Confebaskek azaldu du ez direla beherapen fiskal bat planteatzen ari Jaurlaritzari

Tamara Yagüe gaur hitzartuko da lehendakariarekin eta bilera baino lehen adierazi du euren proposamen fiskalarekin ez direla pribilegioak eskatzen ari

 Tamara Yagüe Confebaskeko presidentea patronalaren 40. urteurrenean | Argazkia: Confebask Tamara Yagüe Confebaskeko presidentea patronalaren 40. urteurrenean | Argazkia: Confebask

Imanol Pradales lehendakaria gaur bilduko da Confebaskekin, legegintzaldi hasieran egiten ari den erronda bileraren baitan. Joan den astean, patronalak 15 neurri fiskal proposatu zituen EAEren lehiakortasuna indartzeko. Hitzordua baino lehen, Tamara Yagüe elkarrizketatu dute Radio Euskadin, eta Confebaskeko presidenteak adierazi du EAEren garapenaren alde lan egiteko lankidetza eskainiko diotela Pradales lehendakariari, eta euren proposamen fiskalarekin ez direla "pribilegioak" eskatzen ari.

Yagüek nabarmendu du oraingoz ez dutela ofizialki erantzunik jaso 15 neurri biltzen dituen proposamen fiskalari buruz. Adierazi duenez, denbora daramate euren planteamenduak erakundeei helarazten. Lehendakariak kontuan hartzeko nahia azaldu ostean, azpimarratu du euren neurriek erkidegoaren hazkunde ekonomikoa sustatzea eta jarduera jasangarriagoa izatea dutela helburu.

Patronaleko presidenteak gogorarazi duenez, ez dira beherapen fiskala planteatzen ari, diru gehiago biltzeko beste modu bat proposatzen baizik. EAEn lan egiteko, bizitzeko, inbertitzeko, hazteko eta EAEko herritarren ongizatea babestu ahal izateko egoera fiskal interesgarri bati buruz hitz egiten ari direla azaldu du.

Halaber, Sozietateen gaineko Zergaren gutxieneko tributazioa %17tik %15era murriztea eta Ondarearen gaineko Zerga kentzeko proposamen bidez, ez direla ari modu pribilegiatu batean tratatzea eskatzen ari azaldu du. Yagüeren arabera, 2008ko krisitik gaur egun arte Euskal Autonomia Erkidegoa Europako herrialde batzuk baino gutxiago hazi da, baita Espainiar estatuko erreferentziazko erkidego jakin batzuk baino gutxiago ere. Hori dela eta, kontzertu ekonomikoa erabiltzeko unea dela uste du, lurraldearen hazkundea eta lehiakortasuna sustatzeko.

Lan gatazkei dagokienez, jakinarazi du beti egongo direla prest elkar ulertzeko. Yagüeren esanetan, hitzarmen askotara iristen dira grebarik egin behar izan gabe, eta uste du lan gatazkek etorkizuneko inbertsioak EAEn ez egitea eragiten dutela. Bestalde, elkarrizketa sozialari balioa eman dio, eta uste du mahai batean esertzen ez denak ezin duela esan elkarrizketa soziala ona edo txarra den.

Bestalde, CEOErekin bat dator, izan ere, etengabe leporatzen diete enpresei "ia esplotatzaileak" izateaz, eta, lanaldiaren murrizketaren negoziazioaren aurrean, Espainiako Gobernuaren malgutasun eza salatu du.

Lan absentismoa ere izan du hizpide, eta gogoratu du EAE Espainiar estatuan liderra dela eta arazoa zein den aztertu behar dela. Era berean, lurraldean etorkizunean lan egiteko 400.000 pertsona faltako direla aipatu du, eta horregatik talentua erakartzean eragin behar dela uste du. Asko kezkatzen dion gai bat dela adierazi du, eta herri estrategia bat behar dela horri aurre egiteko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK