CIE Automotivek 320 milioi euroko mozkin garbiak izan zituen 2023an, aurreko ekitaldian baino % 7 gehiago, eta 3.959,5 milioiko fakturazioa eskuratu zuen, 2022an baino % 3,1 gehiago.
Ohar batean, automozio sektoreko enpresak "historikotzat" jo ditu emaitza horiek, eta zifra "bikainak" direla adierazi du, "sektoreko enpresarik errentagarrienetako bat" direla nabarmenduz.
CIE Automotivek 713,2 milioiko EBITDA izan zuen (2022an baino % 12,6 handiagoa). Datu horiei arestian aipatutako 320,2 milioi euroko irabazi garbia ( % 6,7 gehiago) eta 447,4 milioi euroko kutxa operatiboaren fluxua gehitu behar zaizkie.
Balantze horren berri eman ostean, Jesús María Herrera CIE Automotiveko kontseilari delegatuak adierazi duenez, "emaitza bikain horiek agerian uzten dute, beste behin ere, hazkunde errentagarria gure proiektuaren ildo nagusia dela".
Bestalde, Herreraren hitzetan, enpresaren 2025 plan estrategiko oso aurreratua dago "bai finantza-helburuei dagokienez, bai iraunkortasunari dagokionez, eta horrek, datozen urteetarako ditugun aurreikuspen onekin batera, 2025erako gure konpromiso guztiei eutsiko diegula baieztatzeko aukera ematen digu".