Zerbitzuen dibertsifikazioa bilatzen du Indesak, desgaitasuna duten pertsonen aukerak handitzeko

Arabako enplegu zentro bereziak bere lehen plan estrategikoa onartu berri du

Argazkia: Indesa Argazkia: Indesa

Indesak, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politikako departamentuak sorturiko enplegu zentro bereziak, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa eskaini nahi die dibertsitate funtzionala duten pertsonei, euren erabateko inklusio soziala eta laborala bultzatu asmoz. Are gehiago, egun langileen %90k dute desgaitasunen bat. Bide horretan zenbait pauso emateko bere lehen plan estrategikoa onartu berri du Indesako Administrazio Kontseiluak. 2025-2030 epealdian izango da indarrean, eta enpresen negozio-eredu soziala indartzeko helburua izango du, baita etorkizuneko erronketara egokitzea ere. 

Ohar bitartez jaso dutenez, planak hiru helburu nagusi ditu, gizarte-inpaktuaren, eragiketen iraunkortasunaren eta pertsonekiko konpromisoaren arteko orekan eraiki dena. Batetik, zerbitzuen dibertsifikazioa eta zabaltzea bilatzen du, desgaitasuna duten pertsonen beharretara eta nahietara egokituriko enpleguak sortuta. Egun enpresa publiko zein pribatuei eskaintzen dizkie zerbitzuak, hala jarduera industrialean, nola sukaldaritza, garbiketa edota garbiketa bezalako esparruetan. Bestetik, Indesako prozesuen modernizazioa egin nahi du, baita bezeroei eskaintzen dizkien zerbitzuen kalitatea hobetzea ere. Azkenik, pertsona guztien garapena bermatuko duen lan eremua sortu nahi du, baita enplegua erakarri ere. Azken bi horietan ikus daiteke enpresak helburu soziala ez duela alde batera utzi nahi.

Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatu eta Indesako Administrazio Kontseiluko presidenteak azaldu duenez, plan hau "barne eta kanpo azterketa sakon baten emaitza da, eta erakundearen indarguneak eta ingurune aldakor batean dituen erronkak identifikatu ditu".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK