
Hauteskunde urtea du Cebek Bizkaiko patronalak aurten, eta Zuzendaritza Batzordeak bilera egin du gaur hauteskunde prozesuko egutegia eta arauak onartu asmoz. Bilera horretan bertan jakinarazi dio Carolina Pérez Toledok zuzendaritza batzordeari bere erabakia: egungo presidentea ez da aurkeztuko hauteskundeetara. 2021etik zeraman karguan, eta 2017-2021 agintaldian presidenteorde lanetan aritu zen, Iñaki Garcinuño presidente zela. Bozketa egin arte, baina, "bere lanarekin jarraitzeko borondatea" erakutsi du Pérez Toledok, eta eskerrak eman dizkie bertaratu direnei "gertutasunagatik" eta "lankidetzagatik".
Pérez Toledok alde batera eginda, momentuz hautagai bakarra dago: Nuria Lekue Saratxo (Bilbo, 1972). Galindo gasolindegien negozio familiarraren zuzendaria da Lekue, eta Autonervión kontzesionario sarearen zuzendaritza batzordean ere badago. Bizkaiko patronala ez da ezezaguna berarentzat, egun zuzendaritza batzordeko kide baita, eta beste hainbat entitateetan ere badabil, tartean AEFAME enpresa familiarren EAEko elkartean —zuzendaritza batzordeko idazkari gisa—, Bilboko Ganberan —batzordekide bezala—. Estaserbi Bizkaiko gasolindegi elkartearen presidentea ere bada.
Hautagaitzak aurkezteko epea zabalik izango da martxoaren erdialdera arte. Aurtengo batzar orokorra eta hauteskundeena, berriz, maiatzaren 14an izango da Bilboko Euskalduna Jauregian. Bilera horretan Batzar Orokorra —150 kide—, zuzendaritza batzordea —32 kide— eta erakundeko lehendakaritza berrituko dira.