Oporraldia datorrela, laneko estresak bikoiztu eta zereginak metatu egiten direnean, lan merkatuko adituek burnout egoera aurkeztu ohi dute. Oporrak heldu baino lehenago lana bukatu nahi izatean sortzen dira burnout egoerak, gehiegizko lan estresak gidatuta. Langileen ongizatean eragina izaten duen terminotzat dute adituek, eta lan abstentzioan eragin zuzena izan dezake. 2019.urtetik, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) lan arrisku gisa jasota du.
Silvia Puente Jobbe Evolus enpresako giza baliabide sailaren arduraduna da, eta lan absentismoaren eta burnoutaren arteko harremana aztertu nahi izan du. “Burnoutaren inguruan hainbat aldiz hitz egin izan da lehenago, ez da kontzeptu berria”, azaldu du. Askotan langileak sufritzen duen egoera dela dio, nahiz eta ez konturatu. “Oporrak hurbil ditugunean eta oraindik lan handia dugunean, antsietatea, estresa edo buruko mina izateko joera dugu”. Burnout absentismoarekin lotuta dago askotan adituaren arabera, langileak emozionalki “tentsoago” egoten direlako. “Estresa edo antsietatea nabaritzen baduzu, nahiz eta hasieran garrantzirik ez eman, luzera burnout egoera sortu dezake”, ondorioztatu du. Edozein momentuan suerta daiteke, baina oporraldiak “bueltan” daudenean ohikoagoa izan ohi da. Lanera hurbiltzeko ezintasuna ere sortu daiteke momentuotan.
Silvia Puente: “Estresa edo antsietatea nabaritzen baduzu, nahiz eta hasieran garrantzirik ez eman, luzera burnout egoera sortu dezake”
Dena dela, Puentek argi du burnout eta absentismo laborala bereiztu beharreko kontzeptuak direla. EAEn absentismoa “aspalditik” igotzen ari dela dio, batez ere azken hilabetera begira. “Euskadi hainbat hilabetetan izan da lan absentismoaren rankingaren buru”. Giza baliabidetako profesionalak uste du datu nahiko “kezkagarria” dela; 2024.urteko lehen hiruhilekoan 8,4ko absentismoa eman zen. Hori bai, Puentek dio datuotan amatasun, aitatasun, grebak zein baja medikoak ere aintzat hartzen direla eta, beraz, kontzeptu orokorragoa duela beregain. “Absentismoaren parte bat justifikatuta dago, baina beste parte bat konplexuagoa da aztertzeko”. Baja justifikatuak “eskubideak” direla argi du, baina burnout egoerak “borrokatzeko” ahalmena langileak duela dio, estrategia jakin batzuk garatzen baldin badira.
Langileen antolakuntza eta administrazio trebetasunak lantzea funtsezko ikusten du adituak: “Denbora darabilzunean enpresa baten, badakizu noiz ematen diren aktibitate pikoak”. Enpresaren “dinamikak” behin ezagututa, lana planifikatzeko ahalegina errazagoa dela uste du. Aholku gisa, lan kopuruaren aurreikuspena garatzeak berebiziko garrantzia du, alegia, metatzen doan lana aurreikusteko ahalmena garatzea. “Burnout egoerak saihesteko balio dezake”.
Aholkuekin jarraituta, lan jarduera guztien zerrenda bat egitea proposatu du, betebehar guztien oreka egoki kudeatzeko. Gainera, lana metatzen doan heinean betebeharrak ez ahazteko balio duela ere mahaigaineratu du, ostera lankideei lan “pisu” guztia ez delegatzeko: “Norbaitek zure lana egin behar izango du zure ordez oporretan zaudenean". Honek guztiak enpresen errendimenduan eragina du Jobbe Evoluseko langilearen arabera.
Enpresa politikak
Langileen ongizatea mantentzea eta indartzea helburu, Puentek uste du enpresek hainbat politika garatu behar dituztela. “Absentzia kontrol mekanismo plan egokiak gauzatu behar dituzte”. Gainera, langileen asistentzia pizteko neurriak hartu behar dituzte, lanera ez etortzearen ondorioak zeintzuk diren argi islatuz: “Hau da, enpresa zuzentzen duten arauak zeintzuk diren argi uztea”.
Ildo berean, lanera huts egitea eskubidea dela argi du Jobbe Evoluseko profesionalak, betiere arrazoiak justifikatuak baldin badaude. Hala ere, langileek enpresaren errendimenduan duten eraginaren inguruan jakitun izan behar direla uste du, huts egiteek ondorioak baitituzte produktibitatean: “Zure lana beste norbaitek egin behar izango du, mundua ez da gelditzen”. Enpresak bizitza profesionalaren eta pertsonalaren arteko bateratze sistemak garatzea berebiziko garrantzia du adituaren esanetan.
“Absentzia kontrol mekanismo plan egokiak gauzatu behar dituzte enpresek"
Egun eztabaida publikoan dagoen auzia da lan kontziliazio politika, eta Puentek dio enpresak jakitun direla erronka honetaz. “Plantillan jendea kontratatu nahi duzunean gizarteak eskatzen duenari so kontratatu behar duzu”. Gaurkotasuneko lan baldintzetara moldatu behar dira egungo enpresak, eta honakoa lortzeko “barnera” begiratu behar dute. Orokorrean, euskal enpresek azterketa hori egin dutela uste du, kontziliazio politiken garrantziaz jabetu direlako. Politika horiek hobetzeko, barne galderak egiten dituzte, metodologia hobetu nahian. Enpresen funtzionamendua egokia izateko funtsezko gakoa da adituaren arabera, bai eta profesional kualifikatuak erakartzen jarraitzeko.