• ENPRESAK GAUR
  • CAFek sei tranbia eraikiko ditu Nebraskarako, 50 milioi euroren truke

CAFek sei tranbia eraikiko ditu Nebraskarako, 50 milioi euroren truke

Etorkizunean beste 29 tranbia egiteko aukera jasotzen da akordioan

Argazkia: CAF
Argazkia: CAF
2024eko uztailaren 3a
Eg. 2024eko uztailaren 3a

Beste kontratu berri bat lortu du CAFek. Oraingoan, Estatu Batuetako Nebraska estatuko Omaha hirian. Izan ere, Omaha Streetcar Authority enpresak Beasaingo konpainia aukeratu du hirian zerbitzua emango duten tranbiak eraikitzeko. CAFek sei tranbia eraikiko ditu eta akordioan, etorkizunean beste 29 unitate gehiago egiteko aukera jasotzen da. Kontratua 50 milioi euro ingurukoa da.

Goierriko multinazionalak azaldu duenez, proiektuak azpiegituraren eta tranbien diseinua eta eraikuntza barne hartzen ditu, baita sistemaren operazioa eta mantentzea ere. Omaha milioi erdi biztanle inguru dituen hiria da. Gaur egun, proiektu ugari egiten ari da, populazio-dentsitatea handitzeko eta hirigunea garatzeko.

CAFek nabarmendu duenez, garrantzi handiko hitzarmena da, Estatu Batuetako hiri-operadoreek gero eta interes handiagoa baitute bateriekin zirkulatzeko aukera duten tranbien sistemetan. Horrela, proiektua funtsezko erreferentzia izango da, izan ere, Estatu Batuetan Omahakoa bezalako antzeko sistema duten bide-sektore ugari dira, eta mota horretako sistemetarako proiektu estatubatuarren etorkizuneko lizitazioetan bide errazagoa izan dezake CAFek.