
Greba egun berria dute gaurkoa Basauriko Bridgestoneko langileek. Laugarren lanuzte honetan ere fabrikako ekoizpena geldiarazi dute, enplegu erregulaziorako espedientearen aurka egiteko. Roberto Corral enpresako langileen batzordeko presidenteak adierazi du greba egunak enplegatuen “erabateko babesa” jaso duela.
Gaineratu duenez, oraindik ere ez da aurrerapausorik eman negoziazioan, enpresa soilik lan erregulazio espedientea ezartzeko arrazoiak ematen “saiatzen” ari baita. Zifrak ere eskaini ditu Corralek: lehen, enpresak saltzen zituen autobus zein kamioien %50 esleitzen zitzaizkion Poloniari eta beste hainbeste Basauriri; orain ordea, Europako merkatu osorako esleitu diren 1.800.000tatik 1.100.000 eman dizkiote Poloniari, eta Basauriri, ordea, 700.000. Corralen ustetan, zuzendaritzak nahiago du Europa ekialdean ekoitzi, “merkeagoa delako”.
10:30ean izan du bilera langileen batzordeak zuzendaritzarekin, eta lantaldeak espero du, “legeak hala behartzen duenez”, enplegatuak beste leku batean birkokatzeko plangintza mahaigaineratzea zuzendaritzak. Langileek lanuzteak egingo dituzte, gaur ez ezik, bihar eta etzi ere bai. Gainera, ostiralean egingo duten langileen batzar orokorrean etorkizunera begira beste greba deialdiak iragartzea aurreikusten dute