Enpresek Lanbide Heziketa Dualean parte hartzeko gida sortu du Confebaskek

Aurten ezarri den lege berriak ekarri dituen aldaketak azaltzen ditu gidak

Formazio Dualak lehiakortasuna sustatzen duela adierazi du Confebaskek | Argazkia: iStock Formazio Dualak lehiakortasuna sustatzen duela adierazi du Confebaskek | Argazkia: iStock

Confebaskek gida berria aurkeztu du EAEko Lanbide Heziketa Dual berriari buruz. Enpresei bideratutako tresna berriak helburu du zehaztea zein aldaketa egin diren 2024-2025 ikasturtean, hain zuzen, lege esparru berria indarrean sartu zenetik, “modu arin eta errazean”.

Izan ere, azken ikasturtean zenbait aldaketa izan dira zentroetan. Batik bat, bi berrikuntza izan dira: iraupen laburreko formazioak egiteko aukera eman zaie ikasleei, baita “mikroformazio” horietan urteko edozein unetan matrikulatzeko aukera ere. Horrekin batera etorri da Lanbide Heziketa Dualaren ezarpena: derrigorrezko praktikak desagertu dira, hau da, prestakuntza ziklo horietako ikasleek modalitate dualean egingo dituzte ikasketak.

Egungo lege berrira moldatzen jakiteko egin duten gida euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu du Confebaskek, Hezkuntza Sailarekin duen lankidetza esparruaren barruan; azaldu dutenez, lanbide dualeko modalitatean “enpresa gehiagok parte har dezaten” bultzatu nahi dute.

Prentsa oharrean gaineratu dute formazio mota horrek lehiakortasuna hobetzen duela, enpresak dituen beharretarako "berariaz prestatutako talentu gaztea sartzen baita”, eta, hala, “kalitatezko enplegua” sortzen baita.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK