Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) enpresak 89 milioi euroko mozkin garbiak izan zituen iaz, hots, 2022an baino % 71 gehiago, orduan 52 milioi irabazi baitzituen. Enpresaren negozio-zifra 3.825 milioikoa izan zen joan den ekitaldian, 2022an baino % 21 handiagoa.
Beasaingo konpainiak jakinarazi duenez, ustiapenaren emaitza (Ebit) 179 milioi eurora igo da, aurreko urtean baino % 29 gehiago, eta horrela, zergen aurreko emaitza 141 milioikoa izan zen, 2022an baino % 6 gehiago.
CAFek salmenten igoera nabarmena azpimarratu du, urteko helburuak gaindituz eta "inflazio handiaren osteko suspertze-prozesuari jarraipena emanez". Ondorioz, errentagarritasun operatiboa hobetu du, ekitaldirako aurreikusitakoarekin bat etorriz.
2024ari begira, "hazkunde-zikloari jarraipena" eman nahi diote bai jardueran bai emaitzetan, "egungo finantza-egonkortasunari" eusteaz gain. Ildo horretan, aurten salmentak % 10 inguru handitzea aurreikusten du, eta, Ebit eta emaitza garbian, errentagarritasuna hobetzea 2023ko datuekin alderatuta.
Era berean, CAFek 2026rako helburuak berretsi ditu, nahiz eta bere plan estrategikoa aurkeztu zenetik "inguruneko baldintzak aldatu". Hala, 4.800 milioiko salmentak eta 300 milioiko Ebit bat ditu konpainiak helburu gisa.