La Cocina de Senén, Goxorrubi eta Casa Eceiza saritu dituzte elikagaien berrikuntzako sarietan

Produktua, prozesua, eta merkatuetako berrikuntza sariak lortu dituzte, hurrenez hurren

Saritutakoen argazkiak, Aztiko eta Basque Food Clusterreko ordezkariekin | Argazkia: Basque Food Cluster Saritutakoen argazkiak, Aztiko eta Basque Food Clusterreko ordezkariekin | Argazkia: Basque Food Cluster

BTEM Euskadiko elikagaien berrikuntza sariak baditu 2022ko irabazleak. Basque Food Clusterrek eta Aztik antolatutako merezimenduak hiru irabazle izan ditu: lehenengoa, berrikuntza teknologiko kategoriakoa, La Cocina de Senén prestatutako plateren enpresa gasteiztarra, tortilla bidaiaria delakoagatik —metalezko pote baten barruan merkaturatzen den patata tortilla, alegia—; bigarrena, enpresa berrikuntza kategoriakoa, Goxorrubi marrubi eta bestelako fruta ekologikoko familia enpresa donostiarra, 0 kilometroko eta ekonomia zirkularraren aldeko apustuagatik; eta hirugarrena, merkatuetako berrikuntza kategoriakoa, Casa Eceiza gozogintza enpresa tolosarra, Donostiako benetako gazta tarta delakoa retailean eta online saltzeko egindako lanagatik.

Sari banaketa atzo egin zen, Food 4 Future azokaren testuinguruan, BECen. Bi urtean behin ematen dira, eta aurtengoa hirugarren edizioa da. BTEM sariek helburu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako berrikuntzak aitortu eta aintzat hartzea elikagaien balio-kate osoan jarduten diren enpresetan. Horregatik ditu aipatutako hiru kategoriak: berrikuntza teknologikokoa, kontsumitzaileen behar berriak identifikatzeko gaitasuna saritzen duena; enpresa berrikuntza, prozesuetan berrikuntzak txertatzeko gaitasuna saritzen duena; eta merkatuetako berrikuntza, negozio aukera berriak identifikatzeko gai direnentzat.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK