EAEko enpresa berritzaileen ehunekoa 6,4 puntu hazi da azken sei urtetan

Hazkunderik handiena 50etik 99ra bitarteko langileen enpresetan eman da, %8,3ko igoerarekin

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Geroz eta enpresa berritzaile gehiago daude Euskal Autonomia Erkidegoan. Confebasken azken newsletter-aren arabera, 6,4 puntu hazi da 2018aren aldean, eta hazkundea enpresa tamaina guztietan gertatu da, handienetan izan ezik, horietan %5,5 jaitsi baita. EAEko enpresa berritzaileen ehunekoaren igoerarik handiena 50etik 99ra langilera bitarteko enpresetan izan da, %8,3ko hazkundearekin, 10 eta 49 langile dituzten enpresetan %7,2koa izan da, eta hamar baino langile gutxiago dituzten enpresetan, %6,3.

EAEko patronalaren arabera, enpresen %4,2k berrikuntza jarduerak egiten dituzte, baina alde handia dago enpresaren tamainaren arabera. Hala, 100 langile eta gehiagoko enpresen %54,5 berritzaileak dira, 50 eta 99 langile bitartekoen %50aren aldean, eta ehunekoa nabarmen jaitsi da 10 eta 49 langile bitartekoetan (%34,8) eta 0 eta 9 langile artekoetan (%22,8).

Produktuaren berrikuntzari dagokionez, zifrek erakusten dute enpresa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta joera handiagoa duela produktuan berritzeko. Horrela, enpresa txikienen %10,4k bakarrik berritzen du produktuetan, eta handienen %36,4k. Era berean, enpresa txikienen %20,5ek prozesuan berrikuntzak egiten dituzte, eta enpresa handienen kasuan, berriz, %45,5ek.

Berrikuntzako inbertsioari dagokionez, dimentsioaren garrantzia ere egiaztatzen du txostenak. Zenbat eta handiagoa izan, orduan eta ahalegin handiagoa egiten du. Enpresaren tamainaren arabera, alde handia dago 100 langile eta gehiagoko enpresen eta tamaina txikiagoko gainerako enpresen artean.

100 langile eta gehiagoko enpresek 7.089 euro inbertitu zituzten 2022an, 50 eta 99 langileko enpresek baino bi aldiz gehiago (3.208 euro), 10 eta 49 langileko enpresek baino ia hiru aldiz gehiago (2.497 euro), eta 0-9 langileko enpresek baino ia bost aldiz gehiago (1.526 euro).

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK