Caixabank-Bankia eta Unicaja-Liberbank fusioen kondizio beretsuak nahi ditu BBVAk Sabadell erosteko

Lehiaren batzordeak "antzeko betebehar abanikoa" eskaintzea espero du bankuak, eta une honetan horretarako lanean ari direla baieztatu du

Onur Genç, BBVAko CEOa, maiatzaren 9an eginiko prentsaurreko baten | Argazkia: BBVA Onur Genç, BBVAko CEOa, maiatzaren 9an eginiko prentsaurreko baten | Argazkia: BBVA

BBVA Sabadell erosteko bidea lausotzeko lanean ari da. Izan ere, erosketa gauzatu ahal izateko konpromiso eta betebehar batzuk bete beharko ditu, ingelesezko remedies hitzarekin ezagutu ohi direnak. CNMC Espainiako merkatuko lehiaren batzordeak ezarri ohi ditu remedies horiek, baita oniritziari buruzko azken hitza izan ere, eta BBVAk espero du Caixabank eta Bankiaren arteko fusiorako Unicaja eta Liberbanken arteko fusiorako gertatu bezala, eskaintza abaniko zabala eskaintzea lehiaren batzordeak. Dagoeneko lanean ari dira, hala izan dadin.

Onur Genç BBVAko kontseilari nagusiak eginiko adierazpenak dira, gaur goizean Madrilen egin den XV Topaketa Finantzarioan, Expansiónek eta KPMGek antolaturikoa.

Informazio gehiago BBVA-Sabadell: fusio gabeko erosketa

Aipaturiko bi prozesuak lehen fasean onartu zirela gogorarazi du Gençek, eta hori abiapuntu, oraingoan gauza bera gertatuko dela uste du. Batetik, CNMCk metodologia bera erabiltzea espero delako, eta bestetik, BBVA-Sabadelletik atera daitekeen banku berria ez delako Caixabank-Bankiaren fusiotik ateratakoa baino handiagoa izango. Caixabanken operazioari dagokionez, bankuak monopolioa izango zuen posta kodeei loturiko zenbait konpromisorekin onartu zuen CNMCk, besteak beste, udalerri horietatik alde ez egitea edota zenbait bezero mantentzea. Unicaja eta Liberbanken kasuan, bestalde, bezero bat Liberbanketik Unicajara aldatuz gero eta kondizio komertzial okerragoak zituen kasuetan, Unicajak bezeroari aldaketa horiei buruz jakinarazteko betebeharra ezarri zuen CNMCk.

Prozesua lehen fasean onartzea espero badute ere, "erakundeei lan egiten uzten" ari direla nabarmendu du. Are gehiago, erakundeekin lan egingo dutela ere esan du fusioak sortu dezakeen "edonolako kezkari" lotuta. Era berean, insistitu egin du BBVAk Sabadell erosteko egin nahi duen mugimendua zentzuzkoa dela.

Eragiketak dagoeneko jaso du EBZren baiezkoa, baita CNMVrena ere.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK