Absentismoa murrizteko egitasmoa jarri du martxan Cebekek

Helburua dute hainbat enpresetan absentismoan eragiten duten faktoreak aztertu eta konponbideak bilatzea

Atzo egin zuten lehen foroa | Argazkia: CEBEK Atzo egin zuten lehen foroa | Argazkia: CEBEK

Bizkaiko enpresarien elkartea den Cebekek egitasmo bat jarri du abian absentismoaren problematikari erantzun bat emateko. Cebekek azpimarratu du EAE dela estatu mailako absentismo tasa handiena duen lurraldea. Duela hamar urterekin alderatuta, hamaika egun gehiago diraute bajek; urteko 22,29 egun, alegia.

Bizkaiko patronalak adierazi du aurre egin behar diotela azken aldian pil-pilean dabilen absentismoaren gaiari, instituzioekin eta beste hainbat agenterekin elkarlanean, eta gehitu du kontziente direla absentismoan “kanpoko faktore askok (enpresa guztientzat berdinak) eta barneko faktore askok (enpresa bakoitzean espezifikoak) eragiten dutela”. Horregatik, Bizkaiko enpresak laguntzeko proiektua jarri dute martxan. Helburua enpresa bakoitzean absentismoan eragiten duten barne arazoak identifikatzen laguntzea da, eta aldi berean, baliabideak aurkitzen saiatzea arazo horiek txikitzeko.

Hala, iraileko hilabete osoan zehar galdetegi bat bete zuten Cebekeko bazkide diren enpresa batzuek. Lortutako emaitzak ulertu, azaldu, eta konponbideak martxan jartzeko adituez osatuta dagoen foro bat jarri du abian patronalak. Lehenengo saioan (urriaren 15ean) absentismoaren inguruko funtsezko kontzeptuen gainean aritu ziren; bigarren saioa urriaren 23an burutuko da, eta absentismoa murrizteko ideiak partekatuko dituzte.

Azkenik, CEBEKekoek azpimarratu dute hurrengo hilabeteetan lanean jarraituko dutela Bizkaiko enpresei laguntzen absentismoaren joera murriztu dadin. Gehitu dute konpromisoa hartu dutela Bizkaiko enpresekin, produktiboagoak izateaz gain pertsonen ongizatea bermatzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK