Construcciones Olabarri, 40 urte baino gehiagoz eraikitzen

Bilbon kokatutako enpresak eraikuntzak, birgaitzeak, industriarako obra zibilak eta beste hainbat azpiegitura egiten ditu, eta etxebizitza promozioak eskaintzeaz ere arduratzen da

Zamudioko SPRIko egoitza | Argazkia: Construcciones Olabarri Zamudioko SPRIko egoitza | Argazkia: Construcciones Olabarri

1980an eratu zenetik gaur arte gutxienez hiru krisi ekonomiko gainditu ditu Bilboko enpresak. Halaxe azaldu du Idoia Olabarri egungo gerenteak. Bere aita Jose Luisek sortu zuen enpresa, “euskal industriaren enpresa laguntzaile gisa, Bizkaiko Labe Garaiak eta La Navalentzat batez ere”. Hasi eta hiru urtera ordea (1983), Euskal Herrian eta bereziki Bizkaian izandako uholdeek enpresako jardueraren hedatzea ekarri zuten. Izan ere, uholdeek eraikin zein azpiegituretan eragindako txikizioa konpontzeko erreparazioa lanetan aritu zen Construcciones Olabarri: “orduan hasi ginen konkurtso publikoetan lizitatzen, eta baita enpresa pribatuekin lanean ere”.

43 urteotan merkatuaren askotariko egoeretara egokituz, krisi bakoitzean bizirauteko merkatu nitxo bat bilatu dutela adierazi du gerenteak. Hortaz, eraikuntza arloan askotariko jarduerak burutu dituzte: ”industria sektorean obra zibilak, eraikuntzak, promozio propioak, babes ofizialeko etxebizitzak, parkeen eraikuntza eta ustiaketa, fatxadak birgaitzea eta mantentze kontratuak egiten ditugu”.

1983an Bizkaian izandako uholdeek enpresako jardueraren hedatzea ekarri zuten. Izan ere, uholdeek eraikin zein azpiegituretan eragindako txikizioa konpontzeko erreparazioa lanetan aritu zen Construcciones Olabarri

Iaz, esaterako, inflazioa eta lehengaien kostu altuak medio, obra publikoetan lan gutxi egin zuten, konkurtso publikoen prezioak eguneratu gabe baitzeuden: “2022an ez dugu apenas lizitazio publikoetan lehiatu, promozio propioak izan dira gure babesleku”. Dena den, eurentzat onena bezero mota bakarrean zentratu beharrean, aipatutako jarduera mota guztietan jarraitzea izango litzakeela aitortu du gerenteak.

Krisi batetik bestera

Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta hainbat udaletxez gain, Construcciones Olabarriren bezeroak dira Spri, Osakidetza, Quirón, Lidl eta Sidenor, besteak beste. 70 langile dira denera, obrako peoi, igeltsero eta kofratzaile, baita arkitekto eta ingeniariak ere. “Teknikari guztiak BIM teknologiako formakuntza dute. Horren bidez, exekuzio fasean gerta daitezkeen desbideratzeak ekiditen ditugu. Gainera, gure langile guztiek segurtasun, kalitate eta ingurumenaren aldeko erabateko konpromisoa dute”, nabarmendu du gerenteak. Are gehiago, langile guztiak enpresaren kontratupean daudela ere azpimarratu nahi izan du Olabarrik. “Eskulan eskasia dagoen garai honetan balio erantsia da guretzat, segurtasuna ematen digu bezeroarekin konprometitzerako orduan”, gaineratu du.

Sektoreak propio duen ziurgabetasunak ez du enpresaren azken urteetako fakturazioan aldaketa askorik eragin —20 milioi euro ingurukoa da urteroko fakturazioa—. Hala ere, pandemiarekin hasi eta Ukrainako gerrak luzatu duen krisi ekonomikoak ondorio latzak utzi dituela onartu du Olabarrik: “kontratu askotan nabaritu dugu prezioen igoera, eta egun hain altuak ez izanda ere, oso ezegonkorrak dira. Konkurtso publiko ugari esleitu gabe geratu dira eta inbertsioa pribatu asko ere gelditu egin dira, ez baitago obraren kostu osoari aurre egiteko inbertsio nahikorik”. Hori gutxi balitz, enpresa buruaren iritziz, interes-tasen gorakadak ere inbertsio pribatu eta etxebizitza promozioak geldiarazi ditu.

Idoia Olabarri: “Kontratu askotan nabaritu dugu prezioen igoera, eta egun hain altuak ez izanda ere, oso ezegonkorrak dira. Konkurtso publiko ugari esleitu gabe geratu dira eta inbertsioa pribatu asko ere gelditu egin dira

Edonola ere, urte hauetan guztietan hainbat proiektu esanguratsu burutzeko gauza izan dira, aipatzekoa esaterako, “gure produktu ezagunena akaso” Bilboko Teatro Camposen birgaitzea. “Bilbok azken 40 urteetan izan duen aldaketaren partaide edota agente kolaboratzaile izan gara. Obra asko egin ditugu hirian eta bere garaian Bilbao Ría 2000 proiektuarentzat lan asko egin genuen”, gehitu du. Halaber, orain dela gutxi Txagorritxu ospitaleko fatxadaren birgaitzea eta Bilboko Albia eraikinaren fatxada eta barrualdearen obra amaitu berri dituzte.

Emakume gutxi oraindik

Gizonak gehiengoa diren sektoreetan segur aski gailena izango da eraikuntzarena. Ane Alonso Bizkaitar arkitektoak landutako Mujeres a pie de obra ikerketaren arabera, eraikuntza enpresetan %8 baino ez dira lan egiten duten emakumeak, eta %1 soilik obretan lan egiten dutenak. Honi buruz galdetuta, Olabarrik emakumearen presentzia handiago bat sumatu duela esan du. 1992an sartu zen bera enpresan eta hasiera batean bileretan emakume bakarra zela dio. Orain berriz, egoera zertxobait aldatzen ari dela uste du: “Obran zuzenean agian ez baina beste zenbait arlotan gero eta emakume gehiagorekin topatzen naiz, prebentzio zerbitzuetan edota kontrol teknikoko erakundeetan, esaterako. Emakumezko geroz eta arkitekto eta ingeniari gehiago daudela uste dut”, azaldu du.

Digitalizazioa eta formakuntza

Eraikuntza sektoreko langile orok Administrazio Publikoa, ingurumena, jasangarritasuna, instalakuntzak, energia iturriak, teknologia berrien eta beste hainbat esparruren legeria eta arautegi mordoa ezagutzeko premia dela eta, etengabeko formakuntza eman beharra du enpresak, eta etorkizunera begira horretan inbertitu nahi du. “Protokoloak ezarri nahi ditugu ezagutza guztia ondo kontrolatzeko eta etorkizunean jazo daitezkeen intzidentzien aurrean egoki jokatzeko”.

Digitalizazioa da enpresaren etorkizuneko beste ardatz nagusia. Prozesu administratibo zein burokratikoak laburtu eta egungo tendentzia teknologikoetara egokitu nahi du Construcciones Olabarrik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK