
Gaur da Bridgestoneko langileen bigarren greba eguna. Aurrekoan 05:00etan hasi bazen lanuztea, gaurkoan are lehenago hasi da, goizeko 04:30ean. Lantegiaren aurrean bildu dira, hain zuzen, ehunka langile, lantaldearen zati handi bat kalera ez dezaten. Izan ere, multinazionalak duela gutxi jakinarazi zuen orotara 564 behargin kaleratuko dituela, bai Basauriko (335 langile), bai Kantabriako lantegietatik. Usansoloko faktoriako kideak ere batu egingo dira elkarretaratzera.
10:30ean elkartuko dira sindikatuak eta zuzendaritza negoziazio mahaian. Aldi berean, Bridgestoneko zuzendaritza atzo arratsaldean bildu zen Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Basauriko Udalarekin, helburu izanik kaleratzeei bestelako konponbidea aurkitzea. Bileraren ostean, azaldu zuten denek jarraituko dutela kontaktuan, eta zuzendaritzak gaineratu zuen “prest dagoela eztabaidarako, betiere, zuhurtziaz eta diskrezioa mantenduta”.