E28: enpresek aniztasuna bermatzeko ordua

Otsailean onartutako trans legeak enpresetan aniztasuna bermatzea eta LGTBI pertsonen bazterketari aurre egiteko neurriak ezartzen ditu. Eragileek legeak aurrerapausoak ekarri dituela uste badute ere, oraindik gutxi dira neurriak ezarri dituzten enpresak

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Testuinguru gazi gozoan murgilduta dator LGTBI harrotasunaren eguna. Europa astindu duen eskuin muturraren oldarraldian iritsi da ortzadarraren mugimenduaren eguna. Viktor Orban eta Mateusz Morawiecki Hugaria eta Poloniako lehen ministroen gobernuen lege homofoboei Italiakoak gehitu zaizkie. Georgia Meloniren gobernuak familia homosexualen eskubideak onartu berri ditu. Espainiar estatuan Vox alderdi ultraeskuindarrak LGTBI pertsonen eskubideak murrizteko neurriak baldintza gisa jarri ditu PPrekin burutu dituzten negoziazioetan. Mehatxuak mehatxu, Hego Euskal Herrian bada aurtengo Ekainaren 28ari zapore gozoa ekarri dion aldaketa garrantzitsua: otsailaren 23an Diputatuen Kongresuak onartutako Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI eskubideen bermerako Legea, trans legea bezala ezagutzen dena.

Trans pertsonen eskubideen alorrean aurrerapauso nabarmenak ekartzeaz gain, legeak trans eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko enpresek betebeharreko baldintzak ere jasotzen ditu. Hala, eremu publiko eta pribatuetan diskriminazio mota guztiak prebenitzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko berariazko neurriak aurreikusten ditu. Era berean legeak LGTBI pertsonek gizarte-bizitzako esparru guztietan parte hartzea eta haien inguruan eragin negatiboa duten estereotipoak gainditzea aurreikusten du. Legeak 50 langile baino gehiagoko enpresei LGTBI pertsonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko neurri eta baliabide planifikatuak izateko beharra ezartzen die. LGTBI pertsonen aurkako jazarpenari edo indarkeriarik egonez gero arreta emateko jarduera-protokolo baten beharra ere nabarmentzen du legeak. Legea onartu eta urtebete dute enpresek araudiak ezartzen dituen plangintzak eta protokoloak ezartzeko.

Aurrerapauso garrantzitsua

Legearen onarpena aurrera pausu garrantzitsua izan da LGTBIQ+ kolektiboko kideentzat. Horrela uste dute Alf Setiey Muñoz eta Iren Ibisate Cuartero Bilboko Anitzak elkarteko kideek. LGTBIQ+ kolektiboaren berdintasuna lortzeko sortutako proiektua da Anitzak, urtean zehar formakuntza, aldarrikapen eta sentsibilizazio kanpainak eginez. Setieyk eta Ibisatek EnpresaBIDEAri azaldu bezala, "legea aurrerapauso handia da, bere garaian enpresetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarria lortzeko planak ezartzeak suposatu zuenaren modukoa". Orain arte LGTBIQ+ pertsonentzat berariazko protokoloak ezartzea borondatezkoa zela nabarmentzen dute Anitzakeko kideek, eta "honek ia kasu guztietan geldotasuna, eskubideen urraketa eta tresna juridikoen gabezia ekartzen zuen. Oso agerikoa zen, batez ere, trans pertsonei egindako jazarpenetan edo haien datu pertsonalen trataeran".

Inklusiorako eta eskubideen berdintasunerako borrokan mugarritzat hartzen dute legea Setiey eta Ibisatek: "Aurrerapauso erraldoia da trans pertsonen eta, oro har, LGTBI komunitatearen eskubideen onarpenerako eta babeserako". Anitzakeko kideak jakitun dira legeak jasotzen dituen planak eta neurriak osotasunean ezartzeak denbora eskatzen duela, baina argi dute "legearen onarpenak berak balio duela berdintasuna eta errespetua negoziagarria ez dela gogorarazteko. Jada ez daude edozein enpresa, erakunde edo pertsonaren borondatearen menpe. Orain legeak lege oinarri sendoa ezartzen du, erakundeak eta, gizartea oro har, behartzen dituena pertsona guztien eskubideak eta aukeren berdintasuna bermatzera, genero edo sexu aukera edozein izanda ere". 

Anitzak elkartea: "legea aurrerapauso handia da, bere garaian enpresetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarria lortzeko planak ezartzeak suposatu zuenaren modukoa"

Legearen garrantziarekin bat dator Gurutze Mendizabal Mujika Emuneko aholkularia. Euskara eta berrikuntza sozialaren alorrean dihardu Emunek, genero berdintasuna eta aniztasunaren eremuetan lan eginez, besteak beste. Mendizabalen ustez trans legeak aurrerapausoa suposatzen du "ikusgarritasuna eman diolako errealitate bati eta enpresetan gaia mahai gainean jartzeko aukera ekarri duelako". Emuneko kidearen iritziz, baina, oraindik bada zer egin: "edozein gai sozial moduan lehenengo pausoa ematen laguntzeko baliabideak eta tresnak eskura izatea beharrezkoa da" eta horretarako, "enpresa barruan gaiaz arduratuko den pertsonari behar besteko denbora eta aukerak eskaintzea gaiari heltzeko. Eta erabakiak hartzen laguntzeko ondoan pertsonak baditu, askoz hobeto".

Legearen ezarpen osorako bide luzea oraindik  

Legearen onarpen bera mugarria bada ere, benetako ezarpenerako bide luzea gelditzen dela uste dute Alf Setiey eta Iren Ibisatek: "Gaur egun, ia enpresa bakar batean ere ez da urratsik egiten ari protokoloekin, batez ere, ez delako beharrezko erregelamendu bidezko garapenik egin enpresek zer eta nola egin behar duten jakiteko". Legea onartu ostean, Berdintasun Ministerioak beste lehentasun batzuk izan zituen, eta ez zuen araudia garatu. Hilabete batzuk beranduago hauteskunde orokorren deialdia etorri zen, eta horrek garapena eten zuen. Indarrean sartu zenetik legeak urtebeteko epea ematen zien enpresei plangintzak garatzeko. Epeak epe, Setieyk eta Ibisatek uste dute 3 eta 5 urte bitartean beharko direla legea modu eraginkorrean aplikatzeko. 

Trans pertsonen % 68,2 lan eremuan bere genero indentitateagatik baztertuta sentitzen da

Enpresek, gaur-gaurkoz, harrera hotza egin diote legeari. Hala uste dute Anitzakeko kideek: "ezagutzen ditugu legea ezartzeaz hitz egiten hasi diren enpresak, baina erregelamendua ez denez garatu, gatza da enpresek zer egin behar duten jakitea. Egia da interesa adierazi dutela eta enpresa batzuen agendan badagoela, baina araua behar bezala osatu arte eta, egin beharrekoa xehe ezagutu arte, ezingo da indarrean ezarri".

Informazio gehiago Sindikatuek bat egin dute LGTBIQ+ mugimenduaren aldarrikapenekin

Antzerako ikuspegia du Mendizabalek. Bere ustez "legeak ez du izan, momentuz, erantzun handirik enpresen aldetik", baina argi du "enpresan gai sozialak kudeatzen ibilbide bat duten enpresak prest daudela gairi buruz hitz egiteko. Esate baterako, euskararen normalizazioan eta genero berdintasunean ibilbide bat egin duten enpresentzat aniztasunari heltzea errazago planteatu dezakete, badakitelako gai sozialak lantzeko gakoak zeintzuk diren".

Bazterketa lan munduan

LGTBI kolektiboaren barnean Trasn pertsonen egoera zaurgarrienetakoa da. Lan merkatua horren isla ere bada. Espainiako Berdintasun Ministerioak 2022an egindako Trans pertsonen lan eta gizarte eremuan txertatzeari buruzko ikerketa baten arabera, trans pertsonen % 68,2k lan esparruan bere genero identitateagatik baztertuak izatea salatzen du. % 23,2k lan hautaketa prozesuaren baitan, eta % 45k lana eskuratu ostean. Hala galdetutako pertsonen % 35k baino ez zuten kontratu mugagabea. Ikerketak argi azaltzen du asko dagoela egiteko lan eremua ingurune segurua bihurtzeko: % 62k baino ez du publikoki azaldu trans pertsona dela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK