• ENPRESAK GAUR
  • Cebekeko presidente izateko lehian arituko dira Nuria Lekue eta Guillermo Buces

Cebekeko presidente izateko lehian arituko dira Nuria Lekue eta Guillermo Buces

Aldaketa ezean, Pérez de Toledoren ordezkoa izango da Galindo Zerbitzuguneko zuzendaria edota Biolid Industrias Graficako zuzendaria

Cebekeko egungo zuzendaritza batzordeko kide batzuk | Argazkia: Cebek
Cebekeko egungo zuzendaritza batzordeko kide batzuk | Argazkia: Cebek
2025eko apirilaren 15a
Eg. 2025eko apirilaren 15a

Cebek hurrengo presidentearen izena hauteskundeek baieztatu beharko dute, eta "egoera berriari normaltasunez" aurre egiteko prest agertu da Bizkaiko Enpresarien elkartea. Izan ere, lehen aldiz bi hautagai arituko dira postuagatik lehian: Nuria Lekue eta Guillermo Buces. Lehena enpresa familiarra den Galindo Zerbitzuguneko zuzendari nagusia izateaz gain, Estaserbi Bizkaiko Zerbitzuguneen Elkarteko presidente eta orain arteko Cebekeko zuzendaritza batzordeko kide ere bada. Buces, berriz, Biolid Industrias Graficako zuzendari nagusia eta Bizkaiko Arte Grafikoen Elkarteko presidentea da.

 

Sorpresa ezean, buruz burukoa izango da, hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 5era bitarte zabalik badago ere, patronaleko iturriek hainbat hedabideri jakinarazit diete ez dela espero beste inor aurkeztuko denik.

Duela hilabete batzuk jakina da Carolina Pérez de Toledok ez duela presidente izaten jarraituko, hala jakinarazi baitzion Zuzendaritza Batzordeari otsailaren 20an eginiko bileran. 2021etik zeraman karguan, eta 2017-2021 agintaldian presidenteorde lanetan aritu zen, Iñaki Garcinuño presidente zela.

 

Dena den, Lekuek bere burua hauteskundeetara aurkezteko asmoa baieztatu zuen lehenik, eta ondoren etorri zen Pérez de Toledoren atzerapausoa. Gerora jakin da Buces ere aurkeztuko dela.

Bizkaiko patronalaren Zuzendaritza Batzordeak otsailean onartu zituen indarrean dauden estatutuen arabera hauteskunde-prozesu hori arautuko zuten egutegia eta arauak, maiatzaren 14an Bilboko Euskalduna Jauregian ohiko eta hauteskundeetako batzar orokorrak egin arte.

Cebekek ohar baten bidez jakinarazi duenez, bilera horretan Batzar Orokorra berrituko da. Batzar Nagusia Bizkaiko patronaleko kide diren kolektibo guztietako 150 ordezkarik, 32 kidez osatutako Zuzendaritza Batzordeak eta Erakundeko Lehendakaritzak osatuko dute.