeko plana" bultzatzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. "Oraindik ez da berandu ahaztutako kolektibo garrantzitsu honekin justizia egiteko", adierazi du.
Cebekek 125 urte bete berri ditu, eta urte guzti hauetan Bizkaiko enpresa-sarearen ordezkari gisa egin duen lana aldarrikatuz ekin dio amaierako diskurtsoari Perez Toledok. Hala, erakundea "125 urtetik gorako GKEtzat" jo du; izan ere, "enpresa" eta "patronal" hitzak gaur egun bidegabeki estigmatizatuta daude", bere hitzetan.
Cebekeko presidenteak eskerrak eman dizkie erakundeko kide diren enpresei eta gobernu-organoetako kide izan diren pertsonei, "egindako lanagatik eta hartutako konpromisoagatik", baita langileei ere, "aldaketetara egokitzeko egindako ahaleginagatik eta gaitasunagatik". Era berean, Iñigo Urkullu lehendakariari aitortza egin nahi izan dio.
Inkestaren emaitzak
Aurkeztutako inkestaren arabera, enpresen %86 arduratuta daude absentismoarekin, eta pertsonen kudeaketa arloko buruhauste nagusien artean hirugarrena da, lan kostuen gorakadaren (%92) eta trebaturiko langileen gabeziaren (%87) ostean. Halaber, Bizkaiko enpresak baikorrak dira, eta “egonkor edo hobetze bidean” dira. Enpresen %44k euren fakturazioari eutsi diote aurtengo urte hasieran, %29k hobetu egin dute, eta %90ek uste dute iaz bezain lehiakorrak edo lehiakorragoak direla.
Enpleguari dagokionez ere iragarpenak onak dira. Enpresen %73k uste dute aurten langile kopurua mantenduko dutela eta %21k handitu egingo dutela. Cebeken kalkuluen arabera, aurten 8.450 enplegu berri sortuko dira Bizkaian.